Historialariak

Apraiz Buesa, Odon

Odon utzia zen bere ohituretan, anarko samarra. Ondo ezagutu zutenek diotenez, Odon eta praktikotasuna ez zetozen bat. Odol bizikoa genuen eta pazientzia galtzen zuen samur. Batzuek ikusmen-arazoari egozten zioten jarrera hori. Ezaguna da egunkariak irakurtzeko zuen zaletasuna. Hori dela-eta, Angel anaiak behin esan zion, bisita txartelean "Katedraduna"ren ordez "Egunkarien irakurlea" ipini behar zuela. Bere etxea egunkari bilduma zaharrez beteta zegoen, berarentzako desordena ordenatuan, eta Odon bakarrik zen gai, nahi zuena aurkitzeko.

Odoni bizitzan zehar omenaldiak eskaini zizkioten han eta hemen, baina hura ez zen ekitaldietara agertzen. Horrela gertatu zen, Aramaioko Egunean 1982an, Gasteizko Urrezko Domina 1983ean eman zitzaionean edota Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria 1984an eskaini zionean.

Bere idatz lanak sinatzeko, izen propioaz gain, Olarizu, P. de Araizondo, Argitza, Olari eta Ziarpa izenordeak ere erabili zituen.

Gizon eragile polifazetikoa izan zen eta bere ekarpenik bitxienetakotzat jo daitezke, Internazionala himnoaren euskarazko bertsioa, ANV alderdiaren Acción Vasca aldizkariak 1932ko Maiatzaren Lehenerako burutu argitalpenean publikatu zuena, eta espektroaren beste muturrean jarrita, eta bere arabartasuna zalantzan jar ez zezaten, nonbait, Prudentzio Deunaren egunerako -apirilaren 28an- olerkia, Ignazio Deunaren ereserkiaren laguntzaz abesteko. Purdentzu guenari arabarren opariya. titulatu zuen.