Kontzeptua

Artearen Historia. Barrokoa

Erlijio-arkitekturari dagokionez, nahiz eta beste garai batzuekin alderatuz eraikin gutxiago eraiki, oraindik eraikin garrantzitsuak eraikitzen ziren elizaren beharrizanak asetzeko. Hala, garai barrokoaren hasieran zehar Euskal Herriko herri nagusietan hainbat komentu finkatu zirela nabarmendu behar da. Gainera, aldez aurretik eliza garrantzitsuak zituzten herrietan, portada berriak eta, batez ere, kanpandorreak erantsi zitzaizkien, eraikinak Elizak markatutako helburu sinboliko berrietara egokitzeko xedez; horregatik, arreta berezia eskaintzen diegu kanpandorreei, izan ere, eraikin mota hau Euskal Herriko arkitektura-paisaian barneratzen den arkitektura-elementu nagusietako bat da.

Euskal Herriko barrokoaren ezaugarriei dagokienez, espazioaren ikuspuntu berriak garaiz txertatu zirela esan daiteke, erlijio-ordena berriek hainbat komentu finkatu baitzituzten. Eraikin hauetako elizetan arkitektura barrokoaren lehen ezaugarriak ikus ditzakegu: laukizuzen batean gurutze latindarra inprimatua daramaten oinplanoak, burualde zuzena, alboko kaperak kontrahormen artean eta koru garaia elizaren aurrean. Barnealdeari dagokionez: luneta-gangaz edo kanoi erdiko gangaz estalitako nabe bakarra dago, kupuladun gurutzadura petxina gainean kamonatua, eta alboko kaperek ertz-gangak dituzte. Kanpoaldean aldiz, frontoi batekin amaitutako lau angeluko fatxadak nahiz kutsu eszenografiko eta urbanoa izanik, fededunak erakarri nahi dituzten portadak aurki ditzakegu.

Arte

Lurraldeei so, estilo honi dagokionez ezberdintasun nabarmenak daude Euskal Herriko probintzien artean. Eraikuntza-berrikuntza nagusienak Gipuzkoan eman ziren, Bizkaian ere berrikuntzak sartu zirelarik; tipologia eta egitura ikuspegitik nahiz apaingarriei dagokienez, bi lurralde horietan aurki daitezke obra eta berrikuntza adierazgarri gehien. Berez, kostako bi probintzien artean ere bada ezberdintasunik, hala, Gipuzkoan, Euskal Herriko eraikuntza garrantzitsuenak -Loiolako basilika- egiten zuen itzalaren ondorioz, barroko joera gehiago duten proposamenak egin ziren, formari kutsu plastikoagoa emanez; Bizkaian, ordea, barrokoak ez zuen hainbeste apaingarri izan. Nafarroa, Araba eta Iparraldeari dagokienez, askoz eraikin gutxiago eraiki ziren, izan ere, beste garai batzuetako eraikinak egonik ez zen berrien beharrik, hori dela eta, estilo barrokoan elementu osagarriak eraiki ziren nagusiki, portadak, kanpandorreak eta kaperak, hain zuzen ere.

Beraz, estilo barrokoan erabat egindako eraikinei dagokienez, erretaula klasizista formako portada duen Bastidako Jasokundeko Andre Mariaren eliza, eta Iruñako Karmeldar Oinutsak, Corellako Gizakundea, Bianako San Frantzisko eta Lizarrako Kontzepzionista Errekoletoen komentuak nabarmendu behar dira Nafarroa, Araba eta Iparraldean; komentu hauen fatxadetan Il Gesú, eliza erromatarraren eragina nabari da, eta Gasteizko San Antonio komentuak Madrileko Gizakundearen komentuko fatxada klasizistaren eragina jaso zuen, kutsu herreriatar argiekin, bere eliz atarian esaterako.

