Kontzeptua

Silbotea

Silbotea txistu-handia izenaz ere (neurri askoz ere txikiago batean) ezagutzen den musika-tresna da, hots, txistuaren baxua. Txistulari-banda klasikoa lau musikarik ostazen dute: bi txistu (lehen eta bigarrena), silbotea eta atabala/perkusioa. Silbotea txistua baino bostun bat beherago afinaturik egoten da normalean, eta bere neurria hura baino handiagoa izanik, ezin da bakarrik esku batez jo. Izan ere, txistuarekin gertatzen ez den bezala, jotzeko teknikak hemen derrigorrez ekatzen du bi eskuen erabilpena, eta beraz interprete berak ezin du danbolina ere batera jo.

Lehen erreferentzia idatzita XIX. mendeko hasierakoak dira, eta Humboldt paperak deituriko dokumentuan agertzen dira. Izan ere, Wilhelm von Humboldtek eskatu omen zituen gutxi gorabehera 1802an euskal musikazko erreferentziak eta egile anonimo batek -ustez, Juan Antonio Moguelek- bidali omen zion eskuizkribu bat, De la Música en el País Vascongado izenekoa, adibide musikal batzuekin batera. Hor agertzen diren adierazpenen arabera, egileak oso ongi ezagutzen zuen txistua eta bere giroa, baita musika eruditoaren ezaugarriak ere, eta beraz oso irizpide interesgarriak ematen dizkigu gai honi buruz.

Eskuizkribu horretan aipatzen da nola txistuek (solen afinaturik), polifonia egiteko, erabiltzen zutela beste silvo mayor, kapera tonuan (don, beraz, txistuaren bostun bat beherago), azken honek bigarren ahotsa eginez. Ziur aski esan nahi zuen bigarren ahots erabat independiente bat egiten zuela, bigarren txistuak hirudunak besterik ez baitzituen egiten, Denbovski printzeak (1841:509) urte batzuk geroago esango duen bezala. Hori gutxi izango balitz, paper hauetan, beste partitura batzuen artean, Silbote izeneko bat ere aurkitzen dugu -izen honen lehen erreferentzia idatzita tenore honetan-. Hona hemen:

Partitura gutxienez bitxia da: Humboldt paper hauetan agertzen da silbotea tradizioaren bidez heldu zaigun bezala, hots, baxuaren papera eginez. Baina adibide honen ezaugarri batzuk (mordenteak, figura oso azkar batzuk) eta giro orokorrak pentsarazten gaitu bakarlari edo musika-tresna nagusi moduan jotzeko dela, eta XVIII. mendeko txisturako minuetoekin antza handiz gainera. Hala ere, bere tesitura, erregistro eta tonua ezin egokiagoak dira silbote batek -edo txistu batek- jotzeko.

Aita Donostiak (1952:264), beste alde batetik, Bilboko bi erreferentzia aipatzen ditu, bata 1828koa -silbote musikariak 600 erreal kobratu zituen, kopuru hau batere ez baztergarria- eta 1829koa bestea , non silvateri 240 erreal ordaindu zizkioten. XIX. mendearen erdialdean badugu beste aipamen bat, arestian aipaturiko Carlos Denbovski Printzearena. 1840n, izan ere, Azpeitian ikusitakoa deskribatzen duenean, aipatzen du egun nagusietan ohiko bi txistulariei gehitzen zitzaiela silbato, soinu baxu zuen flauta bat, eta beste danbor bat, atabala segurutik. Hala eta guztiz ere, silbotearen erabilera ez omen zen oso ohikoa, eta zentzu honetan aski adierazgarria da garai honetako dantza eta txistuari buruz gehien idatzi zuten egileek -hala nola Iztuetak edo Larramendik- ez zutela aipatu, ezta Larramendiren Hiztegian ere.

Silbote izena, dirudienez, gaztelaniatik dator, eta silbo hitzaren handigarria da. Garai honetan, izan ere -XVIII. mendearen bukaera eta XIX. mendearen hasiera- klase altuen moda bukolikoak eta eragin ilustratuak bultzaturik, txistuaren munduan ahalmen handia egin zen musika eruditora hurbiltzeko. Honen ondorioz, bai instrumentua beraren bai interpretatzaileen izena ere saiatu ziren aldatzen gaztelaniazko izenak hartuz. Jendeak orduan danbolin, txuntxunero eta beste antzeko hitzak, euskaraz eta danborrari buruzkoak erabiltzen baldin bazituen, txistu jotzaileek silbo izena nahiago zuten, gaztelaniaz eta gizarte-maila altuagoa zuen aerofono batena erabiliz. Prozesu honetan sartu behar da, duda handirik gabe, silbotearen sorrera, polifonia handitzeko balio izaten baitzuen, musika eruditoaren eredua hobeki segitzeko (Sánchez Ekiza 2000).