Filologoak

Altube Lertxundi, Sebero

Seberok, bere anaia Benigno eta Cristobal Bediarekin -hiruak arrasatearrak- Euskal Herriko dultzaina talderik ospetsuenetakoa osatu zuen. Bere heziketa musikalak Arrasateko Musika Banda zuzentzera eraman zuen 1899an. Bi urte beranduago, dena den, "Cor Jesu" zeritzan bandarako martxa batekin Gernikako Musika Bandaren zuzendaritza irabazi zuen. Eta ordudanik, Arrasatetik Gernikara aldatu zuen bere egoitza.

Gernikan Abesbatza sortu zuen eta baita Musika Akademia ere. Bere zaletasunak eraginda, laster hasi zen artikuluak argitaratzen, batez ere Bilboko Revista Musical eta Donostiako Euskalerriaren alde. Bitxia bada ere, euskararen azterketa lanetan sartzen denean, gure hizkuntza morfologia, joskera eta tonoarengatik ikertu beharko litzatekeela dio Seberok, ate berri bat irekiz euskal linguistikako zereginetarako.

Hizkuntzaren gaineko arloan lan egiten, berriz, mende hasieran hasi zela esan genezake. Berak aitortzen du linguistikak tiratzen zuela eta europar hainbat hizkuntzalari ospetsuren obrak irakurri zituela. Hovelacque, Dauzat, Gregoire, Meillet eta beste hainbaten teoriak ezagutu zituen, bereak egituratzen hasi orduko. Teoria apurtzaileak, askotan, Altubek euskararen kasura aplikatu nahi izan zituenak.

1909koak dira Azkuerekin dituen lehenengo harremanak, batez ere hiztegi gaiak zirela eta. 1918an Oñatin zegoen, Eusko Ikaskuntzak bere lehen Kongresua eratu zuenean. Handik sortu zen Euskaltzaindia eratzeko ideia eta urtebete bat beranduago lehen euskaltzainak. 1920ko ekainaren 22an, Txomin Agirreren heriotzak utzitako hutsunea betetzeko Sebero Altube izendatu zuten euskaltzain. Ordurako euskarari buruzko bere lanak ezagunak ziren. Geroxeago aipatuko ditut, arlo honetan Seberok eginiko lanik sonatuenak.

Baina aipamen berezia merezi du Erderismos izenekoak. 1929an Euskera aldizkarian argitaratutako lan honek liburu gisa atera zuen urtebete beranduago. Ordurarte euskal hizkuntzalaritzan inondik egindako ekarpenik eztabaidatuenetakoa gertatu zen obra hori. Azkuek ez zuen ontzat hartu eta urte batzuk beranduago Koldo Mitxelenak ere kritika zorrotza egin zion, Altubek "dena eta nahi lukeena" nahasten zuela salatuz.

Egia da Altuberen lan horrek ez duela euskal joskera bere osotasunean neurtzen eta alde horretatik egin dakiokeen kritika zuzena dela. Baina Seberoren asmoa ez zen euskalki guztien gaineko ikerketa egitea. Gehien bat, garaiko euskal idazleengan antzematen zituen hutsik nabarmenenak ekiditeko arauak finkatu nahi zituen. Askok, Seberok beste garbizalekeria bat ezarri nahi izan zuela egozten diote, lexikoari dagokionaz gain. Joskera irreala sortu nahi izan zuela diote. Baliteke, izan ere askotan zurrun samar agertzen baita, baina ez da egia txikiagoa gure hizkuntzari buruz egin daitezkeen hainbat galderari erantzun egokia eskaintzen zaiela Altuberen teoriatik.

Alea ere, badira -noski- arrasatearraren lana goraipatzen dutenak. Aita Villasante, Aita Onaindia eta Iokin Zaitegi dira, besteak beste, Altuberen lana behin baino gehiagotan defendatu dutenak. Altubek, azken finean, euskara bizi eta egunerokoa maite baitzuen, argi eta garbi:

"Atara aixetara geure izkera maitiau, erabilli beti ta beti, edonun ta edonorekin, emon orretaraxe bizija ta indarra... Beste asmokeri ta barrikerizko bideok, alperriko ta kaltegarri baño eztira...".

Altuberen hizkuntzalaria oraingoz alde batera utzita, gogora dezagun izan zela Altube filosofo bat, zeharo kezkatuta gizartearen arazoekin. Berak dioenez, Gernikako bonbaztapenaren ondoren sortu zen berarengan giza oinazearen zergatia ezagutzeko grina. Horren ondorioz eta europar filosoforik aipagarrienen lanak irakurri ondoren, La fonction de la douleur deritzan liburua kaleratu zuen Pauen.

Sortzezko literaturan, berriz, Altuberen jaioterriaren kontrako bonbaztapenean oinarritzen du bere obrarik ezagunena: Laztantxu eta Betargi. Oso euskara txukun -agian zailxe samarra den arren- erabiltzen du, gertakari lazgarriaren deskribapen historiko fikziozkoa egiteko.

Sebero Altuberen lana begi kritikoz aztertu dela esan dut goian. Eta kritika ez da beti oso aldekoa gertatu, batez ere zorroztasunik eza egotzi zaiolarik, joskeraren gaineko teoriak euskara osora aplikatu nahi izan dituenean. Agian horrela da. Gaur egun ontzat emango ez liratekeen teoriak egituratu zituen. Baina horretan, behintzat, meritua eman behar zaiola iruditzen zait, ausarta izan baitzen, euskal linguistikaren zutabeak hutsaren hurrena zirenean. Seberok bide bat ireki zion euskal linguistikari. Ez da gutxi, berak zioen bezala, euskara joskera, morfologia eta tonoaren aldetik ikertu behar dela eskatzea. Eskatu eta, noski, horri ekin, arrasatearrak egin zuen legez.

Aita Villasantek, nire Sebero Altube liburuan zioen:

"Gizon gehienetan bezala, Altuberengan ere egon daitezke mugak. Baina Altube jaunaren pertsona eta lana, bere balio eta muga guztiekin, hor geldituko zaigu beti tente, ispilu eta mugarri antzo. Denontzat ikaspide".