Olerkariak

Aresti Segurola, Gabriel

1933ko urriaren 14an Bilbon jaio zen poeta eta dramagile bizkaitarra. 1975eko ekainaren 5ean hil zen. Euskal poeta eta prosista onenetakotzat hartzen da Aresti.

Hogeita bat urterekin Guatemalako "Euzko-Gogoa" aldizkarian argitaratu zituen lehenengo poemak. Beranduago, "Egan" aldizkarian aritu zen kolaboratzaile gisa; horren ondorioz, bere burua aurkeztu zuen euskaldunen artean. 1957an Euskaltzaindiko urgazle zen jadanik, eta euskal literato eta antzerkiei buruzko hainbat lan argitaratu zituen "Euskera" bertako organoan, eta "Egan", "Zeruko-Argia" aldizkarietan, besteak beste.

Bi urte beranduago lehen saria jaso zuen Bedoñako lehiaketan Maldan behera poemari esker, eta, era berean, lehenengo euskal komediagileari (Pedro de Barrutia arabarra) buruzko ikerketa taxutu zuen. Hortik aurrera bere jarduna bizkortu egin zen: "Toribio Alzaga" sariketa irabazi zuen antzerkiaren arloan Mugaldeko herrian eginikako tobera (1961) lanari esker, "Egan" aldizkarian Etxe aberatzeko seme galdua (1962) antzerki-lana argitaratu zuen, Harri eta Herri lanarekin (1964an argitaratu zuena) euskarazko poesiaren "Loramendi" saria eskuratu zuen. Horrez gain, arrakasta ukan zuen ...eta gure heriotzeko orduan poemarekin eta Donostiako "Jarrai" taldeak Beste mundukuak eta zoro bat lana antzerkira eraman zuen. Lan horiei esker, eta Harri eta Herri lanari esker bereziki, lehen mailako euskal idazle bilakatu zen Aresti. Jendartean arrakasta izateko gaitasuna zuen inolako emakidarik gabe eta gai modernoak erabiltzen zituen. Hori oso garrantzitsua izan zen, euskal literaturan gai mota horien premia ikusten baitzen.

1965ean ekoizpen berriak kaleratu zituen Mundu munduan drama-eleberriaren bitartez; 1966an "Lizardi" saria jaso zuen eta, urtebete geroago, Justizia Txistulari argitaratu zuen (1967). 1968an bere lanaren saria ikusi zuen, Harri eta Herri lanarekin "Jose Maria de Iparraguirre" Literaturako Sari Nazionala jaso zuenean. Bilbon argitaratu zen 14 alegia, lau Espainietako haurrentzat: Tomas Meabek gaztelaniaz, Arestik euskaraz, Salvatek katalaneraz, eta Monterok galizieraz idatzitako alegiak. Marcos de Portelaren "O catecismo do labrego" (Nekazarien dotrina) itzuli zuen galizieratik euskarara (1969). B. Bretch ere itzuli du Xixtima zorintxu bat lanean.

IEZ

Angel Zelaietaren Gabriel Aresti (Bilboko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2000. urtean argitaratua) biografia hurrengo paragrafoetan laburbilduz zera esan daiteke: Aresti bere kabuz hasi zela euskara ikasten, hamabi urte zituela eta hizkuntza horrekiko inolako atxikimendurik ez zuen familia batean. 1953an merkataritza-peritu ikasketak amaitu zituen eta ordutik kontulari lanetan aritu zen enpresa ugaritan.

Bilbon egin zuen soldadutza eta sarritan Euskaltzaindiaren egoitzara joaten zen. Han, Alfonso Irigoienek idazle klasikoen irakurketa gomendatu zion. Arestik literatura-estilo jasoa eta dotorea garatu zuen, neurri handi batean, Axular idazle klasikoari esker; izan ere, haren lana eskuz kopiatu zuen oso-osorik. Euskarazko idazle bikaina izan zen eta poesiaren berritzaile ere bai, hizkuntza haurtzaroan ikasten zutenek soilik mendera zezaketelako ustea gailentzen zen garai batean.

Dagoeneko 1953an Aresti oso ezaguna zen euskaltzaleen artean. Urte hartan Orixe Amerikatik itzuli zen egonaldi luze bat egin ostean eta itsasontzia Santurtziko (Bizkaia) portura iritsi zenean, Antonio Maria Labayen, Alfonso Irigoyen eta Gabrielek egin zioten harrera. 1955ean bere anaia nagusiak burua galdu eta zentro psikiatriko batean sartu zuten. Zelaietaren arabera, familia osoa zurrumurruen beldurrak harrapatu zuen eta Gabriel bera ere oroitzapen horrek baldintzatuta bizi beharko du aurrerantzean.

"Euzko Gogoa" aldizkarian argitaratu zituen lehen artikuluak, 1954an, lapurteraz idatzita. Hurrengo urtean Blas de Oteroren Pido la paz y la palabra lanarekin txundituta geratu zen. 1957an Euskaltzaindiko urgazle izendatu zuten. 1960an Meli Estebanekin ezkondu eta hiru alaba izan zituzten. Urtebete lehenago, Maldan behera poema-liburuari esker, bere lehen saria irabazi zuen, "Joakin Bedoña-Loramendi Gorazarrea" hain zuzen, Lojendio, Arrue, Irigaray eta Mitxelena epaimahaian eserita zirela.

1961etik aurrera Blas de Oteroren hainbat poema itzuli zituen "Egan" aldizkarirako. Blas Alderdi Komunistan sartu berria zen Parisen. 1966an euskal komunisten "Arragoa" aldizkariak Arestiren antzerki-lan bat zuen mintzagai, Justizia txistulari hain justu. Urte horietan zehar, Euskadiko Alderdi Komunistak maiz deitu zuen Gabriel "orain Etxebarriko Banden grebetara elkartzeko, orain Txekoslovakiako inbasioaren gainean eztabaidatzeko, orain euskal kulturari dagozkion gaiak jorratzeko" Zelaietak idatzi duenez.

