Kontzeptua

Argitalpenen historia Euskal Herrian

Euskal argitalpen eta argitaletxeen historia uztarturik egon da, eta Euskal Herrian lehenbiziko inprenta XV. mendean ezarri zenetik, egoera soziopolitiko eta kulturalak erabat baldintzatu dute bata eta bestearen ibilbidea. XVI. mendetik

Euskal argitalpen eta argitaletxeen historia uztarturik egon da, eta Euskal Herrian lehenbiziko inprenta XV. mendean ezarri zenetik, egoera soziopolitiko eta kulturalak erabat baldintzatu dute bata eta bestearen ibilbidea. XVI. mendetik XIX.era obra gutxi kaleratu ziren, gehienak erlijio-gaiei buruzkoak eta sarri Euskal Herritik kanpo inprimatuak. XVIII eta XIX. mendeetan, alabaina, argitaratze-prozesua erraztu eta egonkortu egin zen, eta horrek liburuak ugaltzea ekarri zuen. XIX. mendeko euskal kulturaren pizkundeak, bestalde, ekoizpen horren alde egin zuen, eta ordutik 1930eko hamarkadara bitartean hainbat pertsona, elkarte eta argitaletxe sortu berriren esku egon ziren euskarazko argitalpenak. Espainiako Gerra Zibilak, baina, argitaletxe horien lana eten zuen, eta gerraosteko urteak ez ziren batere samurrak izan: erbestean sortu ziren lehenbiziko argitaletxeak, eta 50eko hamarkadara arte ezer gutxi kaleratu zen sistematikoki. Hamarkada horretan nahiz hurrengo bietan euskarak astiro-astiro jasandako gorakadarekin batera argitalpenen mundua berpiztu egin zen, eta berriro ere ekin zion egonkortze-prozesuari. Esan daiteke gutxieneko egonkortze finkoa 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran lortu zela, euskara Euskal Autonomia Erkidegoan ofizial bihurtzearekin eta ikastetxeetan sistematikoki sartzearekin batera. Garai hartan sortu ziren, hain zuen ere, egungo argitaletxe nagusiak, gerora beste argitaletxe garrantzitsuren bat sortu bada ere.