Kontzeptua

Gatzaren matxinada

1631tik 1634ra bitartean Bizkaian, batez ere Bilbon, gertatutako herri-matxinada izan zen, Espainiako koroak gatzaren inguru zerga ezarri zuelako. Izan ere, zerga horrek Euskal forua urratzen zuen, hartutako neurria kontraforua baitzen.

1586an hasi zen depresio handiaren ostean, Espainiako koroak zailtasun finantzario, militar eta sozial larriak zituen 1630an. Hori zela eta, ezohiko diru-sarrerak bilatu behar izan zituen. Horretarako, zerga gehiago ezarri edota errege-titulua nahiz bestelako tituluak saldu zituen.

Hamiltonen arabera, Mundu Berritik iristen zen metal preziatu kopurua nabarmen murriztu zen 1610-1620 bitarteko hamarkadaz geroztik eta halako ezegonkortasun ekonomikoa nabari zen jadanik, bereziki, 1626an izandako monetaren debaluazio nabarmenaren ondotik. Monarkiaren zoritxarrak areagotu egin ziren 1628an, izan ere, holandarrek Espainiako flota harrapatu egin zuten Kuba inguruan eta espainiarrek porrota lotsagarria pairatu zuten. Gainera, premia fiskalak denbora gutxian areagotu ziren Europan, Ausburgtarren jarduera militarrek gora egiten zuten heinean.

Olivaresen politika zentralisten ondorioz, Espainiako monarkiako probintziak bateratu egin ziren eta horrela, kontribuzioa areagotu egin zen ezinbestean. Kontu garrantzitsua da hori, izan ere, Errege Katolikoek batasuna bultzatu bazuten ere, zenbait eskualdek eskubide eta berezitasun garrantzitsuak mantendu zituzten, hala arlo fiskalean, nola arlo instituzionalean. Hori zen Aragoi, Portugal eta Nafarroako erreinuen nahiz Euskal Probintzien kasua. Arestian esan bezala, Olivaresen helburua ohiturazko lege eta zuzenbideari aurre egitea zen. Are gehiago, konde eta duke zenak, presio politiko eta fiskal izugarria egin zuen, orokorrean nahikoa setatia zen periferiako erresistentzia gainditzeko, nahiz eta saiakera horrek arrisku handiak izan. Politika hori erakargarri egiteko asmoz, 1630ean koroak milioiak kentzeko erabakia hartu zuen, hots, funtsezko produktu batzuen (esate baterako, ozpina, olioa eta haragia) gaineko zeharkako zerga kentzea. Jaurerria zerga horren aurka azaldu zen, berau ezarri eta 1601an Jaurerri horretara hedatzeko ahalegina egin zenez geroztik. Gobernuak aipatu zerga kendu eta, horren ordez, gatzaren gainean baterako zerga ezartzea eskaini zuen. Dena den, Estatuko lurralde guztian zehar ezarri zen eta, horren ondorioz, derrigorrezkoak eta zentralizatuak ziren zergak onartzea debekatzen zuten Foru eta Askatasunen aurka egin zuen aipatu zergak. Horren eraginez, Foru lurraldeen (bereziki Bizkaia) eta botere zentralaren arteko gatazka ireki zen. Gatazkak kutsu soziala ere hartu zuen, izan ere, bizkaitar aberats eta txiroak, oligarkiak eta erdiko klase edo herrikoiak aurrez aurre jarri zituen erabakiak.

Hainbat bidegabekeriek (Batzarrak bertan behera uztea, euskal hiztunak gutxiestea, eta abar.) indar handia hartu zuten gizarte-zantzu nabariak zituen matxinada horretan. Matxinadaren muinean zentroa / periferia tentsioaren gainetik azaleratu zen barne gatazka ageri zen: alde batetik, erdi eta behe klasea zeuden eta, beste aldetik, goi mailako klasea. Horien arteko haustura gero eta handiagoa zen eta 1632ko urrian are haustura handiagoa nabari zen aipatu klaseen artean. Halaxe da, erdi klaseak (merkatariak) eta klase herrikoiak zerga berrien zama baitaratu behar izan zuten, batez ere, Jaurerriko gobernuak (gero eta aristokratikoagoa) koroari dohaintza modura hiru galeoi ematea adostu zuenean. Zerga horiek, nagusiki, klase herrikoiak baitaratu behar izan zituen. Zerga horien ondorioz, aipatu klasea kaltetu eta tokiko oligarkien aurkako sumindura piztu zen, izan ere, klase herrikoiak gobernuarekin etekin pertsonalen peskizan (garrantzia, kontratuak, Santiago abitua, eta abar.) kolaboratu izana leporatu zien oligarkiei.

