Pintoreak

Aldecoa Arbulo, Adrian Maria

Hasiera-hasieratik jaso zituen aitorpen publikoak. 1903ko abuztuan Gasteizko I. Langile Lehiaketan hartu zuen parte, dekorazio estudio batzuekin. Hurrengo urteko edizioan, berriz, brontzezko domina irabazi zuen pinturaren alorrean; saria Martiniano Apellaniz Lopezek ere eskuratu zuen. Cabeza de estudio lana izan zuen erakusgai, lore gaiak lantzen zituzten bospasei margolanekin batera. 1908an margolan bat bidali zuen Zaragozako Erakusketa Hispano-Frantsesera. Lehen aldiz hartu zuen parte Madrileko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean, El chico del cacharro izeneko mihisearekin. Hiriburuko lehiaketetara beste sei aldiz ere aurkeztu zen: 1910ean El río, Chopera eta Álamos y chopos lanekin; 1912an La torera lanarekin; 1915ean Nire emazte, Nire alabatxo eta Cabeza de estudio margolanekin; 1917an paisaiaren aldeko apustua egin zuen Atardecer lanarekin, eta zenbait urtez aurkeztu gabe egon ondoren, berriz ekin zion lanari paisaiekin, 1930ean, Grises (Vitoria) margolanari esker; 1936an Nieve en Vitoria obrarekin aurkeztu zen.

Halaber, Buenos Airesko Nazioarteko Erakusketan izan zen, 1910ean, eta garaiko beste ekitaldi batzuetan ere, esaterako Tolosako Euskal Artisten Erakusketan, 1913an, Oñatiko eta Gernikako Erakusketetan, 1918an eta 1922an, dagozkien Euskal Ikasketen Kongresuek bultzatuta; horrez gain, Donostiako Euskal Aste Handian ere izan zen, 1928an, eta Euskal Artisten II. Erakusketan, Bilboko Arte Modernoko Aretoan, 1932an.

Gasteizko erakusketa kolektiboetan ere izan zen, ia guztietan. Hala, Arte eta Industriako III. Langile Lehiaketan izan zen (1916); Diaz Olano maisuari egindako omenaldian (1934), Artista Arabarren Pintura Erakusketan (1936), GYS galeriak Angel Saenz de Ugarteri eskaini zion omenaldian, 1943an, bi urte lehenago zendu baitzen, eta Arabako Pintoreen II. Erakusketan, 1944an; azken horrek Olagibel kaleko Aurrezki Kutxako Erakusketa Aretoa abuztuan inauguratzeko balio izan zuen.