Literatoak

Lete Sarasola, Jesus

Ibai-Ertz.

Itsasondo (Gipuzkoa). Herri horretan bizi izan zen beti. 2000. urteko urtarrilaren 18an hil zen.

Hamalau hilabete zituela poliomelitis bat izan zuen eta, horren ondorioz, hanketan gailu ortopedikoak ibili behar izan zituen bizitza osoan zehar. Administrari aritu zen lanean enpresa batean 38 urtez. Bizitzako azken urteak gurpildun aulki batean eman zituen.

Oria ibaiaren ertzeko etxe batean bizi izan zen eta hortik zetorkion literatura arloan erabiltzen duen ezizena Bertsolaritza izan zuen zaletasun nabarmenetako bat eta sarritan aritu zen jaialdiak antolatzen, aurkezten eta baita epaimahaikide gisa ere. Gainera, bertsolarien gai-jartzaile lanetan ere ibili zen. Sekula ez zen bat-bateko bertsolaria izan, baina bertso ugari idatzi zituen, Zeruko Argia aldizkarian eta hainbat egunkaritan argitaratu zirenak. 1962an Errenteriako Xenpelar Saria irabazi zuen eta 60ko hamarkadan bigarren eta hirugarren sari asko erdietsi zituen lehiaketa ezberdinetan. Oso ezagunak dira haur zela alde batetik bestera joateko baliatzen zuen astoari jarritako bertsoak, izan ere, hanketako arazoak zirela eta, ia ezin zuen oinez ibili. Bertso-bilduma horri esker, hirugarren saria lortu zuen 1965eko Xenpelar Sarian.

Antonio Zavala jesuitaren aholkuari jarraiki, bere haurtzaro eta gaztaroko oroitzapenak jasotzen dituen liburu bat idatzi zuen, Orrela ziran gauzak izenekoa. Auspoaren bilduman argitaratu zen 1990ean. Liburu horretan idatzitako zenbait testu 80ko hamarkadan El Diario Vasco egunkarian argitaratutako artikuluak ziren.