1631ko urtarrilean hilaren 3ko Pragmatika iritsi zen Bilbora, aldatutako zerga eta neurrien berri emanez: Bizkaiko gatza konfiskatzea, gatza erregeen gordailuetara garraiatzea eta hari zerga ezartzeari buruzkoa, hots, produktu horren gaineko errege-monopolioa. Bilbon ustekabea eta atsekabea nagusitu ziren. Jaurerriko diputazioak foruaren aurkako xedapena bertan behera uzteko eskaera egin zuen eta batzorde negoziatzailea (Juan Ortez de Velasco eta Martin de Hormaechea) bidali zuen Gorteetara, baina ez zen deus lortu. Felipe IV.ak zin egindako Foruak (bereziki, bizkaitarrek tokiko kontsumorako artikulu-sorta garrantzitsu bat askatasun osoz salerosteko zuten eskubidea) era agerikoan urratzen zituztenei esker mantendu zen agindua.

Arraina eta okela mantentzeko funtsezkoa zen produktua, bada, % 44 garestitu zen. Horrek atsekabea ekarri zuen. Hasiera batean maila diplomatikoan nabaritu ziren neurriaren aurkako kexak, baina urte hartako irailean matxinada herrikoia eragin zuen.

Hala, hil horren 24an Gernikako Batzarretan 1.500 gizon armatuk zergaren aurkako haserrea azaltzeaz gain, aristokraziaren eta landako jaun-andre gorenen aurako jarrera erakutsi zuten, egoeraren erruduntzat baitzituzten.

Bertan zen Lope de Morales Korregidorea. Baina ikaratu eta mehatxatuta, Pragmatika denbora batez bertan behera utzi behar izan zuen, koroak apelazio berriak jarriko zituelakoan. Horrenbestez, Foruko legeetako bat aplikatu zen: foru-baimena eta aginduari men egin baina ez betetzea.

Egoera egonkortu egin zen 1632ko udaberria iritsi zen arte. Orduan Bizkaiko Epaile Nagusia jaurerrian bertaratu zen dohaintza kobratzeko itxaropenez, hau da, teorikoki borondatezkoa zen foru-kontribuzioa jasotzera, gero eta sarriago, Bizkaiak koroari ordaintzen ziona. Funtzionarioak harrera makurra izan zuen; haren eta tokiko beste funtzionario batzuen aurkako berripaperak azaldu ziren eta baita Bizkaiko kolaborazionisten aurka ere. Azken horiek traidoretzat jo ziren.

Lehen gorabehera garrantzitsua Bilbon jazo zen urrian. Orduan, Juan Calderon de la Barca Korregidore berriak hainbat errege-agindu eta ordenantza argitararazi zituen, gatzaren salneurria merkatzeko asmoa zutenak. Iragarkiak zergaren berrezarpena zekarren berekin, diputazioa aintzat hartu gabe.

Leherketa herrikoia indartsua eta bortitza izan zen. Lehenik eta behin, Bilboko plaza nagusian errege-aginduak erre zituen jendetzak, diputazioaren saioak egiten ziren eraikinaren parean. Jarraian, matxinatuek (gehienbat behe-klaseko jendea) gatzaren gordailuei eraso zieten eta hiru egun baino gehiagoan errege-elementuak harrapatzeko ekimena garatu zen. Horren ondorioz, elementu horiek etxebizitza partikularretan eta leku sakratuetan gorde zituzten. Hildako bat baino ez zen izan (Domingo de Castañeda, Korregidorearen Audientziako prokuradorea), baina asko izan ziren goitik behera garbitu edota erretako etxeak.

