Kontzeptua

Argitalpenen historia Euskal Herrian

Euskal argitalpenen historia garaian garaiko baldintza soziopolitiko eta teknikoei lotuta egon zen zenbait mendetan. Izan ere, nahiz eta Euskal Herriko lehenengo inprenta XV. mende amaierakoa izan, ezin esan daiteke inprenta-lanak eta inprenta bera Euskal Herrian XVIII-XIX. mendeetara arte egonkortu edo finkatu zirenik: inprenta gehienak pertsona edo familia bakarraren esku zeuden, eta, oro har, unean uneko beharrizanen arabera lekualdatzen ziren. Horretaz gain, Euskal Herrian lehenbiziko moldiztegia ezarri zenetik gaur egunera arte ia-ia, arazo soziopolitikoek erabat baldintzatu dute euskal obren inprimatze-lekua.

Horren guztiaren ondorioz, euskal literaturako lehenengo bizpahiru mendeetako egile nagusien lanak Euskal Herritik kanpo inprimatu ziren: Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae Bordelen, Leizarragaren itzulpenak Arroxelan, Garibai historialariaren obra Anberesen, Axularren Gero mardula eta Ziburuko Joannes Etxeberriren hiru liburuak Bordelen, Oihenart eta Pouvreaurenak Parisen, etab. Oso gutxi izan ziren, bada, XVI eta XVII. mendeetan Euskal Herrian bertan argitaratutako euskal obrak, hala nola, Betolaza arabarraren Doctrina christiana (Bilbo, 1596), Refranes y sentencias errefrau-bilduma anonimoa (Iruñea, 1596) eta Kapanagaren itzulpena (Bilbo, 1656).

XVIII. mendean gerora apurka-apurka garatutako egonkortasuna heldu zen inprentaren mundura: beharrezko materialak merkatu egin ziren eta moldiztegi gehiago zabaldu ziren, hiriburu eta herri nagusietatik kanpo ezarri zituzten, eta horrek Euskal Herriko egileen lanak Euskal Herrian bertan argitaratzea ahalbidetu zuen. Otxoa Arin, Larramendi, Mendiburu, Kardaberaz, Juan Bautista Agirre edo Juan Antonio Ubillosen lanak, hots, garai hartako euskal egile garrantzitsuenenak, Euskal Herrian inprimatu ziren.

Ipar Euskal Herrian, aitzitik, bestelakoa izan zen egoera; izan ere, XVI eta XVII. mendeko literatur loraldiaren ondoren, XVIII. mendean geldialdia gertatu zen bertan. Egileak oso gutxi izan ziren, eta gutxi horiek ez zuten euren lanak argitaratzeko biderik eduki. Sasoi hartako euskal egile garrantzitsuena Etxeberri Sarakoa izan zen, eta ezagun da lapurtarrak ez zuela lortu bere proiektuak garai hartan argitaratzea.

Euskararen egoeraz eta literatur hizkuntzaren beharraz jabeturik, hiru lan nagusi idatzi zituen: euskara oinarritzat hartuta latina ikasteko materiala, hiztegia (galdua gaur egun) eta Eskuararen ethorquia apologia-lana. Bada, Etxeberrik Lapurdiko Biltzarrera gutuna igorri zuen besteak beste, bere lanak argitaratzeko laguntza eman ziezaioten, baina Biltzarrak ezezkoa eman zion eta lapurtarraren lanak ez ziren argitaratu.

Zuberotarra izanda, antzeko egoera bizi izan zuen Jusef Egiategi zuberotarrak: XVIII. mendean idatziagatik, bere lanak (Txomin Peillenek Frantziako Liburutegi Nazionalean aurkitu zituen 1966an) ez dira XX. mendearen amaierara eta XXI.aren hasierara arte argitaratu.

XVIII. mende amaieran euskarazko lanak argitaratzeko arazo larriak egon arren, XIX. mendean aurrera egin zuen egonkortze-prozesuak: euskal egileen lanak lehenengoz Euskal Herrian bertan argitaratzeaz gain, hainbat berrargitalpen egin ziren eta zenbait inprenta-etxe historiko (Baroja, López Mendizabal, etab.) sortu ziren. Mende amaierako euskal kulturaren pizkundeak eta euskal nazionalismoa indartzeak ere nabarmen lagundu zuten egonkortze-prozesu horietan; izan ere, euskararen eta euskal literaturaren hainbat ekimen sortu zen garai hartan, hala nola, Lore Jokoak (1853an Ipar Euskal Herrian eta 1879tik aurrera Euskal Herri osoan), literatur aldizkari eta lehiaketak, kultur elkarteak, etab. Ipar Euskal Herriaz denaz bezainbatean, Baionan kaleratu ziren, hots, kanpora jo gabe, Jean Duvoisin, Mixel Elizanburu, Martin Duhalde eta Oxobiren lanak XIX. mendearen bigarren erdialdean eta XX.aren hasieran. Bada, aipatutako egonkortze eta zabaltze horren ondorengo izan ziren XX. mendeko lehenengo hamarkadetan sortutako argitaletxe eta argitalpen txikiak ere.

XX. mendearen hasierarekin batera, nolabaiteko eztanda gertatu zen euskal liburugintzan: 1896tik 1915era 350 liburu inguru argitaratu ziren lehenengoz, eta 70 berrargitaratu. 1916tik 1936ra, bestalde, 532 kaleratu ziren lehenengoz eta 61 berrargitaratu.