Arkitektoak

Arroyo, Eduardo

Arkitektoa. Bilbo, 1964.

Eduardo Arroyo arkitekto bizkaitarra NO.MAD arkitektura estudioko zuzendaria da. Estudio horrek egun egoitza nagusia Madrilen badu ere, mundu mailako txapelketetara aurkeztuz, orain arte burutu dituen lan garrantzitsuenak Euskal Herrian bertan gauzatu ditu, zehazki Bizkaian.

Azken belaunaldietako gazteen artean, ziurrenik Eduardo Arroyo dugu oraingoz arkitekto ospetsuena eta garrantzitsuenetakoa. Ofizio honetan adinarekin soilik lortzen da lan esanguratsuak burutzea ikasketak oso luzeak gertatzen baitira. Lehen urteak ere oso zailak izaten dira, estudioa sortu eta ibilbide propioari ekin arte. Zenbait kasutan salbuespenak gertatzen dira eta euren mailari esker, badaude merezitako ospea uste baino lehenago lortzen duten arkitektoak. Zalantzarik gabe horietako bat Eduardo Arroyo bera da, 1988an Madrilgo Arkitektura Eskolan titulua lortu ondoren, urte gutxitara lanean aurkitzen baitugu hainbat proiektutan murgilduta. Urte batzuk beranduago, 1996an, sekulako arrakasta lortuko du bai Espainian eta bai Europan ere, bere lehen lan garrantzitsuarekin, Sondikako Haur Eskola.

Estilo aldetik, Arroyo arkitekto guztiz garaikidea dugu, hau da, azken korronteak primeran eta sakonki ezagutzen dituen arkitektoa. Azkenaldi honetan -azken hamarkada honetan bereziki, XXI. mendearen hasieraz geroztik-, askotan aipatu da nazioarteko arkitektura esparruan teorian bi estilo kontrajarriak daudela. Bata oso adierazkorra da eta Holandako arkitekto multzo batek sustatzen du, Ren Koolhas maisu dutela. Bestea minimalistagoa da eta Suitzako arkitekto multzo batek bultzatzen du, kasu honetan Jacques Herzog eta Pierre de Muron nabarmentzen dira. Euskal Herri mailan Arroyo bi joera horien nolabaiteko sintesia egin du, hau da, hasieran bere arkitektura, minimalistagoa bazen ere, denboraren poderioz, adierazkorragoa egin da, eta egun bere azken proiektuak arrazionalismo zorrotz batean oinarrituta daude, askotan Lego jostailu markaren eraikinak dirudite. Garapenean, eraikinaren bolumenak gauzatzen hasten denean guztiz adierazkorrak dira, adierazkorrak eta konplexuak hainbat arlotan, esaterako, materialak, formak, egitura eta esanahia.

Baina hasieran ere azaleko sinpletasuna eta berezko konplexutasunaren arteko kontrastea oso agerian geratzen zen, lehen aipatu dugun bezala, ospea eskaini zion lehen eraikinean bertan. Sondikako Haur Eskola (1996) teorian oso eraikin xumea da, txikia. Sarrera itxita dauka kanpoko begiradak ekiditeko. Sabaia du hainbat maila konbinatzen ditu. Atzealdea irekia eta argitsua da, haurren ataria eta lorategia bertan baitaude. Baina gauzarik harrigarriena barruan gertatzen da, Arroyok espazio bakoitzari eta zerbitzuei -komunak, ateak, eta abar- eskala desberdinak eskaintzen dizkienean, haurren neurriak errespetatuz, beraien testuingurua proiektuan kontutan hartuz eta eraikinean hain modu ederrean gauzatuz.

Bere hurrengo proiektua, Desierto plaza Barakaldon (1998), planteamendua eta tipologiari dagokionean desberdina bada ere, aurreko Arroyo bera aurkitzen dugu. Alde batetik arrazionala da eta diseinuaren aldetik neurri handi batean oso minimalista. Baina bestetik, organikoa da eta beste neurri batean, klasikoa, ez baitzuen plaza gogor bat proposatu. Horrela esaten zaie XX. mendeko azken hamarkadetan herri eta hiri askotan eraiki diren landare eta zuhaitzik gabeko plazei, harriz edo hormigoiez eginiko plazei alegia. Arroyok landarez ongi hornitutako plaza sortzen du, baina diseinu garaikide batekin. Ez dago simetriarik, multzoa lauki zuzenez elkartutako esparruek osatzen badute ere. Horrela, Arroyok hainbat ikuspegi eta perspektiba osatzen ditu espazio berean. Irakurketa eta esanahia diferenteko bideratzeko aukerak ematen ditu.

Arroyoren hirugarren lana beste proiektu arrakastatsua izango da. Gainera tipologia zailari heldu zion, futbol zelaiak ordura arte nahiko funtzionalak gertatzen baitziren. Gaur egun ez da hala gertatzen, estadio berrien diseinuan arkitekto ospetsuenak ere parte hartzen hasi diren neurrian, gauzak asko aldatu baitira. Gehienetan nortasunik gabekoak ziren, gehienetan armarri multzo bat kanpotik besterik gabe estaliak izaten zirelako. Horrela gauzak, Arroyo Barakaldoko futbol estadio berrian, Lassesarre (2000), ohiko nagikeria aldatzea erabaki zuen eraikin liluragarria gauzatuz. Kanpotik kaxa baten itxura dauka, lau dorrerekin kantoietan eta horietan argiak daude. Barruan, futbol zelaia inguratuz, kolorezko eserlekuak jarri zituen. Erabaki sinple horiek tipologia irauli zuten eta geroztik egin diren futbol zelai guztiak Lassesarrekoa eredutzat hartu dute.

Ondoren, Arroyoren bi lan ezagunenak Madrilen eraiki dira -bertan finkatu baitzuen bere estudioa, horri ere izen berria emanez, NO.MAD. Biak banakako etxebizitzak izan dira, Levene etxea El Escorialen (2002) eta Zafra-Uceda etxea Aranjuezen (2006). Bi lan horiek ere ospe handia eskaini diote. Bi etxe horietan, aurreko lanekin konparatuta, aldaketak nabarmenak dira Arroyoren arkitekturan. Horrela, hasieran aipatu dugun jarrera minimalista baztertuz orain Arroyok adierazkortasunaren aldeko apustua egiten du, eta formetan aurreko arkitekto minimalista bera izaten jarraitzen badu ere, formak askoz konplexuagoak dira, eskultorikoagoak, zenbaitetan funtzioa bera baztertuz eta saentimenduen aldeko arkitekturaren apustua eginez. Joera hori bere lan guztietan igartzen da, txikiak badira ere, Bilboko Arquia Banketxearen egoitzaren (2007) kasuan bezala. Oinplanoari dagokionean, eraikina txikia eta xumea da, baina emaitzari so eginez gero guztiz aberatsa da, espazioa eta materialen bitartez -bereziki beira eta plastikoak- sortzen dituen sentsazioak direla eta.