Kontzeptua

Antzerti

Frankismoan zehar, antzerti-jarduerei emandako instituzio sustapena ez zen behingo kontua baino besterik. Arau horren salbuespen bezala, Arabako Aldundiak 1970ean, Manuel Iradier Sozietatekoa zen La Farandula de Vitoria taldea Kultura Kontseiluko Antzerti Atalean sartu zuen, bere lana egiterakoan behar zituen baliabide guztiak eman zizkiola. Politika horretan sakonduz, 1976an Euskal Herriko antzerti profesionalerako lehen ekoizlea eratu zen: Denok Kooperatiba, antzertirako gune integrala izanik, produkzio-gune bat, heziketarako ikastetxea (eskola eta liburutegia), eta informaziorako beste gune bat (horretarako buletin bat sortuz) izan zituen, eta bere eskuetan jarri ziren antzerti programazioa eta Gasteizko Nazioarteko Jaialdia bera ere. Arabako Aldundiak bere laguntza kendu zuenean, 1983an, Denok Kooperatiba erabat desegin zen.

Behin kultura gaian eskumenak eskuratu ondoren, laurogeiko hamarkadan, estamentu publiko desberdinak antzerti-garapenean jarrera eragilea izaten hasi ziren eta ondorio bezala diru iturriak ugaritu ziren, sortzaileak baliabide handiagoak izan zituzten, frontoiak ordezkatzera zetozen beste esparru berri batzuk egokitzearekin batera hiribilduetako antzoki burges zaharrak beste proposamen berri batzuetara zabaldu eta erakusketa-bide edo sareak ere eratu ziren.

Hezkuntza egitasmo ofizialik ez zenez, hezkuntza teknikoa azalekoa, zatikatua eta ezegonkorra zen. "Aprendimos a hacer teatro haciendo teatro" -aitortuko dute profesionalik beteranoenek. Antzerti eskolaren lehen esperientzia, eta seguruenik irakaskuntza ofizialeko ikastetxearen ereduari gehien hurbiltzen zaiona ere, El Lebrel Blanco-k, 1979tik aurrera Iruñako Chantrea auzoan bultzatu zuena izan zen, gerora Antzertiaren Eskola Nafarra izenez Foru Gobernuko Kultura Zuzendaritzaren laguntzarekin bizitza autonomoa izatera iritsiko zena alegia.

Gabezia nabarmen hori leuntzeko, 1981ean Antzeti, Eusko Jaurlaritzako Arte Dramatikorako Zerbitzua, sortu zen. Bertan lau urtetarako ikasketa plana ezartzen zen produkzio unitate eta dokumentazio-gune batzuez osatuz. Bilbon eta Gasteiz-Vitorian, zeuden tailerrak erabiliz, lehen bi ikasturteak eman ziren, Donostiako egoitza nagusian beste biak ematen ziren bitartean. Ikasleak euskeraren eta euskal kulturaren ezagutzak egiaztatu beharra zuten titulua lortu ahal izateko eta baldintza horiek ikaslegai asko kanpoan utzi zituen. Zio hori eta beste batzuk bitarte, Antzerti oso kritikatua izan zen euskal antzertiko beteranoen aldetik. 1984ko ekainean hamabi aktore/aktoresak osatutako bere lehen promozioa graduatu zen. Promozio horretakoak gerora telebista, zinema eta antzertiko aurpegi ezagunak izatera iritsi ziren . 1985ean tailerrak desagertu egiten dira eta ekintza guztia Donostian gauzatzen da, baina 1989an hezkuntza-gune ofizialaren likidazio aurreko urrats bezala lurralde-egiturara itzuliko da.

Hamarkada berberean sortu ziren antzerti taldeak zuzendutakoak eta Udalek eutsitako Getxo, Basauri, Gasteiz eta Errenteriako eskolak. Geroago, XXI. mendearen bigarren hamarkadan sartuta, oraindik ere arte eszenikoak araututako irakaskuntzan bere lekua izateko, europar inguruko herrialdeetan gertatzen den bezala, titulazio ofizialdun ikastetxe egoki bat prestatzearen zain gaude.

Beste instituzio-ekimen bat antzerti sektorearen gero eta atomizazio handiago bezala ikusten zen errealitatearen aurrean antzertiaren osoko garapenerako laurogeita hamarreko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako antzerti publikoari buruzko Arteszena izan zen. Ahaleginak, galkorra, asmo jator batzuk utzi zituen eta Euskal Ikastetxe Dramatikoa izan zitekeenaren baina izan ez zenaren adierazgarri ziren hiru ikuskizun ere.