Literatoak

Apalategi, Imanol

P. Bonifacio de Ataun. Sabiaga

Erlijio-gizona, literato eta euskal gramatikaria. Ataunen jaio zen 1901eko apirilaren 13an Sabiaga baserrian. 1984ko abuztuaren 17an hil zen Donostian.

Erlijio-ikasketak 1914an hasi zituen Altsasuko Aita Kaputxinoetan. 1918an Zangozara joan zen, han hartu zuelarik kaputxinoen abitua eta baita Ataungo Bonifazio Anaikide izena ere. 1919an Hondarribiara joan zen Filosofia ikasketak egitera eta bertan hasiko zen euskarazko lehen lanak idazten. 1922tik aurrera Iruñean jarraituko zuen ikasketekin.

1927an apaiztu eta berehala Lekarozko ikastetxera joan zen aritmetika, geografia, latina, euskara eta gaztelera irakastera. Irakaskuntzan ez ezik, sermolaritzan ere izugarrizko lana eta arrakasta izan zuen. Euskal Herriko hainbat lekutan biltzen zuen jendea. Hitzaldi gehienak euskaraz ziren eta berauen laburpenak idatzita eta gordeta zituen arren, gerra hastean erre egin zituzten beste idazki eta liburuekin batera.

Espainiako gerra zibila iristearekin batera erbesteratu beharra izan zuen, lehenik Frantzian eta ondoren Argentinan non 40 urte igaroko zituen. Han apaiz-lanari lotu zitzaion baina irakaskuntza ahaztu gabe. Bertan zela Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos agerkari argentinarrean zuzendaritzan egon zen. Buletin hartan hainbat bertso eta olerki idatzi ez ezik, euskal kultura eta historiaren inguruko lan asko argitaratu zuen. Argentinako Euskal Etxeetan ere sarri ematen zituen hitzaldiak. 1977an itzuli zen Argentinatik eta berriro, Euskal Herriko kultur munduan murgiltzen hasten da, Manuel Lekuonaren omenezko idazki bilduman parte hartuz, Areizaga apaizaren egoaldeko ibillerak izeneko lanarekin. Atzerritik itzultzean, Donostiako kaputxinoetan bizi izan zen.

Idazle moduan 1919tik ibili zen hainbat agerkaritan esku hartzen: Zeruko Argia (1934tik 1936ra arte izan zen zuzendaria), Euskal Esnalea, Yakintza, Eusko Deya aldizkaritan eta El Día eta Euzkadi egunkarietan, besteak beste. Bere olerkiak Euzko Gogoa-n argitaratu zituen.

Argitaratutako beste lanean artean Rabingranath Tagore idazlearen Amal lanaren euskal itzulpena dago, 1934an Donostian argitaratu zena. 1960an Buenos Airesen argitara eman zuen Gure aditza lana edo Egiazko Jainkoa (1934) antzerki-lana aipa daitezke.