Kontzeptua

Artearen Historia. Abanguardiak

Arkitekturarekin gertatu zenaren antzera, frankismoaren lehen bi hamarkadetan, arte plastikoek ere euskal artearen ingurutik joera eta korronte modernoak erabat desagertuz, ohiko eta kontserbatzailea zen estilo baten ostendu ziren. Margolaritzari dagokionez, artista gehienrk paisaiara jo zuten, inpresionismoak eta postinpresionismoak sortarazitako eraginaren oihartzunetariko batzuk sumatzen ziren margolaritza figuratiboari -eta ez errealista- ekinez. Estilo horretan, besteak beste, Menchu Gal, Mari Paz Jiménez eta Gonzalo Chillida bezalako margolariek jardun zuten.

Berriak, aldaketak eta, baita, etenak ere, beraz, hirurogeigarren hamarkadatik aurrera etorri ziren. Hamarkada horretan sortzen da Euskal Herrian lehen aldiko abangoardia historikoak berreskuratzearen aldeko apustua bakarrik ez ezik, une horretan sortuz zihoazen arte-mugimendu berriengatik -informaltasuna, espresionismo abstraktua- eragina jaso eta, gainera, antzaldatzen zihoan beharrizan berridun gizarteari hurbiltzen saiatzearen aldeko margolarien belaunaldi berri bat.

Programa horretan, lehen aldian bezala, bigarren honetan ere elkartekidetasunak toki erabat garrantzitsua izan zuen. Izatez, berrogeigarren hamarkadaren amaieratik euskal artisten elkarteek birsortzen hasi ziren eta artearen esparrua biziberritzerakoan garrantzi ukaezina izan zuten. Hirurogeigarren hamarkadan, beraz, hainbat izan ziren sortutako taldeak, nahiz eta talde horietatik gehienak bizitza laburra izan eta sortarazi zuten eragina mugatua eta unean unekoa izan zen.

Hirurogeigarren hamarkadan sortutako taldeen artean, osperik handiena izan zutenek 1965. urtean Jorge Oteizaren proposamen eta pentsamenduaren inguruan sortuak izan ziren. Gipuzkoan Gaur, Bizkaian Emen, Araban Orain eta Nafarroan Danok. Izatez, Euskal Herrian lehen abangoardia mugimenduak sustatzearen aldeko -Baita izenez Iparraldean bosgarren bat sortzeko egitasmoa ere izan zen- helburua izan zuten, taldeon bitartez jakintza-alorren arteko harremanaren aldeko apustua egiteaz gain, gizarte-errealitatearekin harremana galdu gabe modernitatea eta tradizioa bat egin zezan, artea sortzeko ekimena sustatzearen alde eginez.

Aipatutako taldeek aurrera egin ez zuten arren, euskal artearen esparrura lengoaia berriak ekarri eta figurazioa bertan behera uzteko apustua egin zuten euskal margolarien belaunaldi berri bat agertu izanagatik gorago aipatutako ekimena oso garrantzitsua izan zen. Hala ere, margolari horien artean abstrakziotik gizarte ikuspegi batetik interpretatutako errealismo mota berri batera arteko estilo-aukera ugariak aurki ditzakegu. Lehen estiloan, besteak beste, José Antonio Sistiaga, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias, Bonifacio Alonso eta Ramón Vargas ditugu, bigarren estiloan Agustín Ibarrola, Dionisio Blanco eta Isabel Baquedano ditugun bitartean.

Zizelkaritzari dagokionez, XX. mendearen bigarren aldi horretan, joera berritzaileekin izandako harreman goiztiarrari esker, arrakasta eta garapenik gehien izan zuen arte-jakintza zizelkaritza izan zen. Izatez, Euskal Herrian berrogeita hamargarren eta hirurogeigarren hamarkaden artean euren lana garatu zuten zizelkari taldeari Zizelkaritzaren Euskal Eskola izena eman zaie.

Adiera hori ez da ideario komunez hornitutako antolaketa sistematiko bezala ulertu behar, berezitasun berdintsuak, desadostasunik izan zuten arren, izan zituzten zizelkari talde baten sentiberatasun komuna bezala baizik, hau da: burdinean, harrian edota egurra bezalako materialen erabilera, gizakiaren eta naturaren arteko harreman estua, monumentalitateagatiko zaletasuna eta lengoaia figuratiboagatiko baino abstraktuagatiko nagusitasuna. Hala ere, talde horrek ez zuen nazioarteko egoeraren azken joerekin bat zetorren arte garaikidearen mugimendu bat bakarrik sortu. Horrezaz gain, abangoardia artea egin nahi izan zuen; helburua, abangoardia mugimendurik garrantzitsuenen ekarpenak bertokotasunarekin elkartu zitzan arte-lengoaia berri bat garatzea zen gero gizarteari eskaini ahal izateko.

Berrogeita hamargarren hamarkadan hasitako zizelkari talde horren ekimena Jorge Oteiza Hegoamerikatik etorri izanarekin -guda aurretik joan izan zen bertara- eta Arantzazuko basilikako lanen hasierarekin batera gertatu zen. Eraikinaren eta eraikuntza osatzen zuten margo eta eskulturen eraiketak antzeko sentiberatasuna izan zuten artista-belaunaldi bat ekarri zuen, egitasmoaren inguruan eta lanen egile izan ziren Nestor Basterrechea, Agustin Ibarrola, Lucio Muñoz eta Eduardo Chillidarekin batera Oteizaren nortasun sendoaren inguruan bilduz.

Hirurogeigarren hamarkadan, Arantzazuko taldekideren batzuk Euskal Herriko lurralde eta jakintza-arlo desberdinetako artistak biltzen zituen arte mugimendu berri baten eraketan berriz ere topo egin zuten. Horretara eratu ziren Gaur, Emen eta Orain, lengoaia modernoak erabiltzearen ahalegina egin, tradizioa eta aro garaikidea bat egin, eta gizarteari hurbildu zedin artea burutzeko asmotan. Egitasmo horrek bat ez etortze formal eta ideologikoengatik porrot egin zuen baina euskal zizelkaritzak eta, oro har, arte garaikideak euskal gizartean presentzia ikaragarri bat izatea lortu zuen. Izatez, hainbat dira Oteiza eta Chillidaren -garai horretako bi zizelkaririk garrantzitsuenak-ildoari geroztik jarraitu dioten Remigio Mendiburu, Vicente Larrea, Ricardo Ugarte, José Ramón Anda eta Ángel Bados bezala nabarmentzen diren zizelkariak.