Arreta ematen du gatzaren auzitik tokiko bestelako arazo eta eskaera batzuetara jauzi egin zuela jendetzak berehala: eliteei Foruak nahikoa irmotasunez ez babestea leporatzen zieten, zenbait bizkaitar Madrilen konplize bilakatu ziren, legez kanpoko aberasteak, udal- nahiz probintzia-boterea iruzurraren bidetik eskuratu izana, ezberdintasun soziala agerikoa zen, erreberentziazko tratamenduaren monopolioa, foruen aurkako funtzio eta lanbideen sarrera.

Egoera horretatik hainbat ondorio atera daitezke, esate baterako, gizarte-gatazka bizia zegoela, etsaiaren aldera egiteaz leporatu izan zen diputazioak zeregin zaila zuela, urrian mehatxupean ziren jaun-andre goren bizkaitarrak berriro elkartu zirela eta agintearen eremuan kokatu zirela erradikalizatzea baretu ostean, eta azken horien etorkizuneko jarrera, botere zentralaren gerizpean gordeta, beraien nagusitasun sozial eta politikoa babesteko xedez.

Pentsatzekoa zenez, Katalunian eta Portugalen izandako gorabeherekin kezkatuta, Madrildik asaldura handiz hartu zituzten Bizkaiko berriak, baina zuhurtziaz jokatu zuten, izan ere, esku-hartze militar indartsu batek gatazka eremu osoan hedatuko zuenaren beldurra zegoen, edota atzerriko indarren batek, batez ere Frantziak, penintsulan sartzeko tentazioa izatearena (Frantzia 1630ean Gipuzkoan sartua zen jadanik). Hori zela eta, kasuari buruz luze eztabaidatu ostean, administrazio zentralak urreratze bare baten alde egin zuen. Hala, entzute oneko pertsonak bidali zituen, esate baterako, Morales edo Errege Hiriko Dukea, azken hori Idiaquez sendi ezaguneko kidea. Nolanahi ere, egin edo negoziatu beharrekoaren inguruko jarraibide argirik jaso gabe urreratu ziren eta misioak porrot egin zuen. Hala da, 1632. urtea amaitzear zela iritsi ziren biak Bilbora. Hasiera batean harrera ona izan bazuten ere, matxinoak segidan jabetu ziren Dukea ez zetorrela haien eskaerak jaso eta bozeramailearenak egitera. Liskarra berriz nagusitu zen 1633ko otsaila eta martxoa bitartean, Morales Korregidorea berresteko Gernikan deitutako Batzarraren ostean.

Matxinoek, lehenik eta behin, Foruen errespetuaren deklaraziorik gabe egingo zen Batzarraren aurka egin zuten. Gero, Dukeak arazo hori baretu ostean, Batzarra eten egin zuten, asanbladaren kontrola hartu zuten eta zerga-sistema zentralaren aurkako 24 dekretu onartzera behartu zituzten. Horietako batek baino ez zuen aipatzen gatzaren zerga. Horrek erakusten du protestak izaera orokorra hartu zuela.

Horren ondorioz, konponbide baketsu baten aldeko itxaropen oro uxatu egin zen eta Madriletik arazoarekin amaitzeko metodo bortitzagoak bilatzeko neurriak jarri ziren. Azkenik, Bizkaiko merkataritzak hirian ez ezik lurralde osoan zuen garrantzia ezagututa, 1633ko martxoan errege-administrazioak zera agindu zuen, Bizkaian sartzen zen merkantzia guztia, hala lurrez nola itsasoz, merkataritzako ikuskatzaileak gainbegiratzea, hala egin ezean merkantzia konfiskatzeko zigorra ezarrita. Ikuskapena ezin izan zen gauzatu, izan ere, ikuskatzaileak alde egin zuen. Dena den, merkantziak jadanik ez ziren horren sarri sartzen Bizkaira. Horrek eragin latzak izan zituen ekonomian, batez ere, diru askorik ez zuten haiengan. 1633ko maiatzean diputazioak negoziazioei berrekin nahi izan zien. Horretarako, goi-komisario bat bidali zuen Madrilera, koroari hainbat zerbitzu eta gizon eskainiz.

