Kontzeptua

Artearen Historia. XX. mendearen amaiera eta XXI. mendearen hasiera

Arte

Hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, euskal artea nazioarteko esparruan garatzen zihoazen mugimendurik garrantzitsuenen -pop art, minimalismoa, arte kontzeptuala- albiste zuzenak jasotzen hasi zen eta gure artean horiek guztiak eragin bera izan ez zuten arren, gutxienez, ezagutuak izan ziren eta euskal artistek nahiago zuten bidea hautatzerik izan zuten. Iruñako 1972ko Batzarraldiak, amaitu aurretik erregimen frankistak itxiak izan ziren arren, zeregin garrantzitsu bat izan zuten; batzarraldiotan, nazioarte mailako artistarik ospetsuenen azalpenaz gain, Euskal Herrian artearen egoera ere ikusterik izan zen eta euskal artean oraindik diren xehetasunetariko batzuk azaltzerik ere izan zen, alegia: margolaritzaren eta zizelkaritzaren arteko mugen desagerpena, euskal artistak bildu zitzan elkarte edo talderik eza nabarmena, euskal nortasuna bezalako gaiei buruzko jarreretatik urrundu, nazioarteko artearen egoerari buruzko ezagutza zehatza izatea -atzerrian izandako egotaldien bitartez- eta ageriko gizartearenganako inolako harremanik eza. Ezaugarri guzti horiek, nahiz eta sortzaile diren guztietan ematen ez diren, azken hamarkadetako euskal artean ohikoenak izan diren ezaugarriak izan dira.

Lehendabiziko aldi posmoderno honetan nagusi izan ziren korronteei dagokienez, eraginik nabarmenena izan duten mugimenduekiko hurbilpen bat egitea zaila den arren, artistarik gehienek egindako apustua nahiko kontserbatzailea izan zela aipatu beharra dago; izatez, euretatik gehienek, margolaritza eta zizelkaritza erabili zituzten adierazpide nagusi bezala, eta figurazioa eta abstrakzioa izan ziren hautatutako lengoaietatik gehien erabili izan ziren aukera biak.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, izatez, talderik osatu gabe hirurogeigarren hamarkadako tradizio abstraktuari aurre egiten ahalegindu zen artista-aldra bat sortu eta figurazioaren aldeko apustua egin zuen; artista horien artean hurrengoak nabarmentzen ditugu: Marta Cárdenas, Vicente Ameztoy, Andrés Nágel, José Llanos, Ramón Zuriarrain, Juan Luis Goenaga, Juan José Aquerreta, Pedro Salaberria, Xavier Morrás, Pedro Oses eta Clara Gangutia. Hala eta guztiz ere, urte bertsuetan, beste artista talde batek, ikuspegi pertsonalago batetik baina, arte abstraktua egiten jarraitzeari ekin zion; talde horretan Carlos Sanz, Gabriel Ramos Uranga, Carmelo Ortiz de Elgea, Santos Iñurrieta eta Juan Mieg aipatu behar dira.

Arte

Hirurogeigarren urteko margolaritza-arteen nagusitasunaren aurrean, hurrengo hamarkadan, zizelkarien belaunaldi gazte batek euskal artearen oinordetzari heldu eta berrinterpretatu bakarrik ez ezik, azken joera posmodernoak sartuz zizelkaritzaren jakintza-arloa egunean jarri zuen; Txomin Badiola, Pello Irazu eta Juan Luis Moraza dira une horretan nabarmendu ziren izenetariko batzuk. Bestalde, Darío Villalba, Esther Ferrer, Elena Asins, José Ramón Morquillas, Fernando eta Vicente Roscubas, Pablo Donezar, Prudencio Irazabal, Iñaki Cerrajería, Pablo Milicia, Txupi Sanz, Juan Ugalde, Koldobika Jauregi, Cristina Iglesias, Dario Urzay edo Jesús Maria Lazkano bezalako beste artista batzuk -margolariak eta zizelkariak- ez ditugu ahaztu behar, inolako mugimendu zehatzetan ibili ez diren arren, hamarkada horretako euskal plastikari eraberritze-arnasa eta lengoaia garaikide berriak ekarri zizkiotelako.

Aldiz, laurogeita hamarreko hamarkadak pluraltasun handiagoa ekarri du. Aurreko hamarkadan aipatutako ezaugarriak mantendu eta ezaugarri horiei argazkigintza, bideoa edota ordenagailua eta artistari egoki begitantzen zaion beste edozein eratako material, burutazio edo kontzeptu bezalako jakintza-arlo berrien erabilera gehitzen zaizkio.

Azken urteotako artista gazte garrantzitsuenen hautaketa bat egitea, ikuspegirik ez izanagatik askoz zailagoa da, baina sarituak edo hautatuak izan diren abaguneen kopuruari eta euren lana euskal eremuan zein estatu mailan erakusteko hautatua izan denari jaramon egiten badiogu, zerrendan, besteak beste, hurrengoak aipatuko genituzke: Javier Pérez, Ana Laura Alaez, José Rekalde, Francisco Ruiz de Infante, Aitor Ortiz, Javier Balda, Javier Alkain, José Ramón Amondarain, Manu Muniategiandikoetxea, Jesús María Corman, Raúl Urrutikoetxea, Edu López, Dora Salazar, Luis Candaudap, Fernando Pagola, Leopoldo Ferrán, Agustina Otero, Maider López, Andoni Euba, Alberto Peral, Pepo Salazar, Jon Mikel Euba, Txuspo Poyo, Asier Mendizábal, Iñaki Garmendia, Sergio Prego, Gema Intxausti, Alfonso Ascunce, Estibaliz Sadaba, Itziar Ocariz, Iratxe Jaio, Azucena Vieites, Abi Lazkoz, Ibon Aramberri eta Juan Pérez Agirregoikoa.