Kontzeptua

Artearen Historia. Gotikoa

Beste tipologiei dagokienez, Euskal Herrian gehien garatu zen tipologia erlijio-izaerakoa izan zen, eta, egia esan, eraikin gehienak, bai kopuruan, bai garrantziagatik, tipologia horretakoak dira. Garatutako forma arkitektoniko nagusien artean, nabarmendu behar da erlijio-arkitekturan oinplano-eredu ugari zabaldu zirela, baina haietako bat erabili zela gehien, hots, hiru nabeko oinplano basilikala. Horrek gurutzadura garatua, presbiterioa eta girola zituen, eta, azken horren gainean, sekzio poligonaleko kaperak irekitzen ziren. Euskarriei dagokienez, pilareak bakunak eta austeroak ziren, sekzio zilindrikokoak gehienetan, fustea horzduna zutela pilarearen perimetroan, gangetatik eta tertzeleteetatik jasotzen zuten bultzadari dagokionez.

Arte

Garai horren azkenean, pilarea gehiago sinplifikatu zen, nerbiodurak pilarean lotzean; horrek pilare zilindrikoa erabiltzea ekarri zuen, askoz bakunagoa baitzen. Estalkien egituran ere, pilareetako bakuntasun eta austeritate bera kontzentratzen dugu, eta, oro har, gurutze-ganga nagusitzen da, ikuspegi sobrio batetik asmatua; apainketan lizentzia bakarra ametitzen zen, hau da, tirante kopurua handitzea, bultzadak deskonposatzeko, tertzelete gehiago sartuta. Garaiaren azkenean bakarrik aberastu ziren tertzeleteak, kopatzeak erabilita elementu apaingarritzat. Lurralde banaketari gagozkiola, garai gotikoan Nafarroan eraiki ziren eraikin gehienak, nahiz eta, Araban edo Iparralde barnealdean bezalaxe, eraikitze-erritmoa dezente moteldu zen, garai erromanikokoarekin alderatuta. Bi arrazoi nagusi ziren moteltze horren gibelean: batetik, lurralde horietako ekonomia ahuldu egin zen, eta, bestetik, baziren jadanik erromanikoan eraikitako eraikin ugari, eta ederki betetzen zituzten premiak. Aldiz, Bizkaian, Gipuzkoan eta Iparraldeko itsasbazterrean, zehazki Lapurdin, sekulako hazkundea gertatu zen eraikinen kopuruan. Garapen ekonomikoari eta hazkunde demografikoari esker, eraikin berriak egin ziren lurralde horietan.

Nafarroan, Orreagako Santa Maria eliza da, dakigula, garai gotikoko lehen eraikina. XIII. mendearen hasieran eraiki zuten; Frantziako Paris eskualdeko lehen estilo gotikoari jarraiki, eta ez une horretan Gaztelako katedral nagusien eraikuntzan eragiten ari zen gotiko erradialari. Elizak bost ataleko hiru nabe ditu, erdikoa besteak baino goragoa. Burualdea pentagonala da, leiho handiz hornitua. Tenpluaren elementu gehienak frantziar arkitekturako kanonikoak dira. Honako hauek nabarmentzen dira: pilare zilindrikoak, triforioa eta Euskal Herrian lehen aldiz erabili zen elementu bat, hots, gurutze-gangen zama kanpoko kontrahormen gainean deskargatzen zuten arbotanteak.