Arte

Hiru lurralde hauetan XVIII. mendekoak diren gainerako eraikinetan, barrokoaren eragina antzeman dezakegu elementu apaingarrietatik haratago. Hala, Araban, Aguraingo San Joan elizan eta Tuterako katedraleko Santa Ana eta Espiritu Santu kaperetan, Nafarroan, apaingarri naroaz gain, hausturak eta dinamismoak topa ditzakegu formetan. Espazioei dagokienez, Nafarroan, Tuterako Mariaren Lagunartea elizak oinplanoa oktogonala dauka, Milagroko Zaindaritzaren elizak, guretze grekoa inprimaturik duen oinplano eliptikoa du. Dena den, portadetan hauteman daitezke erlijio-arkitektura barrokoaren adibiderik onenak, Sorladako San Gregorio Ostiense basilika nabarmentzen delarik, Nafarroan, exedra forman eta esfera laurden batekin amaitua.

Bizkaian ere, erlijio-ordena berriek eraikitako komentuen bidez barneratu zen estilo barrokoa. Bilboko Santos Juanes eliza da eraikin interesgarrienetako bat, Euskal Herrian Il Gesúren ereduari jarraitu zion lehen tenplua; barnealdean, zantzu errenazentistak mantentzen ditu, altuera ezberdinak dituzten hiru nabeko oinplanoarekin, baina elementu barrokoak ere badira bertan, gurutzadura eta, haren gainean, petxinak dituen kupula bat, esaterako. Oinplano eredu hau Uribarriko Durangoko Andre Mariaren elizan, Urduñako Familia Santuaren elizan eta Markina-Xemeingo Karmengo elizan ere aurki dezakegu. Portadei dagokienez, Bilboko, Güeñes, Turtzioz eta Gizakundea elizek Escorialeko ukituak dituen eskema sinpleko portadak dituzte. XVIII. mendean Bilboko San Nikolas de Bari eliza nabarmendu behar da, espazio kontuetan adibiderik onenetakoa zalantzarik gabe, oktogono bihurtutako lauki batean txertatutako gurutze grekozko oinplano batekin eta kupula batekin. Portadei dagokienez, Balmasedako San Severino elizan dagoena, eta Durangoko Uribarriko Andre Marian egurrez eraikitako eliz ataria eta Bilboko Santiago elizan harriz eraikitakoa nabarmendu behar dira.

Halere, Gipuzkoan aurki ditzakegu eraikin barroko gehien eta garrantzitsuenak. Lurralde honek, hazkunde ekonomiko eta demografiko handiagoa ezagutu zuen. Azkoitiko Santa Clara komentua izan zen estilo barrokoaren eragina jasotzen lehenengotakoa. Komentu honek, lehen estiloaren tipologiari eusten dio, eraikuntza soila du eta fatxadaren tipologiari dagokionez, laukizuzena da, erabateko biluztasunez gauzatua. Gurutze latindar oinplanozko komentuen eredua eta apaingarrien tradizio klasizista, Alegia eta Pasai Donibaneko parrokietan ere gauzatu zen, eta baita Getaria, Errenteria eta Segurako elizetako portadetan edota Donostiako San Vicente elizako portadan.

Arte

XVIII. mendean, Gipuzkoa, bere esanahia zela-eta Euskal Herriko aldi barrokoko eraikuntza garrantzitsuena izango zen eraikin batek baldintzatzen du. Loiolako basilikaz ari gara, barroko erromatarrarekin duen lotura dela-eta eraikin berezienetakoa dena, inguru hauetan oso ezohikoa. Italiako Carlo Fontana arkitektoak, Berniniren dizipuluak, diseinatu zuen eraikuntza hura eraikitzeaz lan-maisu euskaldun ugari arduratu ziren, horien artean Martin de Zaldua, Sebastian de Lecuona eta Ignacio Ibero nabarmendu behar dira; Basilikan parte hartu zuten artista hauek eta beste hainbat artista euskaldunek, apaingarritasunari soilik zegokion proiektu batean, multzoaren oinplanoak aldatu zituzten, Euskal Herrian garatzen ari zen estilo barrokoaren soiltasunera egokituz. Basilika da multzo guztiko eraikin garrantzitsuena, bertan, sarbide eskalinata, eliz atari ganbila, errotonda formako oinplano zentralizatua eta kupula izugarria nabarmentzen dira, azken honek gainera, haren baitako dorreen artean tiranteak ditu. Loiolako basilikak utzitako eragina oso garrantzitsua izan zen, hala, Bilboko San Nikolas de Bari elizak eta Andoaingo San Martin de Tours elizak, Loiolako basilikaren eragin hori erakusten duten elementu apaingarriak dituzte.

