Pintoreak

Arandia, Koro

1963an Eibarren jaiotako pintore gipuzkoarra.

Erretratuak garrantzi berezia du artista modura lehen urratsak ematen hasi zenetik. 1990ean euskal kulturako pertsonen 37 erretratuz osatutako serie bat erakutsi zuen Aurrezki Kutxa Probintzialean: Joaquín Achucarro, Elías Amezaga, José María de Areilza, Asunción Arrazola, Juan Mari Arzak, José Miguel de Barandiaran, Néstor Basterretxea, Carmelo Bernaola, Pedro Berrondo, Basarri, Joseba Elosegi, Eloy Erentxun, Francisco Escudero, Bitoriano Gandiaga, Carlos Garaikoetxea, José María Gorordo, Antón Larrauri, Mario Ángel Marrodán, Remigio Mendiburu, Victor Olaeta, Rafael Ossa Echaburu, Miguel Pelay Orozco, Jorge Oteiza, Miguel Pelay Orozco, Juan María Peña, Iñaki Perurena, Xabier Santxotene, Sara Soto, José Ignacio Tellechea Idígoras, Martín Ugalde eta Nicanor Zabaleta. Bertan pertsona horiek natural agertzen dira, Remigio Mendibururen erretratua salbuetsita, kasu hartan artistak argazkilaritzara jo baitzuen. Artistak planteamendu klasikoari heltzen dio, pintura inpresionistaren eraginaz zipriztinduta. Paisaiak, dantzariak, flamenkoak eta animaliak dira bere pinturan agertzen diren beste zenbait gai.

1981ean Bartzelonako Unibertsitatean matrikulatu zen prestakuntza artistikoarekin jarraitzeko asmoz. Graduazioa erdietsi ondotik, hainbat akademiatan jarraitu zuen ikasketekin.

1987an Frantziara joan zen. Han beste artista batzuekin galeria bat partekatu zuen eta modu iraunkorrean erakusten ditu bere lanak. Hurrengo urteetan Frantzia eta Espainia artean ibili zen joan-etorrian, batean eta bestean egonaldiak eginez. Hala, Bartzelonako Caixan (1990), Bilbon eta Donostian ipini zituen bere lanak ikusgai. Horietan, beste gai batzuen artean, erretratuak zintzilikatu zituen.

Beranduago Ingalaterrara jo zuen. Bertan pintatzen jarraitzeaz gain (batez ere erretratuak), prestakuntza akademikoari heldu zion berriro. Eta gero Alemaniara mugitu zen bere jardun artistikoa garatzeko.