Kontzeptua

Argitalpenen historia Euskal Herrian

XX. mende hasierako euskal moldiztegien ekoizpena begiratuta, garrantzitsuenak Hego Euskal Herrian zeudela dakusagu: López Mendizabal, Martín y Mena, Baroja etxea, Grijelmo, Jaungoiko-Zale, Iñaki Deuna, Verdes Achirica, etab. Argitaratutako obren edukiari gagozkiolarik, inprimatutako lan gehienak erlijioari lotutakoak ziren: katixima eta dotrinak, egile zaharren lanak eta antzekoak. Bestela esanda, XVI. mendetik zetorren joera mantendu zen XX. mende hasieran ere, nahiz eta literatur sorkuntza gero eta gehiago indartzen ari zen, generoari nahiz kalitateari dagokionez.

XIX. mendeko azken urteetan eta XX.aren hasierakoetan ezin esan daiteke inprimatzaile edota argitaletxe erabat egonkorrik egon zenik; are gehiago, ezin esan daiteke horrelakorik egon denik XX. mendearen bigarren erdialdera arte. Mende arteko sasoi hartatik Espainiako Gerra Zibilera bitartean euskal literaturako lanak bide ezberdinak erabilita kaleratu ziren: alde batetik, inprimatzaileen moldiztegiak zeuden, lanak zuzenean kaleratu zituztenak. Bestalde, kulturarekin harreman zuzena zeukaten pertsonek eta elkarteek bultzatutako argitalpenak daude.

José Astuy Bilboko inprimatzailea liburu-denda katoliko baten jabe ere bazen, eta zenbait euskal egileren lanak kaleratu zituen XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran, hala nola: Azkueren Vizcaytik Bizkaira (1895) opera eta bizkaiera eta gipuzkera ikasteko liburua (Método práctico para aprender el euskera bizkaino y gipuzkoano, 1896) edo Felipe Arrese Beitia olerkariaren lan garrantzitsuenak. Azkuek zuzendutako La abeja: revista mensual científico-literaria ere Astuyrenean inprimatu zen, baita Paulo Zamarriparen gramatika ere. Halaber, 1596ko Bizkaiko errefrau-bilduma anonimoa berrargitaratu zuen 1905ean.

Martín y Menak, bestalde, XX. mende hasierako hainbat aldizkari garrantzitsu argitaratu zituen: Euskaltzaindiaren agerkari ofizial Euskera, Euskalerriaren alde aldizkaria edo Euskal Esnalea erakundearen argitalpenak. Literatur lanez den bezainbatean, Etxegaraik atondutako Bilintxen testuak (1911) eta Julio Urkixo eta Toribio Altzagaren zenbait lan kaleratu zituen.

Mende hasieran Florentino Elosuren inprimategian (Durango) kaleratu ziren Jose Manuel Etxeitaren Josecho (1909), Jayoterri maittia (1910) eta Au, ori ta bestia (1913) lanak, eta 1918an Ebaristo Bustinza "Kirikiño"-ren Abarrak eman zuen argitara Federico Grijelmok Bilbon. Azken horrek kaleratu zituen, halaber, Tene Mujikaren lanak.

Arestian esan bezala, inprimatzaileen lanarekin hainbat elkartek bultzatutako obrak ere kaleratu ziren XX. mendean. Jaungoiko-Zale Bazkuna Amorebietan sortu zen 1912an eta mende hasieran erlijioari lotutako lanak kaleratu zituen: Bizkaiko hizkerekin osatutako katixima bateratua, erlijio-lanen itzulpenak, Jaungoiko-Zale eta Ekin astekariak (bigarrena 30eko hamarkadan) eta olerki-libururen bat. Era berean, moldiztegi erlijiosoetan kaleratu ziren Azkueren Ardi galdua eleberria (Jesusen Biotzaren elaztegia, 1918), Jautarkolen Biozkadak olerki-liburua (Ama-Birgiñaren Irakola, 1929) eta Klaudio Sagarzazuren Txinpartak (Loyola?tar Eneko Deuna, 1922).

