Eskultoreak

San Pedro, Pedro Gonzalez de

XVI. eta XVII. mendeko eskultorea, Cabredoko bizilaguna (Nafarroa). Nafarroan, Miguel de Anchietaren ikaslea izan zela uste da.

Iruñeako eta Kalagorriko erretaula nagusiak egin zituen. 1952an, Tafallako Santa Maria elizako erretaula nagusian parte hartu zuen, Juan de Anchieta hil zenean, eta urte horretan, Ambrosio de Bengoechearekin batera, Cascanteko Jasokundearen elizako erretaula nagusian lan egin zuen. Nafarroako herri horretan bertan, alboetako bi aldareak ere egin zituen, bakoitza estatua banarekin. 1600ean, Cabredoko erretaula egin zuen (Nafarroa), eta Azuelokoa (Nafarroa), XVII. mende hasieran. Muskitzekoa (Gesalatz) eta Jaitzekoa ere egin zituela uste da (biak Nafarroan daude). 1601an, Lagrango elizako erretaula nagusia tasatu zuen, eta 1614an, Paganoseko elizak haren kontrako auzia abiarazi zuen, arrazoi ezezagunak direla eta. Ekorako (Araba) San Juan Bautista parrokiako erretaula nagusia egin zuen eskultoreetako bat izan zen, eta 1601 eta 1618 artean burutu zuen. Emilio Enciso Vianak (Gasteizko Diozesiaren Monumentu Katalogoa, I. lib., 165. or.) uste du santutegiaren atea eta ebangelarien eta doktoreen erliebeak harenak direla, erretaula horretako obrarik landuenak baitira.

Erref. Gasteizko Diozesiaren Monumentu Katalogoa, I. eta II. lib.