Kontzeptua

Antropologia fisikoa

Oraindik asko dago zehazteko euskal populazioaren taxonomia eta tipologia osagaien barreiatzeaz lurraldean. Gure herriaren hainbat elementu iruzkindu ondoren, aipatzekoa dugu oraindik, azaletik bederen, zeozer bere biodinamikari buruz.

Euskal izaeraren interpretazio biologikoak honoko puntu hauei buruzko galderak iradokitzen ditu:

  1. a) Mendeak direla eta lurralde berean kokatutako giza taldea.
  2. b) Euskal ekosistemaren barruko komunitate biologikoa da.
  3. c) Ekosistema motek bere aztarnak utzi dituzte populazio horren norbanako     genotipo, fenotipo, jarrera eta kulturan.
  4. d) Nekazal, artzain, arrantzale, mehatzari eta industria bizimoduetan bilakaera jazo da.
  5. e) Espainiako beste leku askotan bezala industrializazioak eta bere ondorioa den emigrazioak  populazioaren egitura aldatu du. Erliebeak eta hizkuntzak eragindako isolamendua eteteak mestizaia ekarri du.
  6. f) Endogamia- hau da herri bereko pertsonekin parekatzea soilik- eta odolkidetasuna Pirinioetako zenbait haranetan baino ez da mantentzen.

Datu hauek kontuan hartzeak , gaur egungo egoera azaltzeko balioko ote dute? Giza taldeen intuiziozko jarrerako atala azpimarratzen duten etologoen determinismoan erori gabe, euskal izaera biologikoaren interpretazioari argi berdea eman geniezaioke: euskal populazioaren jaiotze, heriotza, bizitza luzaera, ezkontza urrutitasuna, ezkontidearen hautaketa, odol kidetasuna, mestizaia eta beste gertakari demografikoen eragina balioesteko bideak ematen ditu eta osatzen duten norbanakoen tipologia eta egitura ere. Endogamia datuak direla eta Pirinioetako bailara batean eta Gipuzkoako Aralarren egindako ikerketa banaren datuak emango ditugu besterik gabe. Espainiar Pirinioetako eskualdeko datuak Oloriz, Sanchez Fernandez, Hoyos Sainz eta azken denboretan Bartzelonako unibertsitateko Alcobé, Pons, Prebosti, Fusté eta Basabek emandakoak dira.

Pirinioetako ipar isurialdean Cahiers d´Antropologie et d´Ecologie Humaine II, 3-4 (1974) aldizkariak biltzen ditu Pirinioetako Ekologia mintegian aurkeztu ziren gaiak: Gizakia eta Frantziako Pirinioak, Antropologia Aniztasuna, Ekologia Baldintzak, Paleolitikoa, Neolitikoa, Burdin Aroa Frantziako Pirinioetan. Bartzelonako unibertsitateko antropologoak  Pirinioetako hiru goi bailara ikertu dituzte: Arango bailara, Andorra eta Cerdanya; gainera Alcobék Nafar Pirinioetako  (Baztan eta Aezkoa haranak) ikertu ditu. Aipatutako ikerlariak isolatutako zonaldetan mantendu diren arraza zantzu oso zaharrak aurkitu dituzte  Pirinio osoan barreiaturik, Pirinioetako mendebaldeko  gizakia deitutakoaren iraunkortasunarekin lotuta dauden zantzuak. Ba dirudi, gainera, erliebe osagai askoren izenak uste hau baieztatzen dutela. Gizaki hau oso hedatuta dago, Aragoitik hasita nafar Pirinioetatik igarota Bizkaiko Golkoraino. Bi ikerketek, bata Amezketa eta Bedaiokoa, Gipuzkoan eta beste Erronkarikoa (Nafarroa)  baieztatu dute leku hauetako erliebeak duen eragin antropodinamikoa populazioaren bilakaeran, odolkidetasuna, ezkontza urrutitasuna, abizenen errepikapena eta antzeko gaietan, ondorioz bertako gizaki ondo zehaztua sortu araziz, berezko izaera somatikoa, genetikoa eta jokaerekin. Hain justu ere  Frantzia eta Espainiaren arteko ezin besteko pasabideak diren Pirinioetako bi muturretan hizkuntza arloan ere berezitasunak mantendu dituzten  giza talde batzuk kokatu dira.

Beste aldetik, nekazaritza-basogintza-artzaintza trilogiak inposatutako bizimoduaren eskakizun ekologikoetan oinarritutako populazioaren dinamikak behartutako aldian behingo migrazioetan berarekin darama bere hizkuntza, bere geneak, bere abizenak eta bere kultura osoa, orain bezala Erdi Aroan eta Historiaurrean. Guztiak dauka bere ondorioa  eta populazioaren genoman bere aztarna uzten du. Nafarroako hiru herri (Burgi, Erronkari eta Urzainki) isolatuen biodemografia kontuan hartzen badugu, jaiotze tasaren gorabeherak eta urte onak deitzen direnak, sasikumeen jaiotze urritasuna, ume heriotze tasen gutxitzea, gerra karlistak edo eta izurriteen ondorio beheratzailea, endogamia tasa handia (%60 Urzainkin, %47 Erronkarin), klimaren  eragina heriotza tasan, hirurak desberdinak dira eta isolatuak inguruari dagokionez. Gipuzkoako Amezketa, Alegia eta Bedaio haranak antzeko zerbait erakusten dute; Bedaio, orain dela urte gutxi arte telefonorik eta errepiderik gabe egon dena, izan da ugaltze isolamendu handiena pairatu duena. Batez-besteko ezkontza adina 30 urte mutiletan eta 26 nesketan izan da, odolkidetasun tasa batez-besteko espainiarra baino handiagoa delarik. XIX. mendearen amaieran bakoitzaren bizi itxaropena 30-35 urtekoa zen, XX. mendearen erdian 55-60ra igaro zelarik.