Dramaturgoak

Alzaga Anabitarte, Toribio (1977ko bertsioa)

Euskal kulturako antzerkigile ospetsuena.

1861eko apirilaren 16an jaio zen Donostian. Donostian hil zen 1941eko maiatzaren 27an, 80 urte zituela.

Bigarren karlistadan Ziburura (Lapurdi) joan zen babes bila eta han egin zituen batxilergo ikasketak. Lapurdiko herri horretan idatzi zuen lehen komedia, 1888an, Aterako gera. Gerora komediari eman zitzaion oso-osorik eta opera ere jorratu zuen, beti euskaraz.

Bere lanak Euskal Herri guztian zehar antzeztu ziren berehala eta bakoitzetik hainbat argitalpen kaleratzen ziren. Honakoak aipa ditzakegu kronologia hurrenkera aintzat hartuz:

  • Santo Tomase'ko feriya, (1894)
  • Axentxi ta Kontxexi, (1914)
  • Bernaiño'ren larriyak, (1915)
  • Oleskari berriya (1916)
  • Txiribiri (1918)
  • Pierre Lotiren Ramuntcho itzulpena (1920)
  • Andre Joxepa Trompeta (1921)
  • Eleizatxo'ko ardazlea, Arpuxa kalian, Bost-urtian, (1922)
  • Etxietan, Zalaparta, Amantxi, Tan tarrantan, Zanpantzar, (1923)
  • Neskazar, Mutilzar, Osaba, Gizon ona, eta beste asko, esate baterako, Baba Lora, Urdailleko, Barruntzia, Ezer ez ta festa, Biotz berak, etab.
  • Gainera, Txanton Piperri (1899)
  • Amboto eta Gli kornamenti (1906) operak ere taxutu zituen.

1926an Shakespeareren Macbeth itzuli zuen Irritza izenburupean.

Donostiako Escuela de la Lengua y Declamación Euskaras delakoaren, Lore Jokoen Kontsistorioko eta "Euskal-Erria" aldizkariko zuzendari izan zen bizi artean. Halaber, euskaltzain ere izan zen. 1930ean, Donostian omenaldi herrikoi handi bat egin zitzaion.

  • "Auspoa": Toribio Alzaga Anabitarte. In "Ramuntxo", 6. zenbakia (9-17). (Datu intimoak eta familiakoak barneratzen dituen biografia laburra), 1961.
  • Zapiain, G.: Toribio Alzaga y el teatro vasco. Donostia, XXI. urtea, 1955.
  • Aztertzale: Altzaga'ren homenez, "Euskal-Erria", 1930 (242).
  • Orixe: Altzaga'tar Toribi'ren gorakundea. "Eusko Ikaskuntzen buletina.", 1930, 48. zenbakia (31).
  • Arzac, A.: Txanton Piperri en Bilbao, "Euskal-Erria", 1899 (504).
  • Vizcaíno, M.: La ópera vascongada, "Euskal-Erria", 1916 (261).
  • Labayen, A.: Teatro Euskaro, I eta II. Liburukiak, Auñamendi bilduma.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Toribio Alzagari buruz.