Toponimoak

Mikeldi

Durangon kokatutako txokoa dugu, eta bertako ermitan, izen bera daraman "idoloa" egon ohi zen, gaur egun Euskadiko Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoaren patioan aurki badaiteke ere (Bilbon). Monumentu hura Gonzalo de Otalorak aipatu zuen lehen aldiz 1634an. Hark Micrologia Geografica de la Noble Merindad de Durango (Sevilla, 1634) obran adierazi zuenez, Mikeldiren ermitatik gertu zegoen. Ziurrenik, ermita hori San Vicente Martirri dedikatutako baseliza izango da. Baseliza hura Mikeldin dago, eta Iturrizak ere aipatzen du, Historia General de Vizcayan obran (248. or. - Bartzelona, 1884).

Monumentua inguruko harrobiek berezkoa duten hareharrian landutako eskultura bat da. Burdin Aroko dela adierazi zuten Manuel Gomez Moreno, Blas Taracena eta A. Fernandez Aviles adituek, Memoria sobre las excavaciones en el castro de Navarniz obran (20. or. - Bilbo, 1945). Dirudienez, tamaina handiko ordots edo zezen bat irudikatzen du, eta hanken artean disko bat daramala: bi aurpegiek eguzkia eta ilargia irudikatzen dutela uste da. Hala, eskulturak Ama Lurraren mitoa gogorarazten digu, zezen edo ordots itxurako jeinu telurikoak irudikatuta, haren baitan lurraren bi alaba zerutiarrak jasotzen dituena, alabak mendebaldera begira jartzen direnean. Dena dela, hori interpretazio posibleetako bat baino ez da, jakina.