Kontzeptua

Argitalpenen historia Euskal Herrian

Espainiako Gerra Zibilaz geroztik, euskal gaiez nahiz euskaraz idatzitako lehenbiziko liburuak erbestean argitaratu ziren. 40ko hamarkadan Ekin argitaletxea zabaldu zen Argentinan, eta euskal kulturari, antopologiari, literaturari eta politikari buruzko dozenaka liburu kaleratu zituzten Buenos Airesen. Aitzol (La democracia en Euzkadi, berrargitalpena), Agirre lehendakaria (De Guernica a Nueva York pasando por Berlín), Barandiaran (El hombre prehistórico en el País Vasco), Campion (Blancos y negros, El genio de Nabarra, berrargitalpenak), Estornés Lasa (Eneko "Arista", Estética vasca), Galindez (Estampas de la guerra, El derecho vasco, Los vascos en el Madrid sitiado), Justo Garate (Viajeros extranjeros en Vasconia), Iruxo (Inglaterra y los vascos), Manuel Larramendi (Corografía de la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa, berrargitalpena), Leizaola (Estudios sobre la poesía vasca, Los romances vascos), Ixaka López Mendizabal (Breve historia del País Vasco, Gramática vasca abreviada, El idioma vasco, La lengua vasca) eta Martin Ugalde (Unamuno y el vascuence) bezalako egileen lanak kaleratu ziren orduan.

Euskal literaturaz denaz bezainbatean, aipatzekoa da Ekin argitaletxean kaleratu zela Jon Andoni Irazustaren Joañixio eleberria (1946); hots, Espainiako Gerra Zibilaren ondoren euskaraz kaleratutako lehenengoa. Handik lau urtera egile beraren Bizia garratza da argitaratu zen etxe berean. Gogoan hartzekoa da garai hartan Europan ere ezer argitaratzea zaila zela, II. Mundu Gerra amaitu berria baitzen.

1932an Zarauzko hiru lagunek sortutako Icharopena argitaletxeko lanak bertan behera geratu ziren arren, 50eko hamarkadan heldu zieten arduradunek berriro ere argitaratze-lanei. Beste edozein baino gehiago, aipatzekoa da argitaletxe horretako Francisco Unzurrunzagak sasoi hartan abian jarritako "Kuliska sorta", liburu-sorta horretan kaleratu baitziren garai hartako nahiz beste batzuetako euskarazko literatur lan garrantzitsuenak.

"Kuliska sorta"-n argitaratutako liburuak lau multzo nagusitan sailka daitezke. Alde batetik, jada hildako egileen berrargitalpenak kaleratu ziren: Mogelen Peru Abarca, Lizardiren Biotz-begietan, Txomin Agirreren Kresala, Emeterio Arreseren Olerki berrizte, etab. Bestetik, garaian bizirik zeuden eta jada gutxieneko idazle-ibilbidea eginda zeukaten egileen lanak plazaratu ziren, hala nola, Jautarkol, Eusebio Erkiaga eta Manuel Lekuonarenak. Hirugarrenik, garai hartan idazten hasitako egileen lanak eman ziren argitara: Jon Etxaideren Hamasei seme Euskalerri-ko, Alos-torrea, Joanak joan eta Gorrotoa lege edo Gabriel Arestiren Harri eta Herri. Azkenik, hainbat literatur lanen itzulpenak daude: Hemingway, Pío Baroja, Cela , eta abarrenak.

"Kuliska sorta"-z kanpo, beste lan gogoagarri batzuk ere kaleratu zituen Icharopenak. 30eko hamarkadan idatzi eta kaleratu gabe geratutako Orixeren Euskaldunak (1950) lana, euskal poema nazionala izan behar zena, da horietako bat.