Arkitektura

Andre Mariaren eliza. Gernika

Gernikako Andre Mariaren eliza Bizkaia osoko tenplu gotiko interesgarrienetako bat da. Portada nagusia da eraikuntzaren puntu gorena. Bestalde, zati errenazentista ugari ikus daitezke eraikinean, izan ere, eraikuntza ia mende batez luzatu zen.

Zati gotikoa XV. mendearen erdialdekoa da. Zati errenazentista, berriz, murruetako zati garaienarekin, euskarri exentuekin, gangarekin, koruarekin eta alboko handitze-lanarekin dator bat. Gainera, beranduago ere hainbat eraldatze-lan egin dira bertan. Garrantzitsuena XVIII. mendearen bigarren erdialdean egindakoa, kanpai-horma altxatu zenean. Eliza harlanduz dago osorik landua. Barnealdean kubo itxurakoa da eta kontrahorma andanaz zuinkatua, hasierako sentsazio trinkoa hausten dutenak. Fatxada nagusia da elementurik esanguratsuena, izan ere, hari so agerian geratzen da mendeetan zehar jarraitu zen eraikuntza-prozesua: balio ukaezina duen portada gotikoa, murruan mihise erabat klasizistak eta, erremate modura, XVIII. mendean altxatutako kanpai-horma bat, tradizio barroko argikoa. Baoei dagokienez, erdi-puntukoak dira. Batzuetan trazeria hautematen da. Bi sarbide daude. Sarrera nagusia portada gotiko berantiar itzela da, arku zorrotzekoa eta motibo geometriko oparoz apaindutako arkibolta ugarikoa. Alboetako fusteetan Pedro eta Pablo apostoluen presentzia nabarmentzen da, eta Ama Birjina erdiko mainelean, sarrera bi arku eskartzanotan bananduz.

Horiez gain, badira beste irudi txikiago batzuk ere kanpoaldeko arkiboltan zehar eta murruaren kanpoaldeko zonaldean. Multzo osoa markoztatuz erlaitz molduratuko frontoi bat, akroteraz errematatua. Haren gainean erdi-puntuko hiru arku itsu handi eta hiru gorputz eta kanpaiak paratzeko erdi-puntuko baoak dituen kanpai-horma bat, hegal handi biribilduz eta moldura handiko moldurekin apainduta. Multzoaren gorenean hormartea. Barnean hiru nabe eta bost atal ikus daitezke, guztiak altuera berean, dagoeneko espazioak sakabanatzeko erdi aroko tradizioa alboratu duen areto-eliza erabat errenazentistaren erara. Haatik, gotiko kutsua duten zor zenbait mantentzen da. Hala, abside poligonal hirukoitza ageri da eta erdikoa triforioz dago hornitua. Bestalde, Epistolaren aldean kapera baxu ugari dago. Ganga guztia gurutzeria erakoa da, konplexutasun ezberdinekoa atalaren arabera. Gurutzeria hori, erdialdean, oinarri atikoa eta kapitel jonikoak dituzten zutabeen bidez sostengatzen da. Arte higigarria ez da oso adierazgarria, izan ere, udalerriak jasan zuen bonbardaketaren ondorioz asko galdu egin ziren. Dena den, XVIII. mendearen erdialdeko tailu barroko ugari mantentzen dira, 1920. urtean egindako eraberritze-lan batean desmuntatu zen aldare nagusiko erretaulan zeudenak. Gainera, erretaula txikiago zenbait eta irudi garaikideak ikus daitezke. Koruak aparteko aipamena merezi du. XVII. mendearen bigarren erdialdekoa da. Alboetan koruaren gainera igotzeko eskailerak lekutzen dira. Guztia tertzelete-ganga gainean, arku eskartzano bidez irekia eta pilastretan bermatua.

  • Arregi Azpeitia, G.: Ermitas de Bizkaia. Vol. I, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1987, 457 orr.
  • Barrio Loza, J. A.(dir.): Bizkaia: Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Vol. II. Markina-Ondarroa/Gernika-Bermeo/Plentzia-Mungia, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1989.
  • Ibarra y Berge, J.: Catalogo de Monumentos de Vizcaya, Bilbao, Junta de Cultura Vasca, 1958, 2 libk.
  • Ensunza Arrien, M.: Monografías de pueblos de Bizkaia. Gernika. Estudio Histórico-Artístico, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 2003, 272 orr.
  • Lasuen Solozabal, B.: Monumentos a vizcaínos ilustres, Bilbao, BBK, 1995, 179 orr.
  • VV.AA.: Monumento Nacionales de Euskadi. Tomo III, Elespuru, Departamento de Cultura del Gobierno Vasco, 1985.
  • Zabala Uriarte, A. (dir.): Monumentos de Bizkaia, Tomo II, Bilbao, Diputación Foral de Bizkaia, 1987.