Pintoreak

Aldecoa Arbulo, Adrian Maria

Pintorea, akuarelista, marrazkilaria, kartelgilea eta zaharberritzaile, Ignacio Aldecoa idazle bikainaren osaba izan zen; Gasteizen jaio zen 1887ko irailaren 7an. 1945eko abenduaren 16an hil zen Gasteizen bertan.

Gazte-gaztetatik arte jakin-mina erakutsi zuen. Lehendabizi Laureano aitaren tailerrean, hiriko dekorazio eta industria pintura tailer ezagunenetakoren jabea baitzen hura; ondoren, Gasteizko Arte eta Ofizio Eskolan ikasi zuen.

Ikasketak 1904ko urri hasieran eten zituen, Bordeleko Arte Ederren Udal Eskolara joan baitzen hezkuntza egonaldi baterako. Garonaren ertzean dekorazio arteko maisu Vettonen ikasgaiak jaso zituen, gero aitaren negozioan aplikatu zituenak. 1911ean Frantziara itzuli zen, Parisera. Zenbait hilabetez inpresionismoak finkatutako lan arrakastatsu batzuekin trebatu zen, eta hiriburuko museo nagusiak bisitatuz esperientzia jaso zuen.

Belaunaldi bereko artista gasteiztarren artean erraz nabarmendu zen. Diaz Olano maisuak, esaterako hasiera-hasieratik antzeman zion arte gaitasun bikaina. Are gehiago, ikasle ohia, batzuen hitzetan maisuaren gogokoena, margolan dotorean jaso zuen, 1911ean; gaur egun Arabako Arte Ederren Museoan ikus daiteke.

Familia tailerrean lan egiteaz gain, Aldecoa Arte eta Ofizio Eskolako irakasleen klaustroko kide izan zen 1918tik. Apainketa eta Objektu Zaharren eta Naturaren Kopia irakasten jarraitu zuen zendu zen arte.

Apain pinturari eta irakaskuntzari emana bizi zen; azken urteetan Arabako arte ondarea babesteko zerbitzuko ahalduna izan zen, eta arte asmoei erantzuteko tarte emankorra izan zuen, hainbat diziplinatik iritsi zaizkigun lan plural eta heterogeneoek erakusten duten bezala.

Halaber, jarduera askotan aritu zen, etxean zein beste leku batzuetan, baina ez da jaso bakarkako erakusketarik egin zuenik. Hala esan ohi da behintzat. Hala ere, posible da Donostian zenbait lan ikusgai izatea, bakarka, 1910eko udaberrian. Novedades aldizkari ilustratuak orrialde osoa eskaini zion garai hartan pintoreari.