Pintoreak

Arizmendi, Kepa

Pintore nafarra. 1957an Elizondon jaio eta 2009ko ekainaren 8an Baionan zendu zen.

1972an hasi zen pintatzen eta, 1980an, Baztango pintoreek egindako erakusketa kolektiboan parte hartu zuen. Bere lanak Nafarroako hainbat herritan jarri zituen ikusgai, esate baterako, Elizondo, Bera, Lesaka edo Iruñean. 1990ean Donostiako Okendo Kultura etxean egin zuen erakusketa, Baztango kolektiboko kide ziren Jose Mari Apezetxea, Ana Marin, Tomas Sobrino eta Xabier Soubeletekin batera.

2008an Rikardo Paskual eta Kepa Arizmendiren ekimenez Ur Taldea sortu zen, euskal artista garaikideen obra ezagutarazteko asmoz. Elkarte horrek Senperen egin zuen lehen erakusketa kolektiboa, 2009ko udan. 10 artista euskaldunek parte hartu zuten, Kepa Arizmendi tartean zela.

2010eko abenduan Kepa Arizmendiren omenezko erakusketa bat egin zen Baionako Poudrière aretoan. Bertan pintorearen 23 lan erakutsi ziren eta, horrez gain, 12 pintore eta eskultorek lan bana paratu zuten. Horien arten ziren, besteak beste: Koldo Alberdi, Begoña Durruti, Rikardo Paskual, Rosa Valverde, Xabier Morras, Jose Mari Apezetxea, Ana Mari Marin edo Gonzalo Etxebarria.

1976an argitaratutako La Escuela del Bidasoa liburuan Francisco Javier Zubiaur Carreñok zera dio: "Kepa Arizmendiren pintura kubismotik formaren abstrakziora doa, kolore hotz eta lakarrekin"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).