Dantza

Añar-haundi

Baztango mutil-dantza.

Dokumentazioan beste izen batzuekin ere aurki dezakegu: Añarr aundia (Zalduaren eskuizkribuan) eta Añoar-aundi (1943. Urteko Maurizio Elizalderen bilduman).

Kasu honetan, eta Añarxumen gertatzen denaren kontrara, ez gaude puntukako mutildantza baten aurrean. Zaila izatearen ospea izan du eta normalean beste bi mutil-dantzekin batera dantzatu izan da: Ardoarena, Añar-haundi eta Tellarin (eta orden honetan dantzatuak). Hiru mutil-dantzak batzen dituen ezaugarri komuna da hirurak urrats berberarekin hasten direla.

Bere izenari tradizionalki "ainararena"ren (edo "elaiarena" beste euskalkietan) esanahia eman zaio. Baina Añarxumerekin gertatzen denaren antzera egon litezke beste esanahi batzuk. Maurizio Elizalderen 1943ko bilduman (gero Aita Donostiak jasoko duena), Añarxume eta Añoar-haundi elkarrengandik urruti aurki ditzakegu; eta gauza bera gertatzen da Larraldetarren argitalpenean. Baina Zalduaren eskuizkribuan elkarren ondoan aurkitzen dira eta aise ikus dezakegu bi mutildantzen arteko nolabaiteko oposizio bat. Oposizio hori Iparraldeko jauzietan eta Biarnoko sautetan ikus dezakegu ere bai. Jauzi eta Sautsei buruz (eta beti ere, mutildantza honekin lotuta), hona J.M. Guilcherrek esaten diguna:

"(...) Baztanen, beste aldetik, Añarxume izeneko mutildantza bat aurkitu dugu Baigtseko Petit Agnoa eta "Agnoua ttipia" lapurtarraren ahaide ezin zalantzazkoa. Petit Agnoa bakarrik uler daiteke Ainhoar ttipiak jauziaren transposizioa bezala, azken hau izanik "Ainhoako (jauzi) ttipiak", Ainhoarrak herri bereko izena daraman jauzi luzearen oposizioan." (Guilcher, 1984)

Testu inguru honetan hartuko luke Añar-haundi beste esanahi bat.

M.A. Sagaseta Ainhoarrak jauziarekin lotuko du mutildantza ("lehendabiziko hiru atalak dira, zehatz-mehatz Baztango Añoar-aundi"). Deigarria da jakitea Luzaiden Ainhoarrak Teillagorri izeneko beste jauzi bati lotuta dantzatu ohi dela (Sagaseta, 1977).


Ver partitura

Escuchar MIDI


  • AZKUE, R.M.. Cancionero Popular Vasco. Bilbao: Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
  • DONOSTIA, J.A. Cancionero Vasco. IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994.
  • ELIZALDE, Maurizio. Baztango dantzak. Herrikoi Musika Sorta 2-3. Herri Gogoa, 1971.
  • GUILCHER, J.M. La tradition de danse en Pays Basque Française et Béarn. Paris: Editions de la Maison des Sciences de l'homme, 1984.
  • GUILCHER, J.M. "Les mutil dantza du Haut-Baztan. Zozuarena". Bulletin du Musée Basque (Baiona). 73, 1976, 49-58 or.
  • JORDÁ, E. "Nota preliminar a un manuscrito de Bernardo de Zaldua". Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País.(Donostia). Año XXIX, cuaderno 4º, 1973, 556-581 or.
  • LARRALDE, Xabier; LARRALDE, Patxi. Baztango Folklorea. Donostia: IZ Estudioa, 1991.
  • SAGASETA, M.A. Danzas de Valcarlos. Colección Etnografía. Pamplona: Institución Príncipe de Viana, 1977.
  • SAGASETA, M.A. Luzaideko Dantzak. Zamudio: Herritar Berri/Astero, 2011