Kontzeptua

Arkitektura industriala

Historian zehar, tipologia ezberdineko eraikinak erabili izan dira jarduera industrialetarako. Hastapenetako instalazio industrialek ordea, aurrez aipatu bezala, ez zuten tipologia zehatzik erabiltzen eta landa arkitektura zuten oinarri.

Industriaurreko eraikuntza horien artean kasu hedatuena irin-errotena izan zen, Gipuzkoan adibidez, ibai arro gehienetan ageri ziren eta XIX. mendean ere honelakoak eraikitzen jarraitzen zuten. Hipolito Vautier ingeniariak diseinatutako Lasarteko errota kasu.

Errota horiek eredu hartuta, makinaria mugitzeko energia hidraulikoa ardatz bertikalaz erabiliz, eta prozesu produktiboa ere bertikalean antolatuta, solairudun fabrika jaio zen Industria Iraultzaren eskutik, XVIII. mendeko Ingalaterran. Lehen adibideak ehungintzan erabili ziren; Derbyko Thomas

Cotchetten zeta fabrika 1702an eta 1718an Derbyn eraikitako ehun fabrika kasu.

Iberiar penintsulan, ordea, ez zen horrelakorik agertu mende bukaeran, Kataluniako ehungintzak eta Euskal Herrian jaki-industriak lehen laginak utzi zituzten arte; 1792an eraiki zituzten nola Segismundo Mir-en Bartzelonako Indiana fabrika hala Bilboko Pontongo okindegia.

Lehen fabrika arrazional hauek, gehienak, oin laukizuzenekoak ziren eta leiho handiak zituzten solairu guztietan, perimetro osoa hartuz eta honela argi naturalaren sarrera ahalbidetuz. Orokorrean, ibaiertzean kokatzen zituzten, ura indar eragiletzat erabiltzen zutelako, nahiz produkzio prozesurako beharrezko osagaia zelako.

Eraikuntzari dagokionez, lehen ereduek, arkitektura tradizionala oinarri hartuta, zurezko egitura, harrizko hormak eta bi edo lau isuritarako estalkiak izan ohi zituzten. Geroago, ordea, burdina eta altzairuaren etorrerarekin, barne espazioak libre eta malguagoak izatera pasa ziren. Eta azkenik, hormigoi armatua agertzean, hormigoizko egitura, adreilu eta luzituzko itxiturak eta estalki lauak gailendu ziren. Azken hauek iragazgaizteko urmael- edo lorategi-estalki sistemak erabiltzen zituzten, eta estalki mota honen erabilerak, eraikina gorantz haztea ahalbidetzen zuen.

Euskal Herriko orografia malkartsuan irtenbide soluzio paregabea izan zen tipologia hau erabiltzea eta 1940. hamarkadatik aurrera, gure hiriguneetan ere, eredu ugari eraiki ziren, Eibarren eta Bilbon besteak beste.

Halere, ordurako, XIX. mendeko bigarren industria iraultzak ekarritako produkzio prozesuen dibertsifikazioarekin eta dimentsio handiagoko makinariaren ezartzeak eraginda, solairudun fabrikak ezin zituen jarduera guztien eskakizunak ase eta nabe-fabrika sortu zen.

Tipologia berri honek siderurgian izan zuen harrerarik onena, hasiera batean, baina ontzigintzan ere laster izan zuten arrakasta, ezin hobeto erantzuten baitzien euren jarduera garatzeko behar ziren espazio-baldintzei; espazio zabal eta altuak eskaintzen zituen, produkzioa horizontalki antolatzea ahalbidetzen eta argi naturalez egoki hornitua zegoen.

Oin laukizuzena eta altuera bakarreko eraikinok, bi isurialdeko estalkia zuten eta, eraikuntzari dagokionez, lehen ereduek arkitektura tradizionala hartu zuten oinarri; karga hormak eta zurezko zertxak teilez estaliak. Geroago, ordea, XIX. mende amaieratik, egitura metalikoak gailendu ziren, barneko zutabe kantitatea murriztea ahalbidetuz eta barne espazioa libreago utziz. Itxitura arinak zituzten (adreilua,...) eta normalean perimetroan ez zuten leihorik planteatzen. Argi sarrera nagusia estalkian zegoen, uniformeagoa eta arrazionalizatua.

Tipologia honen baldintza edo muga nagusia kokalekuarena da, azalera handiko orube laua behar dute eta jatorrizkoa horrelakoa ez bada, lur-mugimendu handiak egin behar izaten dira. Bestalde, bere konfigurazio espazialak garapen horizontala errazten du, modulu seriatu bidez, nahiz hormarte berriak erantsiz, eraikina erraz handitu baitaiteke.

Nabe-fabriken artean arrakasta gehien izan zuen eredua Shed edo zerra-hortz nabea izan zen. Nabe-fabrikaren aldaera den honek, iparralderantz orientatutako zerra-hortz formako argizuloak ditu estalkian eta jatorrizko tipologiak baino argiztapen hobea izateaz gain, zutaberik gabeko barne espazio malguagoa eskaintzen du.

Euskal Herrian, nabe-fabrika, industria jarduera garrantzitsuenetan erabili da, nola siderurgian hala ontzigintzan edota papergintza, ehungintza eta bestelakoetan ere. Hasiera batean, malda handiko zurezko zertxadunak ziren, teila lauez estaliak. Gerora, ordea, malda txikiagoko estalkiak gailendu ziren, egitura metalikoak zein hormigoi armatuzkoak nagusitu ziren heinean.

Shed nabea berandu iritsi zen gurera, lehen adibidea XIX. mende amaierakoa dugu: 1890eko Eibarko Orbea fabrika izan omen zen lehena zerra horzdun estalkidun nabea eraikitzen. Hurrengo urteetan, honelako eraikinak dezente ugaritu baziren ere, Gerra Zibilaren ondoren sistema honen gainbehera etorri zen eta barneko zutabe gutxiago behar zituen beste estalki mota batzuk agertu ziren, tirantedun gangarena besteak beste. Azken sistema hau ezin hobea zen industria siderometalurgikoentzat, ijezketa-trenek eta labeek behar zuten espazioagatik.

Gipuzkoan, adibidez, gangadun estalkiko nabe ugari eraiki zen 40. hamarkada erdialdean hasi eta batez ere 60. eta 70. hamarkaden artean , ekonomia kontuengatik erabiltzeari utzi zioten arte. Honen adibide dugu, Zumarragako Orbegozoren altzairu-fabrikarako, Luis Astiazaranek diseinatutakoa.

Arkitektura industrialean erabili diren tipologia ezberdinak horiek izanda -Solairuetakoa eta Nabea (bere aldaerekin)-, jarduera industrial bakoitzerako, eskakizunen arabera, tipologia bat edo beste aukeratu izan bada ere (metalurgian nabearen erabilera argia adibidez), kasu askotan, produkzio prozesuko fasearen zein garaiaren arabera, tipologia ezberdinak eraikin multzo berean bateratu izan dira. Aipatutakoaren adibide ugari aurki ditzakegu Euskal Herrian, nola ehungintzarekin erlazionatutako industrietan hala papergintzan edo Gipuzkoan hainbesteko indarra izan duen makina-erreminta industrietan ere.