Konposatzaileak

Albero Añanos, Sebastián Ramón de

Bere obra osoa tekladurako da. Aipatzekoak dira klabikordio edo pianoforterako (dakigunez, hitz hau erabiltzen duen lehen autore hispaniarra da) bere sei lanak: klabezinista aditua zen Fernando VI.ari eskeinitako eskuizkribu batean zeuden. Hauek, Madrileko Errege Kontserbatorioko Liburutegian gordetzen dira. Seirak egitura berdina dute: errezerkata, fuga eta sonata. Martin Morenok adierazten duenez gaitasun hau erregeari musika forma guztien, aintzinako nahiz modernoak, gaineko menderatzea zuela erakusteko zen. Errezerkatetan irudimen haundia erakusten da enarmonio, modulazio eta ustekabeko birekin, beti ere, erritmo askea baztertzen ez duen bat-bateko giroarekin. Hala ere, Diego Ortizen hariz landutako errezerkatak eta XVII. mendeko literatura klabezinista frantsesa gogorazten dizkigu. Fugak zabalak dira eta bertan argi gelditzen da hispaniar estilismoan duen musika teknikaren sendotasuna. Sonatak orokorrean, monotematikoak eta alderdi bikoak dira, eta garaiko musika abangoardiara hurbiltzen dira, bereziki C. Ph. E. Bach-en sentimenduzko estilora.

Klabikordiorako bere hogeita hamar sonatak aldiz, tonu, denbora eta izaera harreman bat jarraitzen duten bikoteetan elkartzen dira. 15 eta 30 zk. sonatak aske gelditzen dira eta benetan fugak dira, berriz ere Alberoren anbibalentzia azpimarratuz, teknika barrokoa eta preklasiko sentimentaltasunean berdin mugitzen baitzen.

Sebastian Alberonen lana ahazturik egon da urteetan zehar eta XX. mende bukaerararte ez zen berreskuratu: 1978an Genoveva Galvez eta Antonio Baciero instrumentista eta musikologoak, Madrileko Kontserbatorioko eta Veneziako Marciana Liburutegiko partituretatik habiaturik diska bat argitaratu zuten. 1978an Madrilen bere Treinta sonatas para clavicordio eta Obras para clavicordio y pianoforte argitaratu ziren. Hala ere, zalantzarik gabe, Albero XVIII. mendeko musika hispaniarreko musikari interesgarrienetakoa da.

KSE