Kontzeptua

Argitalpenen historia Euskal Herrian

1958an Icharopena argitaletxearen babespean hasi zen Estornés Lasa Auñamendi bilduma argitaratzen; izan ere, gaitza zen oraindik ere Francoren zentsura saihestea. Harpidetzaren bidez banatu ziren hasiera batean plazaratutako obrak, eta denbora gutxian eskaera-kopuru izugarri handia egin zen, jendartean zegoen jakin-minaren erakusgarri. Bada, handik hiru urtera eratu zen erakunde juridiko legez Auñamendi argitaletxea ere. Berez, ezin esan daiteke argitaletxe berria zenik, jada aipatutako Espainiako Gerra Zibilaren aurreko Beñat-Idaztiak haren ondorengoa baizik.

Auñamendi bildumari gagozkiolarik, Euskal Herriari buruzko gaiez ehun liburutik gora plazaratu zituzten: literatura idatzi nahiz ahozkoaz, historiaz, geografiaz, folkloreaz, hizkuntzalaritzaz, antropologiaz, etab. Bildumaren egileak lehen mailakoak izan ziren: Barandiaran, Arocena, Michelena, Irigaray, Estornés Lasa anaiak, Urquijo, Campión, Aranzadi, Labayen, Orixe, Arrinda, López Mendizabal, Mújica, Zavala, etab.

Bestalde, esan gabe doa Euskal Herriko Entziklopedia Ilustratua dela Auñamendi argitaletxearen proiektu nagusia. Berez, 30eko hamarkadan entziklopedia izango zenaren zirriborroa egin zuen Estornés Lasak garaiko kultur gizonekin (Aitzol, Irigaray, Azkue, Lafitte, Orixe, Echegaray, etab.) batera, baina Espainiako Gerra Zibilak proiektua atzeratu behar izatea ekarri zuen. Entziklopediak bizirik dirau oraindik (interneten ere bertsio digitala dago), eta zalantzarik gabe Euskal Herriari buruz inoiz egin den entziklopedia-lan handiena eta sakonena da.

Gogoan hartzekoa da, bestalde, 1963an Jorge Oteizaren Quosque tandem...! kaleratu zuela Auñamendik.

50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan eragin-gune aipagarria izan zen Arantzazuko santutegia; izan ere, bertako zenbait frantziskotar euskal kulturaren inguruko lan zabala egin zuten. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Hego Euskal Herrian kaleratutako lehenengo liburua Salbatore Mitxelenaren Arantzazu: euskal poema (1949) izan zen, han bertan argitaratua. 1952an EFA frantziskotar argitaletxea sortu zen Kantabriako Frantziskotarren Probintziaren proiektu bezala, eta hurrengo hamarkadetan, erlijioari buruzko liburuekin batera, euskal literaturako eta euskarari buruzko obrak ere kaleratu ziren. Besteak beste, han kaleratu ziren Bitoriano Gandiagaren Elorri (1962), Uda batez Madrilen (1977) eta Gabon dut anuntzio (1986), Luis Villasanteren euskarari buruzko lanak (Estudios de sintaxis vasca, Euskararen auziaz, Hacia la lengua literaria común, La oración causal en vasco, Sintaxis de la oración simple, Sintaxis de la oración compuesta, Axular. Mendea, Gizona, Liburua, etab.), Joxe Azurmendiren zenbait saiakera (Zer dugu Orixeren alde?, Zer dugu Orixeren kontra?) eta euskal egile zaharrago batzuen berrargitalpenak (Txomin Agirre, Jean Hiriart-Urruty, etab.). Jakin Sorta izeneko bilduma ere (bertakoak dira aurretik aipatutako zenbait egileren lanak) Arantzazuko frantziskotarrek sortu zuten.

60ko hamarkadan beste argitaletxe handi bat eratu zen: La Gran Enciclopedia Vasca. Batik bat beste garai batzuetan (XIX. mendeko bigarren erdialdea eta XX.eko lehenengoa) argitaratutako lanak berrargitaratu zituen hamarkada horretan nahiz hurrengoetan. Liburu-bilduma aski zainduak argitaratu zituzten. Alde batetik, esate baterako, Espainiako Gerra Zibilaren aurretik euskal kultura ardaztu zuten aldizkariak berrargitaratu zituen: RIEV, Euskal-Erria, Euskalerriaren alde, Yakintza, etab. Horiekin batera, hainbat euskal egile eta euskararen ikerlariren lanen argitalpen berriak atondu zituzten, Etxepare, Iztueta, Mogel, Campión, Caro Baroja, Barandiaran, Dodgson, Lacombe, Jaurgain, Mañaricua, Vinson, Urquijo, Schuchardt eta Azkuerenak, adibidez.

Aurrekoekin batera, Jose Migel Barandiaranen lan osoen bilduma ere kaleratu zuen La Gran Enciclopedia Vascak 22 liburukitan, baita Diccionario Retana de autoridades de la lengua vasca osatzen duten 10 liburukiak eta Agustin Kardaberazen lan guztiak ere.

Aurretik aipatutako argitaletxeek plazaratutako lanen izaera ikustea aski da euskal kulturak bere osotasunean, eta historiak, antropologiak eta etnografiak, zehazki, pizten zuen jakin-minaz jabetzeko. Bada, jakin-minaren olatu harekin egin zuen bat Luis Jimenez Aberasturik 60ko hamarkadaren azken urteetan Txertoa argitaletxea sortu zuenean, zentsurak estutasun ugari ekarri bazizkion ere. Argitaletxeak bizirik dirau gaur egun, eta azken bost hamarkadetan era guztietako liburuak plazaratu dira bertan. Alabaina, aipatzekoa da hasiera hartako diziplina pisutsuenek, etnografiak eta antropologiak Barandiaran eta Caro Baroja bezalako egileen lanekin, besteak beste, indarra galdu dutela historiaren alde.

Gaur egun lau sail nagusi ditu argitaletxeak: Anboto, Easo, Sokoa eta Leire. Etnografia eta artea dira lehenbizikoaren ardatzak, historia bigarrenarena, elikadura, sendabelarrak eta antzekoak hirugarrenarena eta orotarako gidaliburuek osatzen dute laugarrena (euskara ikastekoak, sukaldaritzari buruzkoak, etab.).

60ko hamarkadaren euskal kulturaren hazkundeari batu zitzaion Auspoa saila. Antonio Zavalak sortu zuen euskarazko ahozko literatura bere osotasunean biltzeko asmoarekin, eta gaur egun literatur mota horri buruzko munduko bilduma handienetarikoa da, 300 obratik gora baitaude argitaratuta. Sagardoaren graziya izan zen kaleratutako lehenbiziko lana, eta ahozko literaturaren esparruko era guztietako materialak bildu, atondu eta argitaratzen dituzte, oraindik ere, Auspoa saileko arduradunek: bertsolari zahar nahiz garaikideen bertsoak, bertso-paperak, antzerkiak, koplak, kontakizunak, biografiak, etab.