Argazkilariak

Aliaga Saenz, Felix

Nafarroako argazkilari, pintore eta marrazkilaria. Felix Aliaga Ezkarain, Errioxan, jaio zen 1921ean eta Iruñean hil zen 1995ean.

Bi urte zituenean Atarrabiara joan zen bizitzera familiarekin, aitaren lanak hala eskatuta, saltzaile bidaiaria baitzen. Gerora San Gregorio kalean drogeria jarri zuen, beraz, betidanik nafartzat hartu izan du bere burua. Aliagak merkataritza ikasi zuen eta gerra ostean Madrilera joan zen arkitektura ikasi nahian, baina azkenean aitak farmazian matrikulatu zuen, eta lanbide horretan lan egin zuen Nafarrora itzuli zenean.

50eko hamarkadatik Nafarroako Argazkigintzako Taldeko kide izan zen. Bere ibilbidean sari ugari jaso zituen lana aurkeztu zuen nazioarteko areto gehienetan. Espainiako, Frantziako eta Portugalgo museo ugaritan egin zituen erakusketak eta 1977an Argazkigintza Artearen Nazioarteko Federazioaren Bikaintasun saria jaso zuen.

Aliagak argazkigintzaren mundura egindako ekarpen garrantzitsuenen artean nabarmentzekoa da Efecto Aliaga o ráfagas deitutakoa; bertan, positibatze-teknika erabilita, irudiek aura eta argitasun oso berezia eskuratzen zuten. Hala egin zuen 1970 inguruan egindako Pastor izeneko argazki ezaguna, baita lunarizaciones saila ere (ilargi beteko gau-argazkiak). Horietan, argia argazki barruan mugitzen zela zirudien. Horretarako, egileak argi-boladei sartzen uzten zien eta haiek irudiaren zati bat ezabatzen zuten.

Gaur egun familiak gordeta dituen bederatzi mila negatiboen artean landutako gai guztiak ikus daitezke: Bolada klasikoak edo ilargi beteak, pertsonaien argazkiak eta kaleko erreportajeak protagonista ugarirekin. Aliagak gehien landutako gaietako bat Nafarroako jaiak eta inauteriak izan ziren, San Ferminetako entzierroko argazki askorekin.