Arte

Nafarroan, ordea, Iruñeko katedrala da gotikoaren adibiderik onena. Bi aldi bereizi behar dira haren eraikuntzan: lehenengoan klaustroa eraiki zen, eta bigarrenean, eliza, 1390ean eroritako tenplu erromanikoaren hondakinen gainean; bigarren fase horretan, Barbazana kapera ere eraikin zen klaustroan, non haren izar-gangaren trazatua nabarmentzen den. Elizaren egiturari dagokionez, garai horretako gotiko kanonikoaren egiturari jarraitzen dio. Aipagarriak dira kontrahormen artean eta alboko nabeen goiera berarekin irekitako kaperak, zeharkako nabe batek osatutako gurutzadura, zeina oinplanoan eta altxaeran nabarmentzen den, eta triforiorik eza, eraikinari itxura sobrioa eta bertikala ematen diola. Aipagarria da, baita ere, burualdearen osaketa. Hor, kaperek espazio unitarioa osatzen dute, eta espazio hori bakarrik gangen zatien antolaketan banakatzen da.

Nafarroako gainerakoan, eraikitako eliza gehienak bakunagoak dira. Hor ditugu, esate baterako, Erriberriko San Pedro eta Santa Maria, Artaxonako San Saturnino, eta Uxueko Santa Maria. XIII. mendearen azkena eta XIV. mendearen lehen erdia bitartean eraiki ziren. Eliza xumeak dira, nabe bakarrekoak. Antz handiagoa dute landa elizekin, hiri elizekin baino. Bilatortako Jasokunde eliza, Zizur Nagusiko San Andres edo San Martin Unxekoa ere Nafarroako landa gotikoaren adibide onak dira. Geroagokoa eta, beraz, hiru nabez eta eraikuntza-soluzio aurreratuagoez osatua da Bianako Santa Maria eliza.

Arte

Araban, garai horretan egindako eraikinak urriak dira, baina eraiki zirenak, zinez esanguratsuak. Gasteizko eta Biasteriko tenplu berriak nabarmentzen dira. Gasteizen, Santa Maria eliza dugu garai hartako eraikinik garrantzitsuena. Egun, Katedral Zaharra deitzen zaio. XIII. mendearen hondarrean hasi zituzten haren lanak, eta XV. mendearen azken aldera, osatu. Tenpluan, oinplano basilikal bat hobetsi zen. Bost ataleko hiru nabe dira, gurutzadura zabala eta burualdea, non girola zentrala -zeinetan hiru kapera poligonal irekitzen diren- lau kapera angeluzuzenekin konbinatzen baita. Tenpluaren elementu gehienak kanonikoak, sobrioak eta bakunak dira. Haietan, triforio estu bat nabarmentzen da, tenpluaren perimetro osoa korritzen duena. Gasteizen, estilo horretako beste eliza batzuk ere eraiki ziren garai hartan: San Bizente, San Miguel Goiaingerua eta San Pedro Apostolua. Azken hori nabarmentzen da, sarbide arkupeduna baitu burualdearen ondoan, tenplua harresiari erantsita zegoelako. Beste ezaugarri batzuk: lau absidedun burualdea, trazeriez apaindutako leihate zabalak, eta triforio-zati bakarra, gurutzaduraren hegoaldeko muturrean.

Biasteri izan zen Arabako bigarren gune garrantzitsuena. San Joan Bataiatzailea eta Santa Maria de los Reyes elizak eraiki ziren bertan. Lehena XIII. eta XIV. mendeen bitartean eraiki zen. Garai horretako eraikitze-modu gotikoen eskema klasikoei jarraitu zien. Hiru nabeak eta gurutze-ganga nabarmentzen dira. Santa Maria de los Reyes elizak, berriz, nahiz eta geroago eraiki zuten, hau da, XV. eta XVI. mendeen bitartean, bere arkitektura-egitura gotikoaren elementu gutxi atxiki ditu, baina garai hartako ongien kontserbatutako portada eskultoriko bat dauka.

Arabako gainerakoan, honako herri hauetan dira estilo gotikoan eraikitako elizak: Lasarten, Kanpezun, Bilarren eta Agurainen. Halere, ugari dira, Nafarroan bezala, landa gotikoan eraiki ziren baselizak eta eliza txikiak. Gotikoko eta erromanikoko elementuak nahasten dira horietan, eta, XVI. mendetik aurrera, errenazimentuari dagozkion elementu apaingarriak.

