Toponimoak

Argandoña

Argandoña da 2001ean Euskaltzaindiak proposatu zuen izena. Donemiliaga Kukullako kartularioan leku honi egindako erreferentzia Argendonia da, Arrazuako antzinako merindadean (Harhazua, Reja agirian); kartulario horretan, Donemiliagako monasterioari zerga ordaintzen zioten Arabako herrien zerrenda agertzen da 1025ean; zerga gisa burdin sare bat edo gehiago edo, gutxieneko kasuan, ahariak ematen zituzten. 1138ko dokumentu batean, Arguendonia. Gasteizko Artzapez-barrutian Argandoynna da, D. Jerónimo de Aznar Kalagorriko apezpikuaren zerrendan, 1257an.

Arabako Kofradiaren eta Gasteizko Kontzejuaren arteko 1332. urteko epai batean, J.J. Landazuri historialari gasteiztarraren transkripzioaren arabera, Argandoña agertzen da (Landazuri IV: 90-95), nahiz eta Argandonna izan González Mínguezek interpretatzen duena, epai hau baieztatzen duen dokumentu batean, 1351n (González Mínguez, 1994: 35-39). 1379ko Don Joan erregearen pribilegio errodatuan (GUA) Argandoña ageri da eta 1481eko Gasteizen jurisdikzioko Apeoan ere Argandoña (GUA). Halaber, 1551n, Martín Gil lizentziatuaren bisita-liburuan, Argandona aipatzen da Armentiako Artzapez-barrutiko herrien zerrendan, eta mende bereko dokumentuetan ere, Arabako herrien zerrenda eta haiek elizari ordaindu beharreko hamarrenak jasotzen direnetan, 1580an, Argandona (APAH).

Ondorengo mendeetatik gaur egun arte, toponimo honek ez du izan aldaketarik, ez badira garai bakoitzari dagozkion grafia aldaketak. Toponimia txikian, hau da, pieza, nekazaritza-lur, soro, bide, eta abarren izenetan ere forma bera gordetzen da; hitz-elkarketan ageri da, bai euskaraz bai gaztelaniaz, ... bidea, ... aldea, ... mendia, eta abar adieraziz; esate baterako: Argandoña aldea (1583, APAH), Argandonaravidea (1591, APAH), Argandona aldea (1612, APAH), Argandoñara bidea (1651, APAH), Argandoña bidea (1713, APAH), Argandoña mendia (1719, APAH), Argandoña ravidea (1824, EAH), Camino de Argandoña (1830, APAH), Monte de Argandoña (1853, ALAH), Monte de Argandoña (1905, GUA), Camino de Argandoña (1929, GUA).

Koldo Mitxelenaren arabera, -oña, -oño atzizkiek antzinako -onia, -oniu adieraziko lituzkete. 1025ean, aurretik aipatu den moduan, Argendonia agertzen da (*argento-, *arganto-tik). Caro Baroja arduratzen da atzizki horietaz eta proposatzen du, beharbada, toponimo horrek izen berezi batekin duela zerikusia.

EMS 2009

Iturriak

  • EAH: Elizbarrutiko Artxibo Historikoa.
  • APAH: Arabako Probintziako Artxibo Historikoa.
  • GUA: Gasteizko Udal Artxiboa.
  • ALAH: Arabako Lurraldeko Artxibo Historikoa.

Bibliografia

  • Caro Baroja, Julio: "Álava en la llamada Reja de San Millán", Historia General del País Vasco, III, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1980, 109-149.
  • Caro Baroja, Julio: "Toponimia más enigmática", Historia General del País Vasco, III, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1980, 269-270.
  • Caro Baroja, Julio: Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina, Salamancako Unibertsitatea, Salamanca, 1945, 95-96.
  • Díaz Bodegas, Pablo: Libro de visita del Licenciado Martín Gil, Kalagorri eta Ozkabarteko Elizbarrutia, Logroño, 1998, 327. or.
  • Euskaltzaindia: Euskal Autonomia Erkidegoko Biztanle-Entitateak = Entidades de Población de la Comunidad Autónoma Vasca, Euskaltzaindia - EUDEL - Eusko Jaurlaritza, Bilbo, 2001.
  • Fita, Fidel: "El vascuence alavés anterior al siglo XIV", Boletín de la Real Academia de la Historia, III, 1883, 215-243.
  • González Mínguez, César: Documentos de Pedro I y Enrique II en el Archivo Municipal de Vitoria, Fuentes documentales medievales del País Vasco, 49. zk., Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1994, 35-39.
  • Landázuri y Romarate, Joaquín José de: Obras históricas sobre la provincia de Álava, I, Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 1976, 52. or.
  • Landázuri y Romarate, Joaquín José de: Obras históricas sobre la provincia de Álava, IV, Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 1976, 90-95.
  • López de Guereñu, Gerardo: Toponimia alavesa seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses, Onomasticon Vasconiae 5, Euskaltzaindia, Bilbo, 1989.
  • Mitxelena, Koldo: Apellidos Vascos, 5. argit., Txertoa, Donostia, 1997, 140. or.
  • Ramos Remedios, Emiliana: El Apeo de Vitoria y su Jurisdicción a fines del siglo XV, I eta II, Vitoria-Gasteizko Udala, Gasteiz, 1999.
  • Rodríguez R. de Lama, Ildefonso: Colección diplomática medieval de la Rioja, II, Instituto de Estudios Riojanos, Logroño, 1989, 182. or.
  • Rodríguez R. de Lama, Ildefonso: Colección diplomática medieval de la Rioja, IV, Instituto de Estudios Riojanos, Logroño, 1989, 220. or.
  • Ubieto Arteta, Antonio: Cartulario de San Millán de la Cogolla (759-1076), Instituto de Estudios Riojanos, Valentzia, 1976, 176-179.

EMS 2009