Arkitektura

Antzokiak. Arkitektura

Jatorrian antzokia espazio erlijiosoa zen eta Grezian du bere sorrera. Berez, lehen antzezlanak Dionisoren gurtzarekin lotu behar ditugu, haren omenez burutzen ziren kantu koralekin, dantza estatikoekin eta maskara-prozesioekin lotura zuzena baitzuten. Antzezlanen agertokia Dionisoren santutegia izaten zen. Atenasen kasuan, berau Akropoliaren hego-ekialdeko maldan zegoen. Hori dela eta, Greziako antzokiaren forma antzezlanak burutzearekin batera eratu zen.

Lehen antzoki horiek hiru elementuz osatuta zeuden: orkestra, eszena eta kabea. Agertokitzat orkestra erabiltzen zen, hau da, Dionisoren tenpluaren aurrean dantza erritualak egiten ziren lekua. Eszenak zurezko egitura arin batez osatuta zegoen eta orkestra eta atzeko alde irekia bereizten zituen. Azken gune hori, aktoreek eszenan agertzeko behar zuten tokia zen. Hasieran batean eszena antzezlan bakoitzean berritzen bazen ere, gero zurezko egitura iraunkorra jarri zen haren lekuan, eta azkenik, K.a. IV. mendearen bukaera aldera, harrizko eszenak nagusitu ziren. Azkenik, publikoarentzat uzten zen lekuak kabea izena zuen eta orkestraren inguruan zegoen. Egitura horrek hasieran poligono baten itxura bazuen ere -trapezioa, nagusiki-, gero harrizko hainbat mailatan eratu zuten. Ahal zen neurrian, kabeako tribunak mendien maldan kokatzen saiatzen ziren. Horrela, mendiaren magalean sakonune bat eginez, errazago egituratzen ziren esertzeko maila-eraztunak, behetik gora alegia; horri esker, eserleku guztietatik berdin ikusten zen ikuskizuna, eta akustika bikaina lortzen zen.

Azkenean, elementu guzti horiek bateratuz eta horien geometrizazioa bilatuz greziarrek antzokiaren forma ideala aurkitzea lortu zuten. Horren eredu argiena Epidauroko antzokia izan zen; K.a. III. mendean eraikia, antzoki hori ospetsua egin zen bere bete-beteko perfekzioagatik. Greziako antzokien inguruko alor honekin amaitzeko, nabarmentzekoa da tenpluak gauzatzeko orduan ageri zuten jarrera guztiz bestelakoa zela. Horiek burutzean naturaren aurrean erabateko autonomia bazuten ere, antzokiak bideratzerakoan greziarrak forma geometriko hutsa eta paisaia naturala bat egiten saiatzen ziren.

Aitzin Aroan tipologia horren bigarren fasea Erroman gertatu zen. Grezian ez bezala, ordea, Erroman ez zuen erlijioarekin inolako loturarik izan, antzezlanaren helburu bakarra jendea entretenitzea baitzen. Erromatarren lehenengo antzokiak zurezkoak ziren eta behin-behienekoak. Berez, harrizko lehenengo eraikinak ez ditugu K.a. I. mendea heldu arte aurkituko. Oro har, antzoki erromatarrak antzoki greziarraren elementu garrantzitsu guztiak hartu bazituen ere, alde nabarmenena naturarekiko jarreran ikus genezakeen, antzoki erromatarra erabat isolatuta baitzegoen, eraikin bereizia balitz bezala. Horren ondorioz, eredu greziarraren elementu nagusiei, hau da, ikusleentzako espazioa -kabea-, koroarentzako utzitako espazioa -orkestra- eta eszena, oinarrizko ordenazio geometriko berria eman zitzaien. Horrela, beste egokitzapenen artean, kabeak hemiziklo zentrokide moduan, doi-doi inguratzen du orkestra, eta hau zirkuluerdi batera murrizten da. Azkenik, espazioari eta eraikinari dagokionez, tradizio erromatarra argi eta garbi nagusitzen da eta horrela, hormaz eta arkuez egindako hainbat pisutako eraztun altu batez inguratzen du kabea.