Historialariak

Apraiz Buesa, Odon

Eusko Ikaskuntzaren I Kongresua, 1918ko irailean gauzatua, derrigorrez erlazionatu behar da, erakundearen abiapuntua izango zen ekintza hura Apraiz abizenarekin, ezen, antolamenduaren pisurik handiena Angel anaiari egokitu zitzaion arren, Odonek ere esku zuzena hartu zuen lehen unetik, 1936 bitartean euskal kulturaren ardatz nagusia izango zen erakundearen sorkuntzan.

Behin Eusko Ikaskuntza abian jarrita, Odon Apraiz kide agertzen zaigu Jose Miguel de Barandiaranen eraginpean jaiotako Etnologia eta Eusko Folklorearen Laborategian. Geroago, Baraibar Sekzioa sortu zen Eusko Ikaskuntzaren arabar adarrean, euskara sustatu eta hedatzeko ahaleginetan, eta Odon Apraiz izan zen akuilaririk argitsuenetakoa. Bestalde, 1922an, Eusko Ikaskuntzaren deiari jarraiki, erakundearen bazkide gazte batzuek, tartean Odon, "Mensaje de los estudiantes vascos acerca de la Universidad" tituluarekin idazki bat prestatu eta sinatu zuten.

Toponimia eta antroponimiari buruzko ikerketei toki handia eman zitzaien hasieratik Eusko Ikaskuntzan, eta Luis de Eleizalderen zuzendaritzapean "toponimiako ordezkariak" jarri ziren lanean, Odon Apraiz tartean zelarik. Eleizalderen heriotza 1923an izan zen eta toponimiako lana bertan behera geratu zen arren antroponimiak aurrera egin zuen, Odon Apraizi esker.

Eusko Ikaskuntzak ordezkaritzak ireki zituen Euskal Herritik kanpo eta horietako bat Bartzelonan, 1925eko urtarrilaren 20an. Telesforo de Aranzadi izendatu zuten lehendakari. Odon Apraiz, Bartzelonako Unibertsitatean aritu zen bitartean, ordezkaritza hartako kide sonatua izan zen eta euskara ikastaroak antolatu zituen.

Lizarran, 1936ko irailaren 6an izango zen Eusko Ikaskuntzaren VII Kongresuaren gertaketa lanetan ibili zen Odon Apraiz. Intelektualen nomina zabal baten barruan - besteak beste, Lakarra, Barandiaran, Jesús María Leizaola, Azkue, Claudio Sanchez Albornoz, Pedro Bosch Gimpera, Angel Apraiz- baita Odon ere iragarrita zegoen parte hartzeko ekitaldi garrantzitsu hartan, Ikasgai Historikoak -Estudios Vascos- ardatzaren inguruan. Altxamendu armatuak eragotzi zuen lagun haien nahia, eta Eusko Ikaskuntza ilunpera igaro zen berrogei urte luzez.

Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusiak erabaki zuen, 1984ko martxoko 10ean, urte hartako Manuel Lekuona Saria Odon Apraiz Buesari ematea. Batzar Nagusiak azpimarratu zuen, batez ere, hizkuntza filologia, geografia, historia, museologia eta artxibistikan sarituak burutu lanen garrantzia. Manuel Lekuonak berak egin zuen, 1984ko maiatzaren 12ko ekitaldian, sarituaren gaineko laudatioa.

Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak 1974ean izendatu zuen ohorezko bazkide. Euskaltzaindiak, berriz, Ohorezko Euskaltzain egin zuen 1968ko abenduaren 4an.