Zinekoak

Ander eta Yul

1988an egin zen filma, eta Ángel Amigoren Igeldo Zine Produkzioak etxe donostiarrak produzitu zuen. Ana Díez zuzendari nafarraren debuta izan zen film luzeen munduan.

Hona filmaren laburpena: Ander izeneko droga-trafikatzaile bat Donostiara itzultzen da, kartzela-zigorra beteta. Hasieran egonaldi laburra izatekoa zena luzatu egiten da gero. Hiru gauzak daukate Donostian lotuta Ander: gaztaroko oroitzapen goxoek, Sara izeneko neskatxa batekin hasi duen maitasun-istorioak, eta Yul aspaldiko adiskidea berraurkitzeak. Hori ETAn sartuta dago orain. Euskal errealitate zailak eta gertaerek gainditu egiten dute, azkenean, Ander, eta maitasunerako bide oro edo lehengo adiskidetasuna berreskuratzeko aukera guztiak pikutara doaz, filmeko pertsonaien inguruko gorabeherengatik. Izan ere, Yulek hil egiten du Ander azkenean, eta horrelaxe amaitzen da istorioa.

Bi gai oso desberdin dira filmean, eta Ander da bien arteko lotura. Lehena, Anderren itzulera eta hark Yulekin duen harreman zaila. Hor, Ana Díezek drogaren mundua azaltzen digu, eta ETA fenomenoa. Bigarrena, Anderren eta Sararen arteko maitasun-istorioa. Zinegileak, zuhurki, bi zinema-hizkuntza desberdin darabiltza bi gaiak lantzeko. Bi adiskideen arteko adiskidetasuna oso erritmo bizian dago kontatuta, batik bat plano motzak erabiliz. Maitasun-istorioa, aitzitik, plano luze eta erregularrekin dago eginda, eta piano-musika erromantiko batez lagundua. Erritmo lasai horrek babestu bezala egiten ditu maitaleak, kanpoko errealitate gordinetik. Sara bera ere Ander etxera ekarri duen autobuseko kristal lausoen artetik agertzen da, eta, horregatik, pentsa liteke neska agian protagonistaren amets huts bat dela.

Filmak sekulako polemika piztu zuen, euskal zinema ETAren gaira hurbiltzean gertatzen den bezala. Ezker abertzalearen inguruko komunikabideek, obra ETAren borroka armatuaren aurkakoa izaki, gupidarik gabe txarretsi zuten. Horrek filmaren aldeko joera piztu zuen instantean aurkako komunikabideetan. Bada anekdota bitxi bat ere: Espainiako Barne Ministerioak, gidoia irakurri eta gero, filmaketarako atrezzoa ukatu zien egileei. Horregatik ez da sekula ageri obran espainiar poliziaren uniformerik. Ander eta Yul film duina da; eskarmentu ezaren aje batzuk ageri baditu ere, kalitate handiko gauzak dauzka. Ikusleek, dena den, bizkarra eman zioten. Halere, bistako garaipena lortu zuen azkenean, Ana Díezek Zuzendari Hasiberri Onenaren Goya Saria irabazi baitzuen, eta Film Onenaren Saria, halaber, Bogotako Zinemaldian.

  • Amigo, Ángel: Veinte años y un día, San Sebastián, Igeldo Komunikazioa-Communication, 2001, 221 pp.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.