XVIII. mendean Gipuzkoan eraiki ziren elizen artetik, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilika da interesgarriena; bertan, aretozko oinplanoa nabarmentzen da, altuera bereko hiru nabeekin eta ganga gotikozko estaldurarekin. Segurako Jasokundea, Azkoitiko Andre Maria, Oñatiko San Migel eta Hernaniko San Joan Bataiatzailea elizetako portadak ere Gipuzkoan mende honetan egindakoaren adibide paregabeak dira. Horietan, fatxada laukizuzena, triangelu formako frontoi bat sostengatzen duten eta arku bat osatzen duten bi pilastraz barneratzen da. Pasaia San Pedroko elizari dagokionez, bertako portadaz gain, hiru nabeko aretozko oinplanoa nabarmendu behar da, eta orokorrean, neoklasizismora hurbiltzen gaituen kubo formako bolumena bera.

Erlijio-arkitekturarekin amaitzeko, Euskal Herriko paisaia arkitektonikoa osatzen duten elementu arkitektoniko bereizgarrienetako bat kanpandorrea dela azpimarratu behar da. Hasiera batean, elizetako kanpaiak kokatzeko eraikiak, dorre mota hau aldi barrokoan zehar eliza katolikoaren ikur eta euskal gizartearen gain zuen boterearen ikur bilakatu zen. Berez, kanpandorreek kanpai-hotsen bitartez egunerokotasuna antolatzen zuten.

Arte

Kanpandorrea lau ataletan antolatzen da. Lehenik eta behin oina dago, bazter bakoitzean pilastra banaz apaindutako oinplano koadro bat du eta haren gainean altxatzen da lehen gorputz baxu hau. Jarraian, bigarren gorputza dago, bertan, kanpaiak kokatzen dira eta honek ere angeluetan pilastrak erakusten ditu eta pinakulu apaingarriz hornitzen da. Ondoren taulamendua, erlaitza, eta zenbaitetan, balaustrada kokatzen dira, hauek hirugarren gorputza osatzen dute eta beste bi ataletan agertzen den dekorazioa aurki daiteke. Azkenik, eraikina, kanpaien gorputzak daraman dekorazio berdina (apaingarri gutxiagorekin) daraman linterna batekin bururatzen den kupula batekin bukatzen da.

XVII. mende amaieran eraiki ziren lehen kanpandorreak. Oso sinpleak izan ziren dekorazioari nahiz egiturari dagokionez, azken hau Escorial tradizioko kubo soilekin gauzatua; garai honetakoak dira Araban, Kanpezu, Bilar eta Bastidako dorreak, Markina-Xemein eta Portugaleteko dorreak Bizkaian eta Eibarkoa, Gipuzkoari dagokionez. Dena den, Euskal Herriko paisaia arkitektonikoan garrantzitsuenak eta adierazgarrienak diren dorreak XVIII. mendean eraiki ziren. Dorre hauek deskribatu berri dugun tipologiari jarraitu zieten eta agerian geratzen da Loiolako basilikaren egitura eta dekorazioak utzitako eragina. Gipuzkoan aurkitzen dira kanpandorre azpimarragarrienak -Elgoibar, Andoain, Tolosa, Eskoriatza, Bergara, Hondarribia, Ordizia, Usurbil, Hernani, Ibarra, Aretxabaleta, Urretxu-, beste lurraldeetan ere adibideak ikus ditzakegun arren. Hala, Bizkaiari dagokionez, Portugaletekoa, Elorriokoa, Otxandiokoa, Durangokoa, Balmasedakoa, Ermuakoa eta Gezalakoa dira aipagarri, Araban Gasteizko San Migel eta San Pedro elizetakoak eta Lesakan aurki daitekeena Nafarroan. Azken lurralde honetan, Erriberan, bestelako kanpandorreak aurki daitezke. Hauek, materialari eta egiturari dagokionez, tradizio mudejarraren ondorio dira; modu honetako dorreak aurki ditzakegu, Villafrancako Santa Eufemia elizan, San Julian eta Santa Basilia elizetan Andosillan, Santiago elizan Funesen, Desojoko Andre Maria elizan eta Tuterako katedralean.