Politikariak eta Kargu publikoak

Altuna Gallastegi, José Antonio

Arrasate, 1937-05-10. Jose Antonio Altuna alkate izan zen Arrasateko Udaletxean, 1976-1979 tartean.

Artean Franco diktadorea bizi zela ekin zion udal kudeaketari, eta garai hartako usadioari jarraiki, aurreko alkateak karguari utzi zionean, Altuna izendatu zuten herriko lehen agintari, trantsizio aldiari hasiera emanez.

Oso une ilun eta garratzak bizi izan zituen Euskal Herriak urte haietan eta 1976 dugu urte esanguratsua. Urte hartan gertatu ziren Gasteizko langileen hilketak; Montejurran ere hildakoak izan ziren; Segoviako kartzelatik ihes egin zuten ETA-ko kide batzuek; Iberdueroren kontrako manifestazioak pil-pilean zeuden, energia nuklearraren kontra; Moreno Bergaretxe "Pertur" desagertu zen; ETA-k hamazazpi lagun hil zituen... eta abar.

Nahaspila ikaragarri hartan, urte hartako uztailaren 21ean, bete ziren euskal foruak desagertu zireneko lehen mendeurrena. eta Franco hil ondoren euskal udaletan ari ziren zenbait alkateren ekimenez, deialdia egin zen Bergarara azaltzeko. Uholdeka iritsi zen jendea hara, euskal gizarteari esperantza berri baten leihoa irekitzen ari zitzaion eta.

Jose Antonio Altunak aurre egin behar izan zion bere karguari, bortizkeriak betetzen zuen giro politiko eta sozial gogor batean. Bergarako Alkateen taldekidea zenez gero, goi mailako elkarrizketak burutu behar izan zituen espainiar gobernu kide ugarirekin. Kontuan izan behar da, artean alderdi politikoen legea aldarrikatzeke zegoela; beraz, trantsizioko espainiar gobernuaren interlokutorerik esanguratsuenetakoa bilakatu zen Bergarako Alkateen Taldea.



Altunak parte hartu zuen 1977an Txibertako elkarrizketetan, euskal talde politikoak ETArekin erakundearen desagerpena negoziatzeko burutuak. Bergarako Alkateen Taldeak lan egin zuen, besteak beste, ikurriñaren legalizazioa eta euskal presoen amnistia lortzeko. Bere esku hartzea oso estimatua izan zen, estatuar politikoen aldetik ere, besteak beste Marcelino Oreja Agirre eta Martin Villa ministroekin gai konplikatuak tratatu behar izan zituenean.

Jose Antonio Altunak lehen udal hauteskundeetan (1979) utzi zuen politika aktiboa, zerrenda buru izateko zenbait alderdiren eskaintza jaso zuen arren.

Altuna, bestalde, oso enpresari ospetsua da, JMA giltza industriaren jabea baita, eta bere produktuak mundu osora zabaldu ditu.