1962an Arestik Orixe saria irabazi zuen gizartean oihartzun handiena izan zuen lanari esker: Harri eta herri. Bi urte geroago argitaratu zen (Itxaropena argitaletxea). Euskal literaturaren historialari Ibon Sarasolak geroago esan zuen moduan "horixe izan zen euskal irakurle berri askok ezagutu zuen lehendabiziko lana". Celaya eta Oteroren eragin nabaria dela-eta poesia sozialaren eredu gisa hartu izan da liburua, baina Zelaietaren ustez "Jorge Oteizaren bide unamunoniar berritik hurbil kokatzen da".

1965ean Orixe saria erdietsi zuen berriz ere, 1967an argitaratu zen Euskal Harria lanari esker (Kriselu argitaletxea). 1966 eta 1967 bitartean talde askok oholtzara igo zituen Arestik idatzitako antzerki-lanak eta baita Gabrielek itzulitako Bertol Brechten antzerki-lanen bat ere. 1968an antzerki guztiak debekatu egin ziren, E.T.A. erakundeak (Euskadi ta Askatasuna) Meliton Manzanas komisarioa erail ostean ezarri zen salbuespen-egoeraren barnean.

Garai hartan Arestik usu idazten zuen klase arteko borroka, Bilboko inmigrazioa edota etorkinen euskalduntzea gaitzat hartuta. Gauzak horrela E.L.A. sindikatutik banatutako (Eusko Langilleen Alkartasuna) adar batek (E.L.A-Berri izenekoa) eraso gogorrak egin zituen Arestiren aurka. Hogei gazte inguruk 1968an, Euskararen Astearen barnean, Bilbon ematekoa zen hitzaldia zapuztu zuten Aresti "felipetzat" leporatuta; hots, euskal abertzaleen borroka, epe luzera Espainiako abertzaletasunari onura egiten zion "klase arteko borroka" orokor batean murgiltzea leporatuta.

1968an Espainiako Gobernuak Jose Maria Iparraguirre Literatura Sari Nazionala sortu zuen. Arestik irabazi zuen Harri eta herri lanarekin. Zalantza asko izan ostean aurkezteko erabakia hartu zuen, izan ere, jende askoren ustez erregimenak euskararen gaian hartutako jarrera harri azpian ezkutatzeko saiakera izan zen lehiaketa.

Garai hartan euskararen batasunaren aldeko interes handia azaldu zuen Arestik. Koldo Mitxelenak dioenez "batasunaren benetako ardatz" izan zen Aresti. 1968an Arantzazun egindako kongresuan bateratzearen oinarriak ofizialdu aurretik, Arestik eta Txillardegik oso antzekoa zen bateratutako erregistro batean idazten zuten jadanik. Gabrielek bi liburu idatzi zituen hizkuntzarekin lotuta; horietako bat gramatikazkoa (Batasunaren kutxa), bestea berriz hiztegia zen, Xabier Kintanaren lankidetzarekin idatzia (Hiztegi tipia).

Une oparoak ziren euskal abestigintzarentzat eta askok Gabrielen hitzak erabili zituzten: Lourdes Iriondo, Maite Idirin, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Oskorrik, besteak beste.

70eko hamarkadaren hasieran hainbat argitaletxetan hasi zen lanean; lehenengo Kriseilu argitaletxean eta geroago Lur argitaletxean. Lurren belaunaldi berri baten gidari izan zen, baina berehala argitaletxearekin zituen harremanak eten egin zituen bertako kideek Kaniko eta Beltxitina pastorala zentsuratu ziotelako. Argitaletxe horretan argitaratu zituen itzulpen asko: Tomas Meaberen Hamalau alegia; Nazim Hikmeten Lau gartzelak; Bertol Brechten Xixtima zoriontsu bat; eta Castelaoren Nos.

1971n Oskorri taldea sortu zen eta Gabrielen hitz asko baliatu zituzten. Taldeko kideak komunistak zirela uste zen eta Espainiako Mugimendu Komunistako kide izatea aurpegiratu zitzaien. 1973an, dagoeneko oso gaixorik zegoela, Gabriel kostaldeko Ea herrian lekutu zen. Berehala zabaldu zen bere komunista fama.

Hil ostean, 1979an Arestiren Azken harria poema-liburua argitaratu zen (Argitalpena: L. Haranburu). Beranduago, 1986an Susa argitaletxeak bere obra osoa argitaratu zuen.

Iñaki Aldekoa ikerlariaren arabera (Historia de la literatura vasca, U.H.U.N. -Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala-, 2000) Jon Mirandek eragin nabarmena izan zuen Arestiren lehen testuetan. Aldekoak idatzi duenez "Maldan behera lana da bere lehen ekoizpen aldiko lanik ederrena; protagonista Zaratrustraren espirituz janzten du Arestik, Jaungoikoaren heriotzaren ondotik gizakiaren patuari buruz profeziak egin beharrean aurkitzen dena". Lehen poema-liburu hura sinbolista eta oso barnekoia zen, horren ondorioz, ez zuen oihartzun handiegirik izan. Beranduago, poetaren ustez "gehiengoarentzat" lauago, zuzenago eta diskurtsiboagoa zen estilo baten alde egin zuen poetak. Aldekoaren iritziz, Harri eta herri ondotik Arestik "argi-koro profetiko eta biblikoa" hartu zuen, gai sozialerako ateak irekita eta poesiak gizartea alda zezakeela irmo sinestuta.

FIO