Arte

Iparraldeari gagozkiola, Baionako katedrala da estilo gotikoan egindako eraikin garrantzitsuena. XIII. mendearen hondarrean hasi zuten. Parterik handiena XIV. mendekoa da, eta Frantziako Champagne eskualdeko estilo gotiko erradianteari eta, zehazki, Reimseko eta Bordeleko katedralen proiektuen ereduari jarraituta egin zen. Katedralak XVI. mendera arte luzatu zituen eraikitze-lanak, eta XIX. mendean fatxadako dorreak eraiki zirenean eman ziren amaitutzat. Haren itxura ikusgarria nabarmentzen da. Bera da Euskal Herriko katedralik handiena eta gorena. Aipagarriak dira beste ezaugarri hauek ere: gurutze latindarrezko oinplanoa eta ez basilikala, nahiz eta orain geroago erantsitako alboko kaperek ezkutatu duten, eta klaustroa, hobekien eraikitakoetako eta kontserbatutakoetako bat, bai bere egituragatik, bai bere apaingarriengatik.

Bizkaiari eta Gipuzkoari doakienez, aurreko garaian ez bezala, garai horretan eraikin gehiago eta kalitate hobeagokoak eraiki ziren. Halere, berandu samar, XIV. mendera arte ez baitziren egin lehen eraikin esanguratsuak. Bilbon, Jakue Apostolua eta San Anton elizak dira Bizkaiko gotikoaren erakusgarri onak. Eredu bakun eta austero baten arabera eraiki zituzten, eta Frantziako nahiz Gaztelako estilo gotikoen eraikuntza-elementuak erantsi zizkieten. Hona, jarraian, Jakue Apostolua elizaren ezaugarri nagusiak: hiru ataleko hiru nabe, gurutzadura alienatua, presbiterioa, kapera nagusi poligonala eta girola, zeinak zazpi kapera dituen, pentagonalak gehienak. Eliza hori Iberiar penintsulako ipar aldeko beste eraikin batzuekin kidetzen da horrela: Burgo de Osmarekin, Palentziarekin, Santanderrekin eta Castro Urdialesekin. Gurutze-ganga erabili zuten eraikina estaltzeko, gurutzaduraren erdiko atalean -non tertzelete batzuk eta bost giltzarri erabili ziren- eta burualdean -zazpi giltzarriko izar-ganga ipini zuten- izan ezik. San Anton elizari dagokionez, haren hiru nabeetatik erdikoa nabarmentzen da, beste biak baino zabalagoa eta bi bider goragoa baita; absiderik ere ez da, barruko frontisa horma zuzen batekin itxi baitute; Bizkaiko beste eliza batzuek bezala, San Anton elizak ere triforio bat du.

Arte

Halere, Bizkaiko estilo gotikoko eraikinik bitxiena Lekeition dago. Herri horretako Andre Maria elizak XIII. mendeko gaztelar estiloaren traza orokorrei jarraitzen die, baina haiek sinplifikatuta. Hona tenpluaren ezaugarri arkitektoniko nagusiak: hiru ataleko hiru nabe, gurutzadura, hiru kapera burualdean, pinakuludun arbotante-bateria bikoitza, nerbio baten presentzia estalkiaren luzera osoan, hari sendotasuna ematen diola, eta haren atzeko partearen ardatza ipar alderantz desplazatzea dakarrela, eta leihateetako trazeriak, zeinak ingelesen eraginaren pean egin baitziren.

Bizkaiko gainerakoan, Gernikako Santa Maria eta Ondarroako Santa Maria elizak nabarmendu behar dira; azken horretan, batez ere, gurutzadura eta abside falta, eta apainketa arkitektonikoa, trazeriak baititu baotan eta erlaitzetan, eta pinakulu eta gargola adierazkorki apainduak. XV. eta XVI. mendeen bitartean, Bizkaiko gainerako eliza gotiko nagusiak eraiki ziren. Honako hauek dira aipagarrienak: Urduñako Santa Maria, Begoñako Andre Maria, Portugaleteko Santa Maria, Balmasedako San Severino, Galdakaoko Santa Maria eta Ziortzako Kolegiata, Markina-Xemeinen.

