Kontzeptua

Artearen Historia. Abanguardiak

Arte

Diktaduraren lehen urteetan zehar, erregimenak antzinako estiloen dekoraziora jo zezan sustrai historiko eta herrikoidun nazio-estilo bat aurkitu nahi zuen, bereziki escurialensea, batez ere abagune hori espainiar Inperioraren distirarik gorenarekin identifikatzen zelako. Horrela, garai horretan eraiki ziren eraikinik gehienetan -Iruñako alde nazionalagatik eroritakoei opatutako eliza, Donostiako Abadetegia, Gernikako Enparantza nagusia- exhibizionismoa eta eskala monumentalaren gehiegikeria eman zen. Nazio-estilo bat ezartzearen ahalegin horretan euskal arkitekto bik, Pedro Muguruza Otañok Arkitektura Zuzendaritza Nagusitik, eta Pedro Bidagor Lasartek Suntsitutako Lurraldeen Zuzendaritza Nagusitik funtsezko jarduna izan zuten. Hala eta guztiz ere, arau horiek kasu guztietan ezin izan ziren ezarri zeren ekonomikoki garestiegiak izateaz gainera, ez zioten ekonomia egoera larriak berreraikuntza azkar eta nagusia izatera behartzen zuen gizarte baten beharrizanei erantzuten. Horrela, berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera guda aurreko urteetan jardunean izan ziren arkitektoek zein belaunaldi berriek ere, lengoaia modernoa berreskuratzeari ekin zioten. Izatez, Bilbon, Pedro Ispizua, Fernando Arzadun, Pedro Guimón eta Manuel Ignacio Galíndez ditugu, Vitoria-Gasteizen Jesús Guinea eta José Luis López Uralde, eta Gipuzkoan, Ramón Cortazar eta José Antonio Ponte. Horiek guztiak etxebizitzetarako eraikuntzak eginez jarraitu zuten, beraietan art déco xehetasunak eta elementu espresionistadun arrazionaltasuna nahasiz.

Hala ere, berrogeita hamarreko hamarkada ere beste esperimentazio mota batzuentzako berebizikoa izan zen. Horrela, erlijio-arkitekturan II Vatikanoko Kontzilioa ospatzeke zegoen urteetan elizaren tipologiak eraberritze aldia bizi izan zuela azpimarratu beharra dago. Horretara, Francisco Javier Sáenz de Oíza arkitekto nafarrak Luis Laorgarekin batera Oñatin (Gipuzkoa) Arantzazuko basilika proposatu zuen. Eliza horrek, tradizioan sustraitutako elementu anitz mantentzen zituen arren, beste kasu batzuetan lengoaia modernoarekiko konpromiso nabarmena azaltzen zen. Aipatutakoa Vitoria-Gasteizen ere aurkitu dezakegu, Javier Carvajal eta José María de Paredesek egindako Los Angeles elizan, eta Miguel Fisac -en La Coronación; eliza biotan nabarmentzen da, dagozkien geometria irregulardun orubeetara egokitutako plastika eta eskultura-ahalmen handia transmititzen duten, eraikinen euren egitura.

Hirurogarreneko hamarkadatik aurrera, sentiberatasun berri bat agertu zen euskal arkitekturaren inguruan. Lengoaia modernoa eta arrazionala kurbei lehentasuna eman eta batez ere inguru naturalean zein historikoan eraikitako eraikinen integrazioari garrantzi handia ematera zetorren organizismo izeneko estilo berri baterantz garatu zen. Estilo honen hedakuntzan nabarmentzekoa da teoria mailan Juan Daniel Fullaondo bizkaitar arkitektoak izan zuen jarduera, eta Eugenio María de Aguinaga eta Saénz de Oízak estilo horretan, berezitasunez Duranako udalerrian azkenengoak egindako etxebizitza, egin izan zituzten lan mordoa ere.

Edozelan ere, aro horretako arkitektorik garrantzitsuena Luis Peña Ganchegi gipuzkoarra izan zen. Izatez, Zarautzeko Vista Alegre Dorrea bezalako bere hasierako lanetatik aurrera, Peña Ganchegik plastizismoaren eta organizismoaren onuratan paisaiara eta ingurura egokitzeaz gain, tokiko historiara ere doitzen zen arrazionaltasun zehatza gainditzearen aldeko apustua egin zuen. Bere hainbat lanen artean Mutrikuko Imanolena Etxea, gipuzkoar udaletxe berean egindako Iparragirre etxebizitzetarako eraikina, Vitoria-Gasteizko Foruen Enparantza eta San Francisco eliza, eta Donostiako Hirutasun eta Tenisaren enparantzak azpimarratu beharra dago; azken honetan, Peña Ganchegik, lursail marjinal baten berreskurapenetik abiatuz, beti paisaiaren zati izan den sentsazioa ematen duen arritmia esanguratsu eta testura adierazgarridun harmailatutako aztarna minimalistadun enparantza azaldu zuen.

Arte

Aldiaren amai horretan, organizismoa estetikarik berritsuena izan zen arren, lan askotan arrazionaltasunarekin nahastuz jarraitu zuen, eta xehetasun eta elementu espresionistarik ere izan zen. Estilo horretan lanean jardun zuten arkitektoen artean Fullaondo, Fernando Olabarria, Álvaro Líbano, Rufino Basañez, José Erbina, Miguel Mieg, Miguel Oriol e Ibarra, Francisco Javier Guibert, Fernando Redón eta Félix eta José Luis Iñiguez de Onzoño anaiak nabarmendu behar dira. Lan aipagarrien artean, Bilbon Txurdinagako irakaskuntza ertainerako institutuak, Donostian kokatutako Deustuko campusa, Iruñako Santiago Apostoluaren eliza, eta eskola-taldeekin zerikusirik duten beste hainbat lan, kultura ekipamenduak eta etxebizitzetarako eraikinak. Halere aldi hori egokien ordezkatzen duen eraikina Rafael Moneo arkitekto nafarraren lehen lan handia den Donostian egindako Urumea etxebizitzen eraikina da. Bertan, Javier Marquet, Javier Unzurrunzaga eta Luis Maria Zulaikarekin batera, paisaia eta hiriburuaren iragana bereganatzen du, lerro uhindunez bateratutako behatokiak zabalgunearen etxadia zehaztu eta laukitzen duten kantoi oktogonalekin elkartuz.