Garai hartan kultur elkarteek indar handia hartu zuten, eta hainbat argitalpen bultzatu eta gauzatu zituzten. Orixeren Euskal literaturaren atze edo edesti laburra lana Euskal Esnalea aldizkarian kaleratu zen, esaterako, eta Lizardi hil ostean Euskaltzaleak elkartekoek bi bilduma prestatu zituzten zarauztarraren lanekin: Itz lauz (1934) eta Umezurtz olerkiak (1934).

20ko eta 30eko hamarkadetako argitalpenez hitz egiterakoan, badira nahitaez aipatu beharreko bi argitaletxe: Editorial Vasca eta Verdes Achirica. Lehenengoak euskal historiaren, kulturaren eta hizkuntzaren hainbat lan nabarmen kaleratu zituen: Euskal-Erria aldizkaria eta Euskaltzaindiaren sortze-arauak bertan inprimatu ziren, kasurako, baita sasoi hartako euskalari handienen obrak ere: Damaso Intzaren Esaera-zarrak bilduma (1927-1928), Azkueren Morfología vasca mardula (1925) eta Seber Altuberen La vida del euskera (1934) aipa daitezke. Horietaz gain, zenbait literatur lan ere kaleratu ziren, hala nola, Sabino Aranaren Olerkijak (1919) eta Agustin Anabitarteren Donostia eleberria (1932).

Emeterio Verdes Achiricak Bilboko Alde Zaharrean eduki zituen inprimategia eta liburu-denda. Bada, Verdes Achiricarenean argitaratu ziren 30eko hamarkadako euskal poeta onenen zenbait obra, hala nola, Orixeren Tormesko itsu-mutila itzulpena (1929), Toma Agirreren Gazigozoak (1933), Lauaxetaren Bide-barrijak (1931) eta Arras beran (1935) olerki-bildumak eta Lizardiren Biotz-begietan (1932). Alabaina, literaturaz gain Euskal Herriari eta politikari buruzko lanak ere argitaratu ziren Verdes Achiricarenean, hala nola, Engrazio Aranzadiren La Nación Vasca (1931) eta Sabino Aranaren Bizkaya por su independencia (1932).

1932an jaio zen Zarauzko Icharopena argitaletxea, baina beste askorekin geratu legez, Espainiako Gerra Zibilak bertako ekoizpena desagerrarazi zuen, ia 1934an Orixeren Barne muinetan kaleratu zen bertan.

Icharopena sortu eta urtebetera eratu zuten Estornés Lasa anaiek Beñat-Idaztiak argitaletxea. "Zabalkundea" bilduma argitaratu zuten bertan 30eko hamarkadaren erdialdean, eta argitaletxeko aholkularien artean sasoi hartako idazle eta euskal ikertzaile nagusiak egon ziren. XIX. mende amaierako eta XX.aren hasierako euskal kulturaren hainbat alorren inguruko lanak argitaratu zituzten, esaterako, Estornés Lasa, Barandiaran, Campion, Aitzol edo Manuel Lecuonarenak.

XX. mende hasieran euskarazko liburu gehienak Hego Euskal Herrian argitaratu baziren ere, Ipar Euskal Herriko egileek, oro har, ez zuten Hego Euskal Herrira etorri behar izan euren lanak kaleratzeko; izan ere, han baziren argitaletxeak. Jean Etcheparek Môme etxean kaleratu zuen Buruchkak 1910ean eta Lasserre argitaletxean Beribilez (1931) eleberria. Jean Barbierren lanak, aldiz, Folzer eta Sordas-en eskutik agertu ziren. Aipatutako Lasserre izan zen garai hartako Ipar Euskal Herriko argitaletxe nagusia, eta liburuez gain almanakak, urtekariak, aldizkariak, kantutegiak eta erlijio-liburuxkak ere kaleratu zituzten bertan. Salbuespen gisa, Jean Baptiste Daskonagerreren Atheka-Gaitzeko oihartzunak (XIX. mende amaieran) eta Pierre Lhanderen literatur lanak aipa daitezke, Donostian kaleratu baitziren.