Kontzeptua

Artearen Historia. Barrokoa

Arte

Garai barrokoan pinturak eta eskulturak atzera pausu aipagarria eman zuten krisi ekonomikoaren ondorioz eta arte-sorkuntzarako bildutako dirua arkitekturan erabiltzea lehenesten zelako, izan ere, arte adierazpen hau lagungarri suertatzen zitzaien, bai erlijio botereari eta bai botere zibilari sozialki garrantzia lortzeko asmoan.

Horrenbestez, Euskal Herriko eskultura barrokoak ez zuen errenazentistak lortutako garrantzia eta osperik erdietsi, eta sarritan, Espainiako beste zonalde batzuetan zeuden lantegietara jo behar izan zen. Berez, XVII. mendean nagusi izan zen estiloa erromanismoaren segida baino ez zen izan, eta Juan Antxietaren jarraitzaileak izan ziren sasoi honetan nagusi. Ondorioz, dinamismoa, adierazkortasuna, apaingarrien pilaketa eta konplexutasuna ezaugarri zituen estilo barroko berria ez zen XVIII. mendera arte iritsi.

Arte

Are gehiago, XVII. mendean, Euskal Herrian aldi errealista bat ere izan zen, bertan Gregorio Fernandezen lanak utzitako eraginaren ondorioz; Valladolideko eskultoreak hainbat erretauletan esku hartu zuen, horien artean azpimarragarriak dira, Gasteizko San Migel elizako erretaula Araban eta Bergarako San Pedro elizakoa Gipuzkoan. Bestalde, Hernaniko San Joan Bataiatzailearen elizako erretaulan eta Oiartzungo San Esteban elizakoan, Gipuzkoan biak ere, erromanismoaren eragina hauteman daiteke oraindik. Nafarroan, Bianako Andre Maria elizako erretaula, Carcargo San Migel elizakoa eta Los Arcoseko Andre Maria elizakoa nabarmendu behar dira garai honetan.

XVIII. mendeko lehen erditik aurrera, euskal eskultoreen belaunaldi berri bat agertzen da -Felipe de Arizmendi, Juan Bautista de Suso, Juan de Apeztegui,Martin Bidatxe - eta ezaugarri barroko batzuk txertatzen dituzte hainbat obretan, esate baterako, Oñatiko San Migel eta Andoaingo San Martin elizetako erretaulan Gipuzkoari dagokionez eta Donibane Lohitzuneko parrokiako erretaulan, Iparraldean.

Arte

Dena den, benetako aldaketa XVIII. mendeko bigarren erdian eman zen Churrigueratarren lantegia Euskal Herrian lan egiten hasi zenean. Modu honetan, gure lurraldera rococo estiloa iritsi zen. Estilo honetan apaingarritasuna apur bat urritzen da eta erretaularen egiturari ezegonkortasun eta mugimendu gehiago ematen zaio, izan ere, lerro zuzenak eta kurbak nahasten dira eta frontoi zatikatuak, apur bat ateratako erlaitzak eta moldura gainean sostengatzen diren zutabe konplexuak erabiltzen dira. Estilo honetan, Churrigueratarrez gain, euskal eskultore ugarik ere parte hartu zuten -Tomas de Jauregui, Francisco Vergara,Miguel de Yrazusta - honako erretauletan: Elorrioko Andre Maria elizakoan Bizkaian, Leringo Jasokundearen elizakoan eta Lesakako San Martin elizakoan Nafarroan eta, Gipuzkoari dagokionez, Oñatiko Bidaurreta monasterioko elizetako erretaula nagusietan, Loiolako Basilikan, Pasai Donibaneko San Joan Bataiatzailea elizan eta Donostiako Andre Maria elizan.

Pinturari dagokionez, krisi ekonomikoa gehien pairatu zuen diziplina artistikoa izan zela esan behar da. Hori dela eta, mantentzen diren adibideak, ugariak ez izateaz gain, gehienak Europako beste zonalde batzuetatik hartutakoak dira. Gaiari dagokionez, erlijioak du indar gehien, izan ere, bai euskal nobleziak eta bai euskal burgesiak elizetara emateko agintzen zituzten obrak.

Arte

Euskal Herriko museotan pintore espainiar barroko ugari ageri da, horien artean, Jose de Ribera, Francisco Zurbaran, Mateo Cerezo, Alonso Cano, Antonio Pereda eta Juan Carreño de Mirandaren lanak nabarmendu behar dira. Baina Euskal Herrian atzerriko pintoreak ere aritu ziren, hori da Pedro de Obrel flandestarraren kasua, dena den, garai errenazentistako adibideak dauden bezalaxe, garai honetako adibiderik ez da geratzen. Berez, Vicente Berdusan nafarra izan zen euskal pintore barroko aipagarri bakarra. Erlijioaren gaiari jarraituz egin zituen bere koadroak eta, bertan, argiaren efektua eta azterketa atmosferikoa nabarmentzen dira, lerro klasizista bati jarriki. Dena den badakigu beste euskal pintore batzuk ere, Antonio Gonzalez Ruizek eta Ignacio Huartek, Espainiako beste lantegi batzuetan lan egin zutela, erlijio-eszenak eta paisaiak eginez.

Baina panorama eskas honek ez du esan nahi Euskal Herrian beste pintura lanik egin ez zenik. Berez, mantentzen diren aztarnei esker, badakigu, eliza askotan, erretaulak agintzeko adina baliabide ekonomikorik ez zegoenean, eliza pintura bidez apaintzen zela, eta beranduago erretaulekin edo bestelako apaingarriekin ordezkatzen zirela pintura horiek. Aztertu ditugun jauregi batzuetan ere, pintura muralak egin ziren, baina gehienak ez dira mantentzen; Gipuzkoan dagoen Ordiziako Barrena jauregiko pinturetan ikus daiteke adibide eskas bat; bertan, motibo geometriko eta loredunak baliatuz egindako dekorazioa da nagusi, eta ohiko erlijio gaietatik urruntzen hasten diren gaiak ikus daitezke, horrek, artearen zimenduak aldatu zituen sentiberatasun artistiko garaikide berri bat zetorrela adierazten du.