Arkitektura

Alhondiga - Azkuna Zentroa. Bilbo

Bilboko Udal Ardandegia Ricardo Bastida arkitektoak eraiki zuen 1906 eta 1909 urteen bitartean. Ardo eta olioen gordailu izateko behar funtzional guztiak betetzen zituen eraikinak. Hala ere, biltegi izate hutsetik haratago, hiriko arkitektura ondarearen parte bilakatu zen, haren monumentaltasuna eta soluzio tekniko berritzaileak zirela eta.

Estetika modernistaz, Bilboko Zabalguneko etxadi oso bat betetzen du, hormigoi armatuzko egitura estaltzen duen adreiluzko fatxadak eszenografia zaindua dauka, eta lau iskinetan dorre bana du. Bastidak, proiektuaren nondik norakoen tamainaz eta kokalekuaren balio estrategikoaz jabeturik, Europako hainbat hiritako - Anberes, Brusela, Hanburgo - merkataritza gordailuetara jo zuen inspirazio bila, eta bertara bidaiatu zuen. Estreinatu eta hamar urtera sute batek suntsitu zuen eraikina, eta berreskuratu eta erabilera berri bat izateko zain geratu zen. 1976. urtean, Arte eta Historia-Monumentu izendatzeko espedienteari hasiera eman zekion eskatu zuen Euskal Herriko eta Nafarroako Arkitektoen Elkargoak, eta 1998an lortu zuen kalifikazio hau.

Hiriaren desindustrializazioak eragindako ekonomiaren aldaketa zela eta, artea eta kulturaren funtzioa berrindartze ekonomikoaren motor berri gisa ulertuko dute instituzioek. Honela, laurogeiko hamarkadan Bilboko Udalak ardandegi zaharra kultur-zentro bilakatzea proposatu zuen, horretarako Jorge Oteiza eskultoreari parte hartzea eskatuaz. Honek, Fco. Javier Saenz de Oiza eta Juan Daniel Fullaondo arkitektoekin batera, eskala ikusgarriko proiektu bat aurkeztu zuen, "kubo" famatua, artea eta kulturaren "fabrika" izatea helburu zuena eta ikuskizun-artearen kulturari kontrajarria. Bi plaza publiko handi esekitako eraikin publiko batek batzen zituen, Musika Kontserbatorioa, Euskal Arte Garaikidearen Museoa, Foru Liburutegia eta Oteizaren Ikerketa Estetikoen Institutua bezalako funtzioak bilduko zituena. Proposamen haren harira orduko alkate zen José María Gorordoren dimisioa ekarriko zuen eztabaida luzea sortuko zen, eta bertan behera geratu zen azkenean.

2002. urtean hasi ziren berriro utzitako eraikina funtzio anitzeko espazio batean bilakatzeko lehen pausoak. Kudeaketaren promozio sozietateak (Bilboko Udalaren jabetzakoa) Philippe Starck frantsesa hautatu zuen proiektua aurrera eramateko. Egileak bere kutsu bakana utzi zuen eraikinean; sortzaile, diseinatzaile eta arkitektoa, esparru gutxi utzi ditu esploratu gabe, eta bere lana gizabidezko ekintza eta ekintza politiko gisa ulertzen du. Eraikuntza lanek 8 urte inguru iraun zuten, eta 2010eko maiatzaren 18an ireki zituen ateak AlhondigaBilbao aisialdi eta kultura zentroak. 2015eko martxoan, berriz, Azkuna Zentroa izena jarri zitzaion Bilboko alkate izandakoaren omenez.

Eraikin eraberrituak 43.000 bat metro karratuko azalera du. Liburutegia, zinema, jantokiak, gimnasioa, igerilekuak, parkingak, dendak eta beste hainbat funtzio hartzen ditu. Katalogatua izaki, kanpoko itxitura mantendu izanak inguruarekiko integrazioa eta irudi apaleko emaitza bermatzen ditu. Adreilu, beira eta arotzeria beltzezko itxitura soilak baretasun sentipena igortzen du. Ikusgarritasuna barnealderako gordetzen badu ere, kontzeptualki, Oteizaren proiektuarekin antzekotasunen bat baduela kontsidera liteke, hiru kubo independente txertatzen baititu plaza edo kale publiko bezala pentsatutako espazio unitario baten barnean. Kubo hauetako bakoitzean zentroaren hiru erabilera nagusiak banatzen dira: mediateka, kirol-jarduera eta programazio kulturala.

Atrio moduko espazio hutsak 15 metroko altuera librea du, gurutze formako hamabost zutabe metalikoren gainean kokatzen den laugarren solairuko estalkiraino. Espazio ireki honen inguruan antolatzen diren hiru bolumenak zutabe lodi batzuen gainean pausatzen dira, behe solairua libre utzita. Zutabeok Starckek espazio honen inguruan zuen ikuspegi zinematografikoaren interpretazioa dira, Lorenzo Baraldi eszenografo italiarrarekin elkarlanean ideiatuak, eta gizartearen historiako pasarte ezberdinak sinbolizatzen dituzte. Antzinatik izan diren estilo arkitektonikoen inguruko ikerketa ikonografiko baten ostean, 800 bat zutabe eskultorikoren diseinuak egin ziren, eta haietatik berrogeita hiru hautatu eta eraiki dira, material eta forma anitzekoak. Xehetasunak zaindu eta lantzeko moduagatik, zutabeak artisautza lanari egindako omenaldia ere badira.

Hiru bolumenen itxiturak adreiluzko panel aurrefabrikatuz eginak dira, eta atriora irekitako leihateak sekuentzia errepikakorrean antolatuak daude, multzoari batasuna eta baretasuna emanaz. Pasabide bitartez komunikatzen dira jatorrizko eraikinarekin, baina solairuen altuerari eta egiturari dagokienez guztiz independenteak dira. Mediatekak altuera erregularreko hiru solairu ditu, 30 x 38 metro inguruko oin errektangeluarra osatzen dutenak. Kirol-jardueren eraikinak, berriz, 39 x 45 metro inguruko bi solairu ditu, eta 30 metro baino gehiagoko argiak osatzen ditu egiturak. Programazio kulturalaren eraikinak ere hiru solairu erregular ditu, 22 x 38 metro ingurukoak. Lehen bi solairuak ekintza publikoetara bideratuak daude; hirugarrenean, berriz, atriotik ikus daitekeen esekitako igerileku batentzako euskarria aurkitzen da. Honen pisua dela eta, hirugarren eta laugarren solairuak batzen dituen zertxa moduko egitura berezia ezartzen da. Eraikinaren instalazioentzako erreserbatzen da gainontzeko espazioa.

Kontserbatu diren hormarte perimetraletako espazioak beira horma jarrai baten bitartez batzen dira eraikinaren barnealde hustura, egitura originala eta errefortzu metaliko berriak begi bistan utziaz. Atriorako erakusleiho handi hauetan jarduera autonomoak aurkitzen dira, jatetxe eta kafetegiak esaterako, edota jarduera nagusientzat espazio osagarriak.

Laugarren solairuko estalkiaren edo terrazaren gainean beste hiru bolumen altxatzen dira, barrukoekin jarraitasunean. Hauetako bi beirazko pasarte batez batzen dira eta igerilekuak kokatzen dira bertan. Hirugarrena, mediatekaren gainekoa, independentea da.

Eraikina Bilboko kultura eta elkarbizitzaren bilgune garrantzitsua bilakatu da, programazio anitza eta garaikide duena.