Kontzeptua

Artearen Historia. Modernitatea

XX. mendearen hasierarekin, kultura eta arte esparruetan modernitatearen kontzeptua sortu zen. Hitz hori garai hartako gizartearentzako eta gaurkotasunaren ikuspegitik egiten zen artea aipatzeko erabiltzen hasi zen, XIX. mendearen amaierako aldi eklektikoan baina iraganaren ikuspegitik bere garaiko gizartearekin ere uztartutako, berezitasunez historikotasunaren bitartez, arteari aurkajarriz. Modernitate horren baitan, ezarritako eta ohiko sorkuntza irudiekin etena proposatzeaz gain arte-lengoaia berrien alde ekiten zioten arte-korronte eta mugimenduei, abangoardia deitu zitzaien.

Euskal Herriak, XX. mendeko lehen aldi honetan, politikoki garai zalapartatsua bizi zuen, hiru hamarkadatan monarkia bat -Alfonso XIIIarena-, diktadura bat -Primo de Riverarena-, errepublika bat -II Errepublika- eta guda zibil bat izan ondoren diktadura berri bat -Francorena-, eman baitziren. Hala ere, Euskal Herriak epealdi horretan zehar kultura, gizarte eta ekonomia arloetan bere hazkunde, garapen eta loratze arorik handiena ezagutu zuen.

Arte esparruari dagokionez, Euskal Herrian egindako artea Euskal Herriaren bitartez ikuspegi espainiarraren abangoardian kokatzen hasia dugu, batez ere arte modernoaren lehendabiziko agerpenak Euskal Herriaren bitartez iritsi zirelako. Hala ere, garai horretan Europako beste lurralde batzuetan zehar -Frantzia, Alemania eta Italia, batez ere- garatutako kultura zein arte esparruko abangoardia mugimenduak, hemen ez ziren ezagutu. Izatez, Euskal Herrian garai honetan zehar ez ziren abangoardia mugimenduak sortu; aitzitik, kanpotik etorritako artea gure lurraldean egiten zenaren berezitasunetara, berandu baina, moldatu eta egokitzen zen. Horregatik guztiagatik, Europan abangoardia garaia deitzen zaion lehendabiziko XX. mendeko aipatutako aldi hori euskal esparruan, europar arte garaikidearen maila berean jartzeko ahalegin nabarmena egin eta euskal gizartearen beharrizan berriei erantzuteko ahalegina azaltzen dituen arren, gizartea bera berrikuntzak bereganatzeko gertu ez izanagatik eta beraz bere agerpenen berrikuntza moderatu bat bakarrik onartu izatearren, modernitate aro bezala ezagutzen dugu.