Eskarmentu bat eman beharra zegoenaren ideiak, azkenik, indarra hartu zuen. Hala ere, Madrilek arreta handiz prestatu zuen jazarpena, beste altxamendu herrikoi bat saihestu asmoz. 1634ko udaberrira arte atzeratu ziren ekintzak eta Ciudad Real eta Moralesek gauzatu zituzten, orduko horretan, jarraibide jakin batzuk betez. Jendetzaren oldarraldia baretu egin zela aprobetxatuz, bi agintariek Bilboko jaun-andre gorenez hornituriko milizia osatu zuten, errege-aginduen baitan. Maiatzaren 14ko goizaldean sarekada masibo bat burutu zen eta mugimenduaren buruzagi ezagunak harrapatu zituzten. Horietako sei arratsalde horretan bertan exekutatu zituzten, inolako defentsarik gabe eta herritarren harridura eraginez. Gainerako buruzagiek Euskal Herritik ihes egiten saiatu ziren, Frantziara edo urruneko mendietara.

1634an exekutatutako pertsonak: Licenciado Morga y Sarabia; Juan de la Puente y Urtusaustegui; Martin Ochoa de Ojarabide, jaurerriko idazkaria; Juan de Larabaster, kapitaina; Juan Bizcaigana, ferratzailea; Domingo Bizcaigana, aurrekoaren anaia, ferratzailea. Ihes egin zutenak: Diego de Echarte; Martin de Arana; Armona, elizgizona.

Hiru egun beranduago hainbat errege-zedulen bidez indultu orokorra eman zuten (atzerritarrei eta 12 bizkaitarrei izan ezik) eta gatzaren zerga bertan behera geratu zen, zeina, penintsulako gainerako eremuetan desagertua zen jadanik, hilabete batzuk lehenagotik. Modu horretan, bada, ordena berrezarri zen, baina baita foru-legea ere.

Esan dezagun, azkenik, Gipuzkoako Diputazioa ere zergaren aurka azaldu zela eta horren ondorioz hainbat gipuzkoar espetxeratuak izan zirela (Arrasateko alkatea eta hainbat bizilagun, besteak beste). Dena den, ez zen Bizkaian jazotako altxamendu armaturik gertatu.

  • BARAHONA AREVALO, Renato. A seventheenth century vizcayan sociopolitical movement: the salt-tax revolt (1631-1634), CMV, III. alea, 1988, 319-327.
  • ARTIÑANO, A. El Señorío de Vizcaya histórico y foral, Bartzelona, 1885.
  • DELGADO MARTIN, E. Rebeliones de Vizcaya en el s. XVII, Madril, 1890.
  • ECHEGARAY, C. Compendio de las instituciones forales de Guipúzcoa, Donostia, 1924, 210.
  • FERNANDEZ DE PINEDO, E. Crecimiento económico y trasformaciones sociales. 1100-1850, Madril, 1974.
  • FONTECHA SALAZAR. Escudo de la más constante fe y lealtad, Bilbo, 1748.
  • GARCIA DE CORTAZAR Y MONTERO. Diccionario de Historia del País Vasco, II. alea, Donostia, 1983, 281-287.
  • GOROSABEL, P. Noticias de las cosas memorables de Guipúzcoa..., 1899-1900, I. alea.
  • GUIARD, T. La villa de Bilbao, GGPVN, 1921, Bartzelona.
  • LABAYRU, E. J. de. Historia general del Señorío de Bizkaya, V. alea, Bilbo, 1895-1903, 680-696.
  • LAFARGA, A. Aportaciones a la historia social y política de Vizcaya. Ss. XVI-XIX, Bilbo, 1971, 49-60.
  • MARICHALAR Y MANRIQUE. Historia de la legislación y recitaciones del derecho civil en España, Madril, 1868 (argitalpen berria 1971an, Auñamendiren eskutik).
  • ORUETA, E. El Estanco de la Sal (1631), Bilbo, 1931.
  • TRUEBA, A. Datos para la historia de Vizcaya, Lugo, 1900.
  • SAGARMINAGA, F. de. El gobierno y el régimen foral de Vizcaya, Bilbo, 1892.