Historialariak

Apraiz Buesa, Odon

Bartzelonako Unibertsitatean, Filosofia eta Letretako Fakultatean Odon Apraiz irakasle laguntzaile bezala kontratatu zuten 1925-1926 ikasturtean eta bertan aritu zen 1933ra arte. Unibertsitatean, Geografia politiko eta deskriptiboa, Historia unibertsala, modernoa eta gaur egungoa ematen zituen. Bartzelonako Fakultate hartan, 1930ean, Aragoiko dialektoaren gaineko ikastaro bat eman zuen.

Eibarko Institutura aldatu zen 1933ko urrian, Geografia eta Historia gaiaren Arduradun bezala. Bi urte geroago, 1935eko maiatzaren 28an, Institutuko irakasleek zuzendariorde hautatu zuten. Baina aurreko bi data horien artean, Odonek Tenerifeko La Lagunako Instituturako Geografia eta Historiako oposizioak irabazi zituen eta katedradun numerario izendatu zuten, 1935eko martxoaren 6an. Ikasturtea amaitu arte Eibarren segitu zuen.

Apraiz, beraz, 1935-36 ikasturtean inkorporatu zen La Lagunako Institutura. Era berean, Hezkuntza Ministerioak hala erabakita, Odon, La Lagunako Unibertsitatearen Filosofia eta Letrak Fakultatean, Historia Orokorra gaiaren Ikasturte baten Arduraduna izendatu zen 1941eko urtarrilean. Apraiz Tenerifeko "Junta de Cultura Histórica y del Tesoro Histórico" erakundearen kide izendatu zuten 1937an. Ohiko kargu profesionaletatik kanpo, bibliotekarioa ere izan zen La Lagunako Ateneoan 1940tik eta Tenerifeko Real Sociedad de Amigos del Paiseko kide aukeratu zuten 1941ean.

Tenerifetik Reuseko Institutura igaro zen Apraiz, 1942ko urrian, katedradun-numerario gisa. Kultura katalaneko eremura itzultzen zen, hamazazpi urte lehenago bezala. Ez zeukan ahaztuta, inondik ere, hainbeste poz ekarri zion kultura harekiko harremana. Eta Reuseko Institutuan ere, aurreko lan tokietan egin zuen bezala, bete-betean sartu zen Odon bertako kultur zehazkizunen ikerketan. Horren adibidea da, Bartzelonako aurreko eskarmentuaz baliatuta, katalanera-euskara hiztegi txiki bat moldatu zuela. Reusen ere, Geografia eta Historia gaia inpartitu zuen, non eta, hiri hartako Aerodromo Militarrean, ehiza-erregimentuan, Hegazkintza Akademiarako prestatzen ari ziren kadeteentzat.

Eta Reusetik Gasteizera iritsi zen Odon, 1954-1955 ikasturtean, Institutuko katedradun bezala. Gasteizen oso harrera ona egin zioten lankideek, aspaldiko ezaguna baitzen. Juan Escudero apaiza zen zuzendaria eta klaustro osoak giro ona eskaini zion iritsi berriari. Eta Gasteizkoa izan zen Odonen azken kargua, bertan jubilatu baitzen 1968an.