Kontzeptua

Artearen Historia. Eklektizismoa

Arte

Estilo eklektikoa ondoen zehazten duen arkitektura-elementua apaindura da, eta ondorioz arkitekto eklektikorik gehienek euren eraikuntzetan estiloak hautatu baino apainketa hautatzen zuten. Elementu apaingarririk gehienak demografia hazkundeak eta ekonomia garapenak eragindako beharrizanak atontzeko helburuz zatituta eta testuingurutik aterata erabili ziren baina baita, gainera, arkitektura eta morala, estetika eta etika neoklasikotasunean bezala aldi paralelotasunez gertatu zirelako, eta eraikuntzak, bere aurrealde nagusiaren bitartez, sinbolikoak izan behar zuela uste zen, hau da, botere zibilaren zerbitzutan izan beharrean egonez.

Zio hori dela eta, Euskal Herriko eklektikotasunean erabilitako arkitektura-formarik garrantzitsuenak garaian garaiko modaren menpe zeuden, baina baita eraikuntzak zeukan zereginaren menpean ere. Horrela, erlijio-tipologiarentzako historikotasun erabilienak erromanikoa eta gotikoa berreskuratzen zutenak ziren heinean, arkitektura zibilean Euskal Herrian eskatuenak ziren estiloak errenazimentua eta barrokoa izan ziren.

Arte

Arkitektura zibilari dagokionez, italiar eraginpeko hiritar jauregi motako eredua izan zen, frantziar arkitekturaren elementu ugari izan zituen arren, nagusitu zena. Bere bolumenak erregularrak dira eta fatxadaren konposaketan simetria zorrotza izanez ardatz nabarmendunen bitartez banatzen dira; fatxadaren konposaketan, behealdean sendotasun itxura ematen zaio solairurik garrantzitsuenean elementu apaingarririk gehienak biltzen diren bitartean; hortik aurrera, goiko solairuetan arian arian tratamendu apaingarria gutxituz doa teilatura iritsi arte.

Araban zein Nafarroan, aldi honetan zehar egindako arkitektura zibil eklektikoari dagozkion ereduak ugariak dira. Iruñan, estilo mudejarrean egindako Iruñaldeko Mankomunitatearen egoitza aipatu daiteke eta Vitoria-Gasteizi dagokionez estilo errenazentistan Pantaleón Iradierrek egindako Bigarren Hezkuntzako Probintzia-Institutua -egun Eusko Legebiltzarraren egoitza dena- eta ukitu neolandatarra duen Julio Saracibarrek egindako Posta eta Telegrafoen eraikinaz gain, Saracibarrek garai horretan arabar burgesiarentzako egindako ekialdeko elementuak eklektismo historizistarekin elkartzen dituen etxalde ugariak -Heraclio Fournier, Zuloaga Etxea, Jaquecas Etxea, Sofia Etxea- azpimarratu ditzakegu.

Arte

Gipuzkoan, Donostia, mugimendu ezberdinak elkartuz bere zabalguneko eraikinak eraikitzen hasi zen, nagusiki errenazimendura eta barrokora jo bazuen ere. Eraikin horietan -Gipuzkoako Aldundiaren Jauregia, Kasinoa (egungo Udala), Victoria Eugenia Antzokia, Maria Cristina Hotela, Miramar Jauregia, Amarako Eskolak, Zuloagako Eskolak, Probintzia Institutua (egun Koldo Mitxelena), Arte eta Ofizioen Eskola (egungo Posta etxea)- jardun zuen arkitekto taldeak -José de Goicoa, Luis Aladren, Adolfo Morales de los Ríos, Francisco Urcola, Juan Rafael Aldai, edota Charles Mewes eta Selder Wormun kanpotarrek-, formei dagokienez eklektikotasun atsegina egitea lortu zuen, inola ere gainkargatutako apaingarrietan erori gabe, eta etxebizitzarako gainerako eraikuntzekin zabalgunean integratzen jakinda. Hautatutako estilorik garrantzitsuena irakurketa erraz eta soileko errenazimendua izan zen arren, bere originaltasunagatik nabarmendu beharrekoa ingeles-landazabaleko etxe baten pintoreskotasunaren antzera Wormunek egindako Miramar Jauregia da.

Eklektikotasunak Bilbon, errenazimendura ere jo zuen arren, bai konposaketan bai dekorazioan ere gainkargatutako irakurketa eginez barrokoa berreskuratzea nahiago izan zuen. Estilo horren adibide bat Bizkaiko Aldundiaren jauregia dugu, Luis Aladrenek eraikin solemne eta galanta egiteko asmoz egina, barroko estiloduna eta dekorazio-xehetasun rococoduna. Hala ere, Bilbon dagoen estilo barrokoaren adierazgarririk hoberena udaletxean eta Arriaga antzokian ditugu, biak Joaquin Rucobaren lanak; antzokian nabarmentzekoa da irudi zuzen eta bihurgunedunen arteko txandaketa eta bere aurrealdearen apaindurazko narotasuna. Beste gainerako eraikinei dagokienez -Alhondiga, Bidebarrietako Liburutegia, Deustuko Unibertsitatea, Basurtuko Ospitalea, Lezama-Leguizamon jauregia- Manuel María Smith, Severino Achucarro, Ricardo Bastida eta Calixto Emiliano Amannen lanek, besteak beste, estilo kopuru askorekin nahasten den eklektikotasuna adierazten digute, Leonardo Rucabado arkitekto kantabriarraren kasua bezala mendi-arkitekturaren elementu herrikoiak txertatuz. Arkitekto horrek zein bere belaunaldiko beste batzuk ere, estilo horren lekukotasuna Getxoko Areeta, Algorta eta Neguri auzoetan, lurraldearen industrializazioari esker aberastu ziren familia burgesen jauregietan, itxi zuten.

Arte

Hala ere, Euskal Herrian arkitektura herrikoira itzultzeko modak bere episodio berezia XX. mendearen hasieran izan zuen, neoeuskalduna deritzon estilo baten agerpenarekin batera. Estilo honen oinarria euskal baserria da, eraikuntza tipologia hau berrinterpretatu eta etxebizitza familiabakarrera bideratzen duelarik. Horrela, Lapurdiko baserriaren elementurik funtsezkoenen bilketatik abiatuta -teilatu eta aurrealdeetako disimetriak, bao handiak eta egonleku zabalak, helburu apaingarridun aurrealdeetako margodun egur-estrabeek egindako jokoa, etxearen oinaldean harriaren erabilera-, Edmond Durandeau, Henri Godbarge, Jean Longeray eta William Marcel arkitekto frantsesak izan ziren Lapurdiko itsasertzeko turismo-lekuetan estilo hori garatu zuten lehendabizikoak. Geroztik, gainerako Euskal Herri guztian zehar zabaldu zen, Pedro Guimon, Amann, Smith, Rucabado, Achucarro, Bastida eta beste euskal arkitekto batzuk egindako lanari esker, bai etxebizitza familiabakarrekoen arkitekturan bai aduana-eraikinetan edota trenbidearen geltokiak bezalako tipologiadun eraikuntzetan ere.