Kontzeptua

Artearen Historia. Gotikoa

Arte plastikoek ere garapen handiagoa izan zuten garai horretan. Kontserbatzen diren adibideak, gainera, ugariagoak dira, eta aldaketa garrantzitsuak nabari dira erabiltzen den teknikan eta erakusten diren gaietan.

Estilo gotikoko eskultura independizatzen hasten da esparru arkitektonikotik, eta modu exentuan egindako obra aipagarriak aurkitzen ditugu. Teknikari eta tematikari dagokienez, erromanikoak laga zituen naturalismoa eta errealismoa berreskuratzen ditu eskultura gotikoak, eta, bestalde, humanismo handiagoa errebindikatzen du itxuratutako motiboetan, garatzen ari den gizarte hiritar berrira zuzenago eta modu hurbilago batean hurreratzeko.

Arte

Alabaina, elizetako portadetako eskultura apaingarriak artean bere garrantzia atxiki zuen, eta oso adibide onak dauzkagu Nafarroan, Araban eta Gipuzkoan. Nafarroan, Erriberriko Santa Maria eta Uxueko Santa Maria elizetako portadak nabarmentzen dira, eta Iruñeko katedraleko klaustroko apaingarri eskultorikoak. Araban, Gasteizko Santa Maria katedralak eta San Pedro elizak ere portada interesgarriak atxiki dituzte, nahiz eta adibiderik ikusgarriena lurraldeko hegoaldean aurkitzen dugun, Biasterin, Santa Maria de los Reyes elizaren portadako multzo eskultorikoak bere jatorrizko polikromiaren parte handi bat gorde baitu, arkitekturak berak babestu duelako. Gipuzkoan, Debako Santa Maria la Real elizaren sarrera nagusiko multzo eskultorikoak ere baditu polikromia hondar batzuk oraindik, baina gutxiago eta egoera kaskarragoan, agerian egon baita denborarik gehienean, eta inongo elementuk babesten ez zuela. Elizen barruan, berriz, nahiz eta pintura agerpenek protagonismo handiagoa zuten eskultorikoek baino, garai horren azkenean multzo eskultorikodun erretaulak aurkitzen hasten gara: Lekeitioko Santa Marian bat, flandestar eragin garbikoa.

Eskultura exentuari gagozkiola, Nafarroak gordetzen ditu, garai erromanikoan bezala, adibiderik onenak. Kasu horretan ere, naturalismoranzko eta errealismoranzko joera nabari da, Ama Birjinaren gaia aukeratzen da, eta Kristo Gurutziltzatuaren itxurapena baztertzen. Horrek guztiak erakusten du eliza-erakundeek gizartera hurreratzeko gero eta nahi handiagoa zutela. Anitz dira garai horretan egindako Ama Birjinaren irudiak. Honako hauek nabarmenduko ditugu: Orreagako Ama Birjina haurrarekin, Uharteko Andre Maria Zuria, Olaztiko Ama Birjina, Erriberriko Ama Birjina eta Urantziako Ama Birjina.

Arte

Garai horretako obrarik adierazgarrienak, ordea, garaiaren azkenean egin ziren, eta tipologia berriei jarraituta. Hala, XIV. mendetik aurrera, lehen hilobiak aurkitzen ditugu. Karlos III.arena eta haren emazte Leonorrena nabarmentzen dira, Iruñeko katedralean; Villaespesa kantzelariarena, Tuterako katedralean, eta Oñatiko kondearen hilobia, Oñatiko San Miguel elizan. Hiru adibideetan, aipagarriak dira sarkofagoetako erliebeak, non pertsonaia batzuk ageri diren hilen alde otoitz egiten.

Bitxigintzak aurreko garaian bezalako garrantzia atxiki zuen, eta, kasu honetan ere, obrarik esanguratsuenak Nafarroan daude. Honako pieza hauek gailentzen dira: Karlos III.ak Uxueko elizari eman zion kaliza -egun Nafarroako Museoan dago- eta erlikiak gordetzeko erlikiontziak; Karlomagnoren Xakea deritzana, tartean, bere diseinu koadrikulatu bereziagatik deitzen baitiote horrela.

Pinturari dagokionez, gotikoan zehar agerpen piktorikoen hondarrak aurkitzen ditugu Euskal Herrian. Erdi Aroan, eta baliabide ekonomikoak zeuzkaten guztietan, erlijio-irudiez eta beste apaingarri batzuez apaintzen zituzten elizak. Tamalez, kasurik gehienetan ez dira ongi kontserbatzen, zeren beste apainketa mota batzuez ordeztu baitzituzten gero, edo kendu egin baitzituzten, besterik gabe, beste irizpide estetiko batzuk nagusitu zirelako eta elizetako horma-irudiak kentzea hobesten zelako, batez ere XIX. mendean.

Garai horretako lan piktorikoek funtzio didaktiko bat dute, eskulturaren kasuan bezalaxe. Sinestunari irakastea zen xedea, eta, horregatik, gai gehienek erlijio-gertakariak edo Bibliako pasarteak erakusten dituzte. Kontserbatzen ditugun obrarik zaharrenak XIV. mendekoak dira, eta, nahiz eta oro har europar korronteek -protogotikoa, lineala, italogotikoa, nazioartekoa eta hispanoflandestarra- ezarritako pautak jarraitzen diren, Euskal Herrian estilo horien interpretazio bakuna eta eskematikoa egin zen.

Arte

Iruñeko Nafarroako Museoak dauzka obren hondarrik garrantzitsuenak. Aragoiko fokuaren eragina da nagusi horietan. Lehen garai protogotikoan, honako hauek sartzen dira: Artaitzeko San Martin elizako, Artaxonako San Saturnino elizako eta Erriberriko San Pedro elizako pinturak. Iruñeko katedralak, eta Ekaiko, Olletako, Arletako, Eriztaingo eta Galipentzuko elizek geroagoko garaietako hondarrak gordetzen dituzte, gotiko linealekoak bereziki. Flandestar eragina beranduagokoa da, eta Lizarrako San Miguel elizan nabari da, eta zenbait taulatan eta erretaulatan, Tuterako nagusian barne.

Araban, dokumentatutako pintura gotikoko lekukotzen artean, bi adibide nabarmenduko ditugu: Alaizako Jasokunde elizan, pintura hondar garrantzitsuak baina denboran sailkatzen gaitzak kontserbatzen dira; bai estiloan, bai garatutako gaietan, elementu eta ezaugarri ugari nahasten dira, eta horrek bigarren mailako eta garai horretako ezaugarriak berandu bereganatu zituen tailer bat salatzen digu. Gazeoko elizan kontserbatutako hondarrak, aldiz, gotiko linealaren fasekoak dira, eta garatutako programa ikonografikorik onenetako bat osatzen dute.