Kontzeptua

Jaurgoa

Jaurgoa balio anitzeko hitza da, izan ere, ez dagokio arlo juridiko eta instituzionalari soilik. Jaunaren Erregimena esaten zaion horren barruan sartzen diren jarduera guztiak baitaratzen ditu. Hitz horren inguruan hartako titularraren eta era batera edo bestera hartan barneratzen diren pertsonen arteko askotariko harremanen (ekonomikoak, sozialak, politikoak, ideologikoak eta mentalak) sistema bat egituratzen da.

Ekonomikoki, jaunek langileengandik edo bere jaurerriaren mende dauden gizasemeen eskutik hainbat errenta lortzeko modua da. Sozialki, haien aldeko gizarte-hierarkia irudikatzen da. Baina, era berean, gatazka uneetan jaurerriaren heterogeneotasun soziala baitara dezake jaurgoaren aurkako mugimenduen aurrean (Oñatin 1388an, Lesakan 1358an) . Politikoki, jaurerria bera akats gehiegi dituen sistema juridiko eta administratibo nagusiaren ondorioz banatu beharreko boterearen adierazpen gorena da. Ildo horretatik, botereko taldeen arteko aurkakotasunek hainbat ondorio izan ditzakete, hots, botere gehiago eskuratzea ala isolamenduan geratzea, lehian diren sektore politikoekiko hurbiltasun-mailaren arabera. Ideologikoki eta mentalki, jaurerrian oinarritutako gizarte-ordena mantentzeko lagungarri izan ziren, instituzio hura zalantzan jartzen ez zuten ideologiak hedatu eta zabalduz. Horrenbestez, normala da tokiko elizei laguntza ekonomikoa ematea edo elizako auzietan nahiz haien onurako sistemetan pertsonalki esku-hartzea.

Horrenbestez, jaurerriak errealitateari buruzko gogo-irudi baten sorrera irudikatzen du. Erreferentziazko alde garrantzitsu izan zen erdi aroko gizartean eta halaxe izaten jarraitzen du gizarte modernoan. Adierazi ditugun osagarriak agian ez ziren aldi berean gertatu eta, are, jaurgo ezberdinetan ez ziren guztiak gertatu. Soilik lurraldekoak diren jaurgoak aurki daitezke edo funtzio jurisdikzionalak baino ez dituzten jaurgoak. Edozein kasutan ere, eta konplexutasunak konplexutasun, jaurgo hitzarekin bi adiera jaso eta azaleratu nahi dira funtsean: jabetza eta boterea. Bi hitz horietan gordetzen diren kontzeptuekin aski dute irakurleek jaurgoaren esanahiari buruzko irudi nahikoa zehatza jasotzeko. Jaurgoaren titulartasuna da hartan barneratzen direnengan izaten den boterea adierazteko modurik argiena, bai ikuspuntu ekonomikotik eta baita ikuspuntu juridiko edo politikotik.