Kontzeptua

Artearen Historia. Gotikoa

Gotikoa XII. mendearen hondarrean garatu zen Europan. Kultur mugimendu horrek erromanikoa ordeztu zuen. Europan sortu zen gizarte mota berriagatik jaio zen gotikoa. Izan ere, Erdi Aroko bigarren etapa horretan, Euskal Herriak, Europa osoak bezala, garapen ekonomiko handia izan zuen, artisautzaren -antolamendu-sistema gremial batekin- eta merkataritzaren berpizkundeari esker.

Arte

Garapen ekonomiko horrek biztanleriaren hazkunde handia ekarri zuen noski. Hiriak indartzea eta hiribilduak sortzea ere bai. Jakina, hiria eta burgesia, hots, garai horretan indartu zen klase sozial berria, oinarri berri bat bilakatu ziren. Oinarri horretan, eta monarkiak, Elizak eta nobleek aurretiaz jarritakoetan altxatu zen gotikoa. Garai horretan hasi zen beheraka sistema feudala. Hain zuzen ere, sistema feudalaren gainbehera hasi zenean, monarkiek ederki baliatu zuten abagunea, beren boterea handitzeko eta erresuma zabalagoak osatzeko.

Elizak ere erantzun beharra zeukan egoera berriari. Kultur mugimendu berri bat sustatu zuen, erromanikoa ordezteko eta sortzen ari zen gizarte berrira egokitzeko. Gizarte berri hori hiritarra zen batez ere, eta, erromanikoaren proposamen austeroen eta zorrotzen aurrean, bestelako lengoaia bat eskatzen zuen, lengoia hurbilagoa, zuzenagoa, gizatiarragoa eta naturalagoa. Elizak ederki sortu zituen, fedearen eta predikazioaren alorretan, ordena monastiko berriak, ordena irekiagoak eta klase sozial berriei nahiz mentalitate berriei egokituagoak -frantziskotarrak, domingotarrak-, eta, era berean, estilo humanistagoa bultzatu nahi izan zuen, hots, gotikoa, premia artistiko berriei hein berean erantzuteko. Horregatik, eta nahiz eta gotikoak ere erromanikoaren izaera homogeneoarekin eta didaktikoarekin jarraitu zuen, Elizak bazekien estilo berriak bestelako jarrera bat eduki behar zuela, hau da, gizarteagandik hurbilagoa eta elkarrizketazaleagoa.

Arte

Garai horretan, Euskal Herriak aldaketa garrantzitsuak ezagutu zituen, nahiz eta era desberdinetan gertatu. Izan ere, Nafarroako Erresuma gainbehera-prozesu batean sartu zen, eta, azkenean, Gaztelako tropek konkistatu zuten, 1515ean. Araban ere, atzerakada handia gertatu zen, lurraldea gelditu egin zen poliki-poliki. Bizkaia eta Gipuzkoa, aldiz, beren aurrerakada ikusgarriagatik nabarmendu ziren. Itsasertzeko bi lurraldeek gora egin zuten, burdina-mearen ustiaketari, arrantzari eta Gaztelako produktuekin Ipar Europarekin egindako merkataritzari esker.

XIV. mendetik aurrerako garapen ekonomikoak biztanleria haztea ekarri zuen, eta, horren ondorioz, hazi egin ziren, halaber, gizarte eta kultur oparotasuna. Hala, Arabak eta Nafarroak Erdi Aroko lehen fasean iritsia zuten aldea berdindu egin zuten itsasaldeko bi lurraldeek, eta, ordutik aurrera, iparraren garapena handiagoa izan zen hegoarena baino.

Arteari dagokionez, gotikoak sekulako arrakasta izan zuen Euskal Herrian eta, batik bat, Bizkaian eta Gipuzkoan, nahiz eta Nafarroan, Araban eta Iparraldean ere obra garrantzitsuak eta interesgarriak egin zituzten estilo horretan. Egia esan, gotikoak XVI. mendera arte iraun zuen Euskal Herrian, errenazimentuak ordeztu gabe, estilo berri hori XIV. mendearen azkenean sortu bazen ere. Beste behin ere, arkitektura izan zen gehien garatu zen diziplina artistikoa, nahiz eta eskultura ere independizatzen eta bere kabuz garatzen hasi zen. Euskal Herriko estilo gotikoak eragin ugari jaso zituen: Gaztelatik, Aragoitik eta Frantziatik aurrena, eta, gero, Erdialdeko Europatik, hau da, Flandriatik eta alemaniar erresumetatik. Azkenik, gorde diren obra ugariek eta haien kontserbazio-egoera onak lagunduko digute euskal gotikoaren ikerketan.