Pintoreak

Barroeta Anguisolea, Juan de

Pintore bizkaitarra, XIX. mendeko euskal pinturako lehen pertsonaia nagusien artean kokatzen da. 1835eko urriaren 10ean jaio zen Bilbon eta bere sorterrian zendu zen 1906ko apirilaren 10ean.

Hamabost urterekin Madrilera mugitu zen San Fernando Arte Ederren Eskolan ikasketak egiteko xedez. Arte-zaletasuna Ernesto Aguirre, Eduardo Rosales, Casado del Alisal, Eduardo Victoria de Lecea, Vicente Palmaroli, Marcos Jimenez de la Espada, Alejo Vera eta Amos Escalante lagunekin partekatu zuen. Hainbat lagunekin batera El Precursor izeneko argitalpena sortu zuten.

1855ean Erromako barnetegiko plaza bat eskuratzeko oposizioetara aurkeztu zen. Dena den, ez zuen plaza hori eskuratu, izan ere, bere lagun eta adiskide Jose Casado del Alisalek bereganatu zuen. 1856an Madrilen egin zen Arte Ederren Lehen Erakusketa Nazionalean parte hartu zuen, bere obra zenbait hautatuta. Orotara, lau obra aurkeztu zituen (horietako hiru erretratuak). Hala, La resurrección de Lázaro izeneko margolanari esker hirugarren mailako domina eskuratu zuen. Garaian nagusi zen gustu historizistari omen egiten dion margolan hori Espainiako Estatuak bereganatu zuen eta Madrileko Arte Modernoko Museoan paratzen da.

Hiru urte beranduago, 1859an, Erromako barnetegian sartzen saiatu zen berriro, baina ostera ere zorterik izan gabe. Atsekabeturik, urte hartan bertan itzuli zen Bilbora.

Motibo historiko eta paisajista gisa pintore handia izateaz gain, Juan de Barroetak aldizkari askotan kolaboratu zuen eta Roberto eta Fausto operetako bozeto eta dekorazioak egoki eta gustu handiz egin zituen. Zenbait kargu ofizial ere bete zituen.

Honatx bere obra azpimarragarrienak: La despedida de Cayo Graco,1859an pintatu zuena; Chindasvinto y Leovigildo, 1865ean Espainiako erregeen serie kronologikorako egindako erretratuak; Alegría de la República, 1873an Bilboko Udalak eskatuta egindako margolana; gerra zibilari buruzko obra zirraragarrien bilduma bat, 1874an eginak gudako gorabeheren lekuko izan ziren agertokietan; Espainiako Alfontso XII.a erregearen erretratua, 1875ean Donostian pintatu zuena; Egaña, Lersundi eta Novia de Salcedoren erretratuak, 1883an Bilbon eginak Bizkaiko Foru Aldundiak hala eskatuta; Karmengo Andre bat eta Fidel de Sagarminagaren erretratu bat. Ama Birjina "Isabel Infanta" gurutze-ontzian paratu zuten eta erretratua Foru Aldundiak eskatuta burutu zuen; biak 1896koak dira.