Arkitektura

Arantzazuko San Pedro parrokia-eliza. Arantzazu

San Pedro Arantzazukoa, egungo kontzejuaren parrokia-eliza. Eraikin neoklasikoa da, 1828. urtean amaitua. Haatik, finkapen horretan aurrez tenplu bat egon zela baieztatzen duten dokumentuak daude, gutxienez, XVII. mendearen bigarren erdialdera arte atzera eginez.

Gurutze latindarreko oinplanoa dauka, kanpora definitu gabea, eta harlangaitzezkoa. Fatxada nagusia arkupe batek hartzen du eta kanpotik so aparteko hiru elementu ikusten dira: tinpano handia aurrealdean, jasotako oinordekotza klasikoaren adierazle, gurutze formako oinplanoa definitzeko lau murruetako bakoitzean erdi-puntuko bao bat eta dorre bat. Azken elementu hori oso soila, oinplano karratukoa, bi inposta-lerroz eta lau kanpai barneratzen dituzten erdi-puntuko lau baoz definitua. Goialdean harlanduzko kupula txiki bat du, zorrotz samarra, eta haren gainean zilindro formako idulki bat eta gurutzearenak egiten dituen burdinazko haize-orratz bat lekutzen dira. Barnealdeak ematen dio, ziurrenera, nortasun sendoena, izan ere, mentsula gainean jabaloi bidez sostengatzen den teilatua koroatuz zurezko bilbadura bat ikusten da, perimetro osoan zehar, multzoari landa kutsua ematen diona, udalerri osoaren estiloarekin bat etorriz. Goialde horretan, altuera ertainean (altuera hori molduradun inposta-lerro bidez zehazten da) kareztatua da eta azpialdean harlangaitza ikusten da. Sarrera nagusiaren gainean (ateburuduna) korua nabarmentzen da, hori ere zurezkoa. Elizaren arkupera atxikita San Fausto Ermita dago, egun erlijio izaera galdu duena. Finkapen horretan aurrez beste eraikuntza bat zegoen, deitura berekoa.

Parrokiako arte higigarriari dagokionez, presbiterioko erretaula da interes handieneko elementua (ia elementu bakarra esan daiteke), estilo erromanistakoa, oso klasikoa, irudiak hartzen dituzten etxeak banatzeko zutabe jonikoetan ikusten den moduan. Solairu bakarra eta atikoa ditu. Erremate modura Kristo gurutziltzatua eta bi pinakulu alboetan. Predelean, berriz, polikromatutako zuraren gainean, lau ebanjelariak irudikatzen dira alboetan, eta erdian, santutegi modura, pasioaren eszenak eta Kristo gurutziltzatua. Erdialdean San Pedroren irudia dago (deituraren motiboa), haren alboetan beste bi santu, eta atikoan Sortzez Garbia oso txiki bat (barneratzen duen etxearen tamaina kontuan hartuz, leku horretan paratzeko sortu ez zela pentsarazten duena). Altzari-multzoa adierazgarria osatzeko, polikromatutako zurez egindako Andre Mari bat, estilo gotikokoa, San Isidro bat, harrizko bataiarri bat, aldare bat eta estilo herrikoia eta dekorazio eskematikoa erakusten dituen kutxatzar moderno bat.

  • Barrio Loza, J. A.(dir.): Bizkaia: Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Vol. I. Duranguesado y Arratia-Nervión, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1989.
  • Ibarra y Berge, J.: Catalogo de Monumentos de Vizcaya, Bilbao, Junta de Cultura Vasca, 1958, 2 libk.
  • Rementería Fernández, A.: Monografías de Pueblos de Bizkaia. Arantzazu y Artea. Estudio Histórico-Artístico, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1996, 183 or.