Arte aplikatuak

Arrue Valle, Ricardo

Zeramikaria. Abandon jaio zen (Bilbo), 1889ko azaroaren 5ean, eta Caracasen hil (Venezuela), 1978ko martxoaren 11n.

Hiru anaia zituen: Alberto, Jose eta Ramiro. Beraren anaia Albertok eskolak eman zizkion, eta hamalau urte zituela, Donibane Lohitzunera bizitzera joan zen. Bertan sei urtez egon ostean, Bilbora itzuli zen soldadutza egitera, Alberto bere anaiarekin batera. Soldadutza amaitu ondoren, Euskal Artisten Elkartean parte hartu zuen. Esmalte eta zeramiketan espezializatu zen, eta obra ugari enkargatzen zizkioten, dotoretasun handiz burutzen baitzituen. 1924an, Madrilgo Certamen Nacional de Artes Decorativas lehiaketan, arloko adituek saria eman zioten, aurkeztutako zeramiken edertasunarengatik.

LDM

1925ean, Ramiro anaiarekin batera, Urrezko Domina jaso zuen "Pariseko Dekorazio eta Industria Arteen Nazioarteko Erakusketan". Bi urte beranduago, esmalte erakusketa egin zuen Pariseko Artisan galerian, Ramirorekin, eta beste bat Londresko Espainiar Zentroan, beraren anaiekin batera. 1928an, anaiekin batera berriz ere, Montevideoko Moretti-Catelli galerian erakusketa egin zuen. Euskal Artisten Elkartean hasi zenetik, erakusketa ugari egin zituen elkartearekin, hala nola Bartzelonako Emporium galerian (1933).

1937an, Guda Zibila pil-pilean zegoela, Donibane Lohitzunera joan zen (Lapurdi). Bertan denbora batez egon ostean, Parisera bizitzera joan zen. Bigarren Mundu Gerra hasterakoan, Txilera ihes egin zuen. Gero, Santo Domingora joan zen, eta handik, Venezuelara.

1940an, Caracasen zegoela, "Ex - Libris de la Biblioteca Nacional" Lehiaketa irabazi zuen. Ez zen diru-saria hartzera joan, eta euskaldun askea zela eta Venezuelan "bizimodua baino, aberria irabazi nahi zuela" aldarrikatu zuen. Handik gutxira, Metalen Tailerreko irakasle izendatu zuten, Caracaseko Arte Plastikoen eta Aplikatuen Eskolan. Bertan, irakasle lanetan aritu zen, eta beranduago, baita Mariano Picon Salas Kultura Etxearen Arte Tailer Askean ere.

1941ean, "II Salón Oficial de Arte Venezolano" erakusketan parte hartu zuen, Los Caobos Arte Ederren Museoan. Hurrengo urteetako edizioetan ere izan zen, eta obra multzo onenari saria lortu zuen, 1947an.

1943an, bere obrak aurkeztu zituen Margolari Espainiarren Erakusketan, Caracaseko Espainiako Etxean, eta urtebete beranduago, hirugarren saria lortu zuen Alfabetatze Kanpaina Nazionalaren Kartel Lehiaketan, Araguako estatuak antolatua. 1951ean, Caracaseko Arte Ederren Museoaren inauguraziorako erakusketan parte hartu zuen. 1960an, Eugenia de Mendoza Fundazioaren "III Exposición de Arte del Fuego" erakusketan eta Caracaseko Arte Ederretako Museoaren "XIV Salón de Independientes" erakusketan parte hartu zuen. Hiru urte beranduago, Arte Tailer Askearen erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, Hezkuntza Ministerioko Kultura Zuzendaritzaren babespean.

Anaien antzera, ilustrazioak ere egin zituen, besteak beste: Julian Zugazagoitiaren Pedernales (itinerario sentimental de una colonia escolar) libururako, 1929an.

Caracaseko Euskal Etxearen XXV. Urteurrena ospatzeko, erakusketa kolektiboa antolatu zuten zentroaren lokaletan 1975ean. Erakusketa hori eta Bilboko Neurie galerian 1978an egindakoa, artistaren azkeneko agerraldiak izan ziren. Arrueren obra Bilboko Arte Ederren Museoan ikus daiteke, orduan Arte Modernoaren Museoa deitzen zena.

Luis de Lazaro Uriartek artistak landutako generoen eta zeramikaren eta pinturaren arteko harreman argia ezarri zuen, testu honetan:

"Gaztetatik, zeramikak indarra izan du Ricardorengan, eta bulkada hori hurrengo urteetako erakusketa ugarietan eta bikainetan loratu zen... Horregatik, Ricardo Arrueren zeramikek eta esmalteek generoan ohikoak ez diren helburuak eta efektu plastikoak erabiltzen dituzte, pinturaren berezko eremuetan maiztasun handiz aurki daitezkeenak. Nire ustez, Ricardoren gaiek muinean zeramika zuela erakusten dute . Margoetan agertzen diren gaiak paristarrak, euskaldunak nahiz venezuelarrak izan, obrek intimismo nabarmena dute, zenbaitetan baita tolesgabetasun poetikoaren zantzuak ere, eta argi eta garbi ikus daiteke hori, Senako dikeak edo Notre Dame margotzerakoan, Caracaseko plazak eta txokoak mihisera eramaterakoan edo euskal portuak, gaiak eta paisaiak jasotzerakoan".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

SRP

  • HAINBAT EGILE. Los Arrue (Alberto-José-Ricardo-Ramiro). Bilbao Kutxa, 1977.
  • LARRINAGA, José Antonio. Los Cuatro Arrue. Artistas Vascos. Bilbo, 1990.

SRP