Azkenik, Gipuzkoak ere, Bizkaiak baino gutxiago eduki arren, baditu gotikoko eraikin aipagarri batzuk. Guztietan, gotikoa ez da bakarrik garatzen Gaztelako ereduari jarraiki, Bizkaian gertatu zen bezala, baizik eta frantses gotikoaren eragina ere nabari da. Hark lehenik Nafarroan eduki zuen eragina, eta gotiko mota austeroago eta bakunago bat hartu zen lurralde horretatik, non erromanikotik hartutako eraikuntza-elementu eta elementu estetiko batzuk ere gordetzen diren.

Getariako Done Salbatore da lurraldeko elizarik bitxiena. XIV. mendean eraiki zuten. Hiru ataleko hiru nabe ditu, erdikoa goragoa, eta atalak, berriz, zutabeak datxezkien pilare zilindrikoz daude bereizita. Tenplua gurutze-gangez dago estalia; bakunak dira alboetakoak, eta izar-gangak, erdiko nabekoak. Horien bultzada dagozkien horma-hortzek jasotzen dute barruan, eta kanpoko kontrahorma batzuetara bidaltzen, arbotanteen bitartez.

Arte

Daukan planimetria irregularra da, haatik, elizaren elementurik harrigarriena, hormak ez baitira paraleloak, eta ez baitago korrespondentzia simetrikorik eraikinaren luzerako ardatzarekin; gainera, oinen eta burualdearen artean metro beteko desnibela dago hegoaldeko aterantz. Trazatu irregular hori da eraikinaren alderik originalena, eta, horrekin batera, eraikinaren horma perimetralak korritzen dituen triforioa. Garai horretan, Debako Santa Maria eliza ere hasi ziren eraikitzen Gipuzkoan. Hiru nabeko tenplua da, eta burualde zuzenekoa. Bertan, portada eskultoriko eta polikromatua nabarmentzen da, Biasteriko Santa Maria de los Reyes elizan bezala.

Hondarribiko Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria, Oñatiko San Miguel eta Donostiako San Bizente elizak, berriz, hiru gauzagatik nabarmentzen dira, hots, beren itxura militar eta defentsakoagatik, gangei eusten dieten pilare zilindrikoengatik eta, hiru nabe eduki arren, alboetakoak ia erdikoa bezain gora iristen direlako. Gotorleku itxura dauka Zumaiako San Pedro elizak ere, nahiz eta kasu honetan lau ataleko nabe bakarra daukagun, abside poligonala, eta estalkia, berriz, nerbio nabarmeneko tertzeletedun gurutze-gangez hornitua. Gotorleku itxurako gotiko bitxi horrek garapen handia eduki zuen Gipuzkoan XV. mendetik aurrera eta XVI. mendean zehar, eta herri hauetako parrokia-elizetan ikus dezakegu: Eibar, Segura, Oiartzun, Elgeta, Alkiza, Ezkio, Asteasu, Zegama eta Berastegi. Herri horietako elizetan, gotiko sobrio, bakun eta elemental bat erabili zen, nahiz eta ez zitzaion falta monumentaltasunik, aurrerapen ekonomikoek eta sozialek aise onartzen baitzuten era horretako eraikina egiteak zekarren gastua. Eraikinei uniformetasun eta erregulartasun handiagoa ematen dizkien eraikuntza-formula horrek jadanik hallenkirche motako eliza iradokitzen digu. Eliza mota horrek izugarrizko transzendentzia izan zuen Euskal Herrian garai errenazentistan, eta "euskal gotiko" gisa ezagutzen dugu.