Toponimoak

Amarita

Amarita da 2001ean Euskaltzaindiak proposatu zuen izena. Donemiliaga Kukullako kartularioan leku honi egindako erreferentzia Hamarita da, Ubarrundiako antzinako merindadean (Ubarundia, Reja agirian); kartulario horretan, Donemiliagako monasterioari zerga ordaintzen zioten Arabako herrien zerrenda agertzen da 1025ean; zerga gisa burdin sare bat edo gehiago edo, gutxieneko kasuan, ahariak ematen zituzten. Ganboako Artzapez-barrutian ere Hamarita da, D. Jerónimo de Aznar Kalagorriko apezpikuaren zerrendan, 1257an (Rodríguez R. de Lama, 1989: 218). Baita ere, Arabako Kofradiaren eta Gasteizko Kontzejuaren arteko 1332. urteko epai batean, J.J. Landazuri historialari gasteiztarraren transkripzioaren arabera, Amarita (Landazuri IV: 90-95).

1379ko Don Joan erregearen pribilegio errodatuan, Amarita aipatzen da (GUA) eta 1481eko Gasteizen jurisdikzioko Apeoan, Amaryta (GUA). 1551n, Martín Gil lizentziatuaren bisita-liburuan ere modu berean agertzen da, Amarita, Ganboako Artzapez-barrutiko herrien zerrendan. Mende bereko dokumentuetan, Arabako herrien zerrenda eta haiek elizari ordaindu beharreko hamarrenak jasotzen direnetan, 1580an, 1592an eta 1593an, Amarita (APAH). Toponimo honek, beraz, ez du izan aldaketarik, ondorengo mendeetatik gaur egun arte.

Toponimia txikian, hau da, pieza, nekazaritza-lur, soro, bide, eta abarren izenetan ere forma bera gordetzen da; hitz-elkarketan agertzen da, bai euskaraz bai gaztelaniaz, ... bidea, ...ko ibarra, ... gana, ...behea, ... soloa eta abar adieraziz; esate baterako: Amarita arana (1583, APAH), Amarita soloa (1635, APAH), Amarita arana (1693, EAH), Amaritarana (1693, EUA), Amaritaco ybarra (1704, APAH), Camino de Amaritabidea (1736, GUA, apeoa), Amarita videa (1749, APAH), Amaritavea (1795, APAH), Amaritacoibarra (1813, APAH), Camino de Amarita (1853, ALAH), Amaritagana (1856, GUA), Amaritabidea (1863, APAH), Amaritagana (1884, APAH), Amarita videa (1911, GUA), Amarita arana (1927, GUA), Amarita ybarra (1940, GUA).

Caro Barojak adierazten du toponimo hau ez dela lotu behar -eta ugaritasunezko atzizkian amaitutakoekin, ezta -r(t)za atzikitik datorren -ta atzizkian amaitutakoekin ere (Aiestaren kasuan bezala). Mitxelenak ez dio ezer toponimo honetaz.

EMS 2009

Iturriak

  • EAH: Elizbarrutiko Artxibo Historikoa.
  • APAH: Arabako Probintziako Artxibo Historikoa.
  • GUA: Gasteizko Udal Artxiboa.
  • ALAH: Arabako Lurraldeko Artxibo Historikoa.
  • EUA: Eliza Unibertsitateen Artxiboa

Bibliografia

  • Caro Baroja, Julio: "Álava en la llamada Reja de San Millán", Historia General del País Vasco, III, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1980, 109-149.
  • Caro Baroja, Julio: "El elemento vasco en la toponimia alavesa de la Reja de San Millán", Historia General del País Vasco, III, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1980, 151-185.
  • Caro Baroja, Julio: "Toponimia más enigmática", Historia General del País Vasco, III, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1980, 284. or.
  • Díaz Bodegas, Pablo: Libro de visita del Licenciado Martín Gil, Kalagorri eta Ozkabarteko Elizbarrutia, Logroño, 1998, 44. or.
  • Euskaltzaindia: Euskal Autonomia Erkidegoko Biztanle-Entitateak = Entidades de Población de la Comunidad Autónoma Vasca, Euskaltzaindia - EUDEL - Eusko Jaurlaritza, Bilbo, 2001.
  • Fita, Fidel: "El vascuence alavés anterior al siglo XIV", Boletín de la Real Academia de la Historia, III, 1883, 215-243.
  • González Mínguez, César: Documentos de Pedro I y Enrique II en el Archivo Municipal de Vitoria, Fuentes documentales medievales del País Vasco, 49. zk., Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1994, 35-39.
  • Landázuri y Romarate, Joaquín José de: Obras históricas sobre la provincia de Álava, I, Arabako Foru Aldundia, Gasteiz 1976, 52. or.
  • Landázuri y Romarate, Joaquín José de: Obras históricas sobre la provincia de Álava, IV, Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 1976, 90-95.
  • López de Guereñu, Gerardo: Toponimia alavesa seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses, Onomasticon Vasconiae 5, Euskaltzaindia, Bilbo, 1989.
  • Mitxelena, Koldo: Apellidos Vascos, 5. argit., Txertoa, Donostia, 1997, 28-151.
  • Ramos Remedios, Emiliana: El Apeo de Vitoria y su Jurisdicción a fines del siglo XV, I eta II, Vitoria-Gasteizko Udala, Gasteiz, 1999.
  • Rodríguez R. de Lama, Ildefonso: Colección diplomática medieval de la Rioja, IV, Instituto de Estudios Riojanos, Logroño, 1989, 218. or.
  • Ubieto Arteta, Antonio: Cartulario de San Millán de la Cogolla (759-1076), Instituto de Estudios Riojanos, Valentzia, 1976, 176-179.

EMS 2009