Zerbitzuak

Alecop Koop. Elkartea

Alecop Koop. Elkartea (Actividad Laboral Escolar Cooperativa) 1966an sortu zen, hain zuzen ere, ordura arte bi mundu ezberdin ziren ikasketa eta lan esparruak bateratzeko xedez; modu horretan ikasleei enpresa munduarekin benetako erlazioa edukitzeko aukera ematen die.

Mondragon Korporazioaren baitako enpresa da Alecop eta bere jarduera printzipala, beti ere hezkuntzaren kalitatea hobetzeko asmoarekin, gaiarekin erlazionatutako proiektu eta produktuak garatu eta eskuratzea da.

Etxean ez ezik, kanpoan ere hezkuntza proiektuak garatzen lan handia egin du Alecopek, eta estatu espainiarrean, besteen artean, ibilgailu-industria, elektronika, mekanika, erregulazio eta kontrola, teknologia zein telekomunikazioa sektoretako baliabide didaktikoen ekoizlea da.

Mondragon Unibertsitateko fakultate desberdinetako, zein goi eta erdi mailako hezkuntza zikloen ikasleek daukate Alecopen aritzeko aukera. Lan munduarekin aurreneko hartu-emanean egoteko abagunea daukate gazte horiek; formazioa lan esparru erreal batean osatzeaz gainera, aukera eman die, bai kooperatiba mundua baita bazkide kooperatibistaren irudia hasieratik ezagutzeko.

Bestalde, Hezkuntza Dibisiotik hainbat gai tratatzen ditu Alecopek. Besteen artean, sektorearen diagnosia eta aholkularitza lanak egin; hezkuntza proiektuak diseinatu, exekutatu eta ebaluatu; curriculuma diseinatu eta garatzeko eta irakasleak prestatzekoak planak burutzen ditu; baliabide didaktikoak diseinatu eta garatu: ikasgelako heziketa-parte-hartzeko proposamenetik hasi eta horiei ekiteko beharrezko diren ekipamenduetara. Eta hori guztia Eskola-Gizartea-Lan mundua multzoa ikuspegi integral batean hartuta.

Alecopek bere helburuak lortzeko, irakaskuntzako eta produkzio sistemako profesionalekin etengabeko harreman estuan lan egiten duten zenbait I+G talde ditu. Elkarrekikotasun horri esker, ondo ezagutzen ditu gizarteak heziketa-enpresa aldetik dituen beharrak.

  • Web orria Alecop Ateko [Kontsulta data: 2012ko urtarrilak 11].
  • Web orria Alecop [Kontsulta data: 2012ko